Beñat Marmissolle. Ultratrail lasterkaria

«Amets handia izan da Hardrock lasterketan parte hartzea»

AEBetako Hardrock 100 Mile mendi lasterketan bigarren sailkatu zen duela aste batzuk Beñat Marmissolle. Zuberotarrak azaldu du lasterketa «berezia» dela, duen historiarengatik, gogortasunagatik eta parajeen edertasunagatik.

BEÑAT MARMISSOLLE.
Xalbat Alzugarai Etxeberri
2023ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
UTMB lasterketan faboritoetako bat izan arren, presiorik jabe joan zen Beñat Marmissolle (Atharratze, Zuberoa, 1981) Hardrock 100 Mile ultra lasterketa korritzera, Ameriketako Estatu Batuetara.«Esperientzia hau bizi izana eta bigarren heltzea gaitzeko momentua izan da», nabarmendu du. Javi Dominguez hirugarren izan zen. Marmissollek nabarmendu du ultra distantzian euskal korrikalariek duten maila.

Nolako lasterketa izan zen Hardrock?

Familiarekin egin dudan bidaia da. Momentu hauek bizi behar dira lasterketaren berezitasunak deskribatzeko, eta batez ere guk bizitakoaren indarra aipatzeko. Ez ginen sekula AEBetara joan, eta, traila han sortu zenez, guretzat biziki berezia izan da esperientzia. Amets handia izan da enetzat, Hardrock lasterketa munduko mitikoena baita. Mitoa bai, baina mendizale gisa ere amesten nuen Hardrock lasterketan parte hartzearekin. Gizakiaren aztarnarik gabeko mendietan ibili naiz, Euskal Herrian ez bezala; Coloradoko mendietako bake handia barneratzeko aukera ukan dut. Hiru astez, mendian anitz ibili naiz, hango naturako elementuak ezagutu ditut, eta AEBen inguruan nituen aurreiritziak desagertu zaizkit.

Nolako jendea topatu duzu?

Silvertonen egon gara, eta azpimarratuko nuke batez ere hango jendearekin ukan dudan harremana zoragarria izan dela. Lasterketaren ondotik, goresmen mezuak jaso ditut etengabe; hango biztanleen errespetua eta zintzotasuna nabarmenduko nituzke. Giza abentura zoragarria izan da, familia eta ene taldeko zein antolakuntzako taldearekin bizi izan dudana. Hain ederra izan da, non ez dudan deskribatzen ahal ere.

Zer asmorekin abiatu zinen lasterketan?

Ene helburu nagusia zen helmugara heltzea, eta lortu nuen. Gauza berria zen niretzat AEBetara joatea, eta, bistan dena, ohore tauladan izatea zen ene ametsa. Nazioarteko lasterkaldi baten ohore tauladara ailegatzea ezin adierazizko sentimendua izan da. Ezagutzen dut ene historia, badakit nondik natorren, eta badakit zer adinetan hasi nintzen lasterka. Ibilbide atipikoa dut, eta beste lasterkariez biziki ezberdina naiz. Esperientzia hau bizi izana eta bigarren heltzea gaitzeko momentua izan da.

Faboritoen artean zeunden, iaz Diagonal des Fous lasterketa (Reunion Uhartea) irabazi ondoren. Presio bereziarekin joan zinen lasterketara?

Presiorik gabe joan nintzen lasterketara. Abiatze marran naizelarik ez dut presiorik sentitzen. UTMBn ere faborito izanen naiz aurten. Badakit non dagoen ene lekua, eta badakit aurrekari biziki onak eta ni baino hobeak izanen ditudala. Baina nik ez dut amesten, umila naiz, ahal dudana egiten dut, eta dakidana egiten dut lasterketa ongi iragan dadin.

Ibilbide guztian bigarren postuan joan zinen. Irabazteko aukerarik ikusten zenuen?

Egia erran, lasterketan askotan eutsi nion lehen postuari, eta, ondorioz, bai ikusi nuela aski garbi irabazteko aukera.

Ontsa moldatu zinen altuerara?

Bai, bistan da. Biziki zaila izan zen, baina ongi moldatu nintzen Reunion uharteko desnibelarekin.

Nolako prestakuntza egin zenuen Hardrockerako?

Ez nuen aldaketa berezirik egin ene prestaketa fisikoan. Aldaketaz mintzo bagina, erran dezaket Hardrock lasterkaldiaren ezaugarri geografikoez jabetzeko, lehenago joan ginela Coloradora. Izan ere, hango mendiek 3.300 metroko goratasuna dute guti gorabehera. Horrez gain, tontor nagusienak 4.260 metroko goratasuna izanik, oxigeno kopuru apalagoak asko eragiten dio gorputzari. Erabaki ona izan zen lasterketako lekura lehenago joatea aurten.

Zein izan zen lasterketako momenturik zailena?

Arazorik handiena tripako mina izan zen lasterketan. Ezin izan nuen jan nahi beste. 74. kilometrotik aitzina biziki zaila izan zen.

Materialaren aldetik, nolako prestaketa egiten zenuen? Zer zapatila mota erabiltzen da halako lasterketa batean?

Material ona derrigorrezkoa da. Lanera gurpilik gabeko auto batean joaten bagina bezala izanen litzateke bestela. Lasterkari guztientzat biziki garrantzitsua da. Zapataren marka, pisua eta amortizazio maila ere lasterkari bakoitzari egokitua da. Behar-beharrezkoa da kalitate oneko materialarekin lasterka ibiltzea.

Nola elikatzen eta hidratatzen zara lasterketan zehar?

Behar duzu biziki ontsa elikatu lasterketan zehar. Bakoitzak bere ohiturak ukanen ditu elikatzeko, baina horiek ere derrigorrezko kudeaketa ona eskatzen dute lasterkariaren partetik. Hidratatzearen aldetik, mendien goratasunak eraginik, biziki garrantzitsua da ontsa hidratatzea; anitz edan behar da, lasterketan zehar deshidratatu egiten garelako. Nahiz eta ez dugun deshidratazio sentsaziorik, anitz edan behar da. Reunion uhartearekin konparatuz, Hardrockeko mendien goratasunarengatik etengabe hatsantua zara, zakur bat bezala, eta, ondorioz, gorputzak ur anitz galtzen du. Horren harira, mendian gora egin ahala, haizea biziki beroa eta biziki hotza izan daiteke, eta bi kasuetan deshidratazioa eragiten du. Izan ere, tranpa egin dezake haize hotzak, ez duzulako izerditze sentsaziorik gorputzean, nahiz eta ura galtzen segitzen duzun. Gorputz deshidratatuak ez du lasterketa segitzen ahalko.

Denek aipatzen duten bezain lasterketa berezia da Hardrock? Zergatik?

Historia luzea duelako gibelean. Erran dudan bezala, trail lasterketek AEBetan dute jatorria. Hardrock lasterketan zehar ibar anitz zeharkatu ditut, non urre bilatzaileen aztarnak badiren. Bidexka franko badira mendietan, garaiko meategien ondoan zirenak. Badira oraino hauen tolazko edo zurezko etxolen hondarrak, adibidez. Lasterka ibiltzen zarelarik, elementu historiko horietaz ohartzen zara. Ondorioz, ikus daiteke lasterketa horren gibelean historiaren pisua handia dela. Bukatzeko, azpimarra dezaket lasterketa hau klimaren aldetik biziki gogorra dela. Mendi tontorrak pasatzeko orduan, tenperatura negatiboak izaten ahal direlako: zero azpitik bi edo hiru gradu. Gainera, aurten elurte handiak izan dira Coloradon, elurrez beteriko parteak izan dira, honek ere lasterketa zaildu dit, baina, aldi berean, horrek egin du lasterketa honen mitoa eta edertasuna. Azken berezitasuna aipatzearren, animalia basatien kopuru handia aipa nezake. Lasterketa hasi eta arratseko zazpiak aldera, hartz handi baten aitzinean topatu naiz. Horrek ere, nire ustez, edertasuna ekarri dio aurtengo ibilbideari.

Nola indarberritzen zara ultra lasterketa egin ondotik? Zein dira zure ohiko indarberritze saioak?

Elikadura ohitura onak ukan behar dituzu eta ontsa lo egin behar duzu horrelako lasterkaldiez indarberritzeko.

Zein ezberdintasun ikusi dituzu Europako ultra lasterketen eta Hardrocken artean?

Nik uste dut neurri batean gauza bera direla. Herrialde bakoitza ezberdina da, bakoitzean lasterkariak ezberdinak dira, klima ezberdina da... Lasterketaren aldetik, gauza bera da kasik: abiatze marra baduzu, eta helmugakoa ere bai. Hala ere ,Europako lasterketekin konparatuz, nabarmenduko nuke AEBetan pacer bat ukaiteko eskubidea duzula. Hau da, lasterketaren puntu batetik aitzina eta helmugara arte, beste norbaitekin lasterka ibiltzeko hautua egin dezakezu. Ondorioz, lasterkari guztiek eskubide hori ukanik, lau pacer ukaiteko hautua dute helmugaraino, bakarrarekin ezin baita ibilbide guztia egin. Ni aurten kasik bakarra nintzen lasterketa pacer gabe egin duena. Batetik, Europan ez duzulako eskubiderik pacer bat ukaiteko. Bestetik, nahi nuelako naturarekiko esperientzia berezia bizi: soinuak, usainak eta lasterketari loturiko emozioak bakarrik nahi nituen bizi. Norbaitekin lasterka ibiltzeak abantaila anitz dakartza: animoen aldetik batez ere, eta azkartasunean irabaz dezakezulako. Norbaitekin bizitzekotan, ene hurbileko pertsona batekin eginen nuke, harreman aski estua dudan pertsona batekin izatekotan. Heldu den urteetan nire inguruko norbaitek egin nahi balu, egia erran, biziki pozik izanen naiz momentu emozionagarri hori partekatzeko tenorean.

Egia da, oro har, Europako lasterkariek arrakasta gehiago dutela AEBetan, baina estatubatuarrek anitzez gutiago Europako ultra lasterketetan? Zure ustez, zerk eragiten hori?

Egia da estatistika hauek erdizka sinesten ditudala. Estatu Batuetako lasterkariek ere maila biziki ona dute UTMBn, adibidez. Ados nago ez dutela sekula irabazi, baina ez naiz kezkatzen, eta seguru nago garaipena helduko zaiela laster. Amerikarrak azkarrak dira, eta, lasterkari gisa ere, horrelako orokortasunei kasu emanen nieke. Ez dut uste europarrok haiek baino hobeak garenik; lasterketako baldintzei eta testuinguruari loturiko parametroei lotu behar da lasterkari bakoitza. Uste dut zorteak ere gauza anitzetan eragiten duela horrelako lasterketetan.

Alderik bada AEBetako eta Euskal Herriko lasterketetan izaten den giroan?

Euskal Herriko lasterketak eta Italiako lasterketak biziki antzekoak dira giroari doakionez. Enetzat ederrenak dira. Italiarrak eta euskaldunak jarraitzaile onak gara, eta pasioz sustengatzen ditugu horrelako lasterketak. Estatu Batuetako giroa aipatzearren, ez da batere gauza bera.

Courtney Dauwalter, lasterketako lehen emakumea, laugarrenizan zen. Baina bakarrik 2 minutu eta 17 segundoren aldearekin gelditu zen Javier Dominguezen atzetik. Zer diozu eginiko lasterketaz?

Courtney Dauwalterrek lasterketa ikaragarria egin zuen, eta frogatu du gizonezkoen maila parekatzeko eta gainditzeko gai dela. Erakutsi du hamargarren eta bosgarren heltzen ahal dela gizonezkoen nazioarteko lasterketa ospetsuetan. Enetzat, Dauwalter Kilian Jornet femeninoa da mundu mailan azkenaldian. Maila handiko lasterkaria da, eta kirol mailan aurreiritzi guztiak hausteko gaitasuna erakutsi du, nazioarteko izarra bihurtuz.

Bi euskal korrikalari izan zineten podiumean. Horrek zer esan nahi du? Nola ikusten duzu Euskal Herriko ultra distantziako mendi korrikalarien maila?

Lasterkari ikaragarriak ditugu Euskal Herrian. Izan gizonezkoetan edota emakumezkoetan, maila biziki ona da. Ultra trailaren lur emankorra da Euskal Herria, dudarik gabe.

Munduko bi lasterketarik gogorrenetakoenetan podiuma zapaldu duzu. Iazko UTMBn seigarren izan zinen. Podiuma eskuragarri ikusten duzu 2024an?

Ez dut deus pentsatu oraingoz, egutegiak sasoiaren bukaeran egiten dira eta.

2023. urtea bukatzeko, zein izan daitezke helburu nagusiak?

UTMB ederra egitea eta Diagonale des Fous lasterketaz gozatzea izanen dira nire helburuak 2023ko denboraldia bukatzeko. Ez banaiz horretara heltzen, ez naiz asaldatuko eta orain arte lortutako garaipenekin biziki pozik nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.