Amaitutzat eman dute elurpean diren bi alpinisten erreskatea

«Desagertuta» ez, arrail batean «lurperatuta» daude bi mendizaleak, El Chaltengo Sorospen Batzordearen arabera. Azaldu du arriskutsuegia litzatekeela bilaketa lana egitea

unai etxenausia
2023ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Patagoniako Fitz Roy menditik jaisten ari zirela elur jausi batean desagertutako bi euskal alpinisten erreskate lanak bertan behera utzi dituzte,«behin betiko», El Chaltengo Sorospen Batzordeak jakinarazi duenez. Hasieran esan zuten eguraldiak hobera egin arte itxarongo zutela, eta zitekeena zela gaur horretarako modua egotea, baina modu seguruan bilatzeko modurik ez dagoela ikusi dute azkenean, ez baitago argi zenbatekoa den azpian duten elur masa.

Izan ere, sorospen batzordearen arabera, bi mendizaleak ez daude «desagertuta», baizik eta 48 ordu daramatzate arrail batean «lurperatuta». Azaldu du haien gorpuak bilatzeak «arrisku oso handian» jarriko lukeela erreskate taldea, eta horregatik eman dutela amaitutzat operazioa.

Iker Bilbao eta Amaia Agirre dira elurpean dauden bi alpinistak. Bilbao, Durangoko bizilaguna (Bizkaia), eta Agirre, Urnietakoa (Gipuzkoa), ostegunetik zeuden desagertuta, Argentina eta Txile arteko mugan. Fitz Roy mendia eskalatu ostean, jaistean ezbehar bat izan zuten ostegunean, mendiko glaziarrean: elur jausi batek harrapatu zituen. Hiru zihoazen soka batean—denak ere halako igoeretan arituak—; Linaza onik irten zen ezbeharretik. Hori dela eta, El Chaltenera (Santa Cruz, Argentina) jaitsi ahal izan zen abisua ematera.

Istripuaren berri izan ostean, sorospen batzordeak ibilbide bera egiten ari ziren baina oraindik istripua jazotako lekura iritsi gabeak ziren alpinistei eskatu zien erreparatzeko elur jausiak mendizaleak eraman zituen arrailari, bi alpinisten arrastorik bazen jakiteko. Izan ere, sorospen batzordeak argudiatu du ez zutela erreskatea aire bidez egiteko baliabiderik, eta, horrenbestez, beste moduren batean mendizaleak bilatuz gero, sei edo hamabi orduz atzeratuko zela erreskate lana. Tarte horretan bizirauteko aukera «nabarmen apaltzen» da, batzordearen esanetan.

100 metro luze, zortzi metro zabal eta hamabost metro sakon den arrail batera jausi ziren alpinistak, sorospen batzordearen arabera. Hala ere, ez dakite zenbateko hondoa duen arrailaren azpialdean dagoen eta bi mendizaleei eusten dien «elur tapoiak». Mendizaleak erreskatatzeko hainbat orduz arrailaren barruan arakatu beharko litzatekeela azaldu du, eta horrek arrisku handia duela.

Jaurlaritzak, erreskatea amaitutzat eman aurretik, laguntza eskaini die mendizaleen familiei, «behar dutenerako». Are, Jaurlaritzak Argentinan duen ordezkaritzak zuzeneko informazioa eman dio Gasteizko gobernuari, eta harremanetan dago Linazarekin. Horrez gain, Jaurlaritza harremanetan dago Espainiak Argentinan duen enbaxadarekin ere.

Uda da hego hemisferioan, eta garai honetan joaten da mendizale gehien Patagoniako mendietara. Hala ere, inoiz ez da eskalatzeko mendi erraza, Eneko Pou eskalatzaileak BERRIAri adierazi dionez. Are gehiago, eskalatzeko oso zaila da, «munduko zailenetakoa», Pouren hitzetan: «50eko hamarkadan eskalatu zen lehenbizikoz. Garai hartan eskalatu zuten Everest ere. Erronka handia izan zen bere garaian,eta oraindik ere bada. Eskalatzeko material guztia hobea dugu gaur egun, baina Fitz Roy oso mendi zaila izango da beti». Azkenik, argi utzi du Bilbao eta Agirre ez zeudela hor kasualitatez: «Eskalatzaile profesionalak ziren».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.