Amaiera zoriontsuko erreskatea Patagonian

Fitz Roy menditik hiru txiletar jaisteko salbamenduan parte hartu dute Tasio Martinek eta Ibon Mendiak. Hiltzat jo eta gero, droneen bidez ikusi zuten bizirik zeudela. Patagoniako «erreskate teknikoena» izan dela esan du El Chalteneko Sorospen Batzordeak.

Erreskatea Fitz Roy mendian
Denak onik. Erreskatatzaileak, Tasio Martin gorriz eta Facu Jios morez —haren aldamenean—, eta hiru txiletar erreskatatuak.
ramon olasagasti
2025eko martxoaren 1a
05:00
Entzun

Otsailaren 14an, El Chalteneko Sorospen Batzordeak (Argentina) larrialdi deia jaso zuen: hiru eskalatzaile txiletar, bi neska eta gizonezko bat, Fitz Roy mendikobide frantziar-argentinarrean zeuden, ez atzera ez aurrera, laguntza premian. Boluntarioz osatutako taldea da Sorospen Batzordea, eta zenbait eskalatzailek, medikuk eta erizainek hartzen dute parte; salbamendu lanetan aritzen dira Patagonian, mendigune hartan diren kanpoko eskalatzaileen laguntzarekin, sarritan.

Otsailaren 14 hartan, iluntzean, El Chaltenera iritsi ziren Ibon Mendia (Iruñea, 2002) eta Tasio Martin (Urduña, Bizkaia, 2000), leher eginda, aurreko egunetan Fitz Roy mendiko El Corazón bide gogorrean saialdi on bat egin ondoren. Biharamunean, otsailaren 15ean, atseden hartzen ari zirela, Sorospen Batzordeko bi lagun joan zitzaizkien bila, Angie Felgueras eta Carolina Codo medikua, hain zuzen. «Biak ikusi genituenean, pentsatu genuen: ‘ui, ui, ui, zer gertatzen da hemen?’. Eta txiletarren berri eman ziguten. Arratsalde hartan, jendea mendian zebilen artean, edo menditik behera jaisten, eta ez zen erraza izan erreskaterako jendea topatzea. Azkenean, Facu Jios eta Tomas Algañaraz Jaba —El Chalteneko bi gazte—, Ibon eta laurok abiatu ginen gorantz», azaldu du Martinek.

Sorospen Batzordeko kideek ez zuten informazio askorik. Hasieran nolabaiteko komunikazioa izan zuten txiletarrekin tarte labur batez, baina bateriarik gabe geratu ziren, eta haiekin hartu-emanik ez izateak asko zaildu zuen erreskatea. «Gauez heldu ginen glaziarrera. Lo kuluxka bat egin, goizeko ordu txikietan esnatu, eta hormaren oinarriraino joan ginen hilaren 16an, errimaiatik hurbil. Sekulako hotza egin zuen gau horretan, sekulakoa», azaldu du Martinek. Txiletarrak ez ziren mugitu ere egin aurreko arratsaldetik. Akabo, pentsatu zuten denek: bi egun zeramatzaten horman, hotz handia egiten zuen eta zuten desagertuen berririk batere. Sorospen Batzordeko kideek, herritik teleskopioarekin begira zeudenek eta operatiboko beste hainbatek eztabaidan aritu ziren, eta txiletarrak hiltzat jotzea erabaki zuten. «Une oso gogorra izan zen hori. Erabaki horrek jota utzi gintuen. Burumakur, beherantz hasi ginen denok».

«Hilaren 16an, 15:00 aldera, txiletarrak ikustea lortu genuen. Flipatu egin genuen: bai, mugitzen ziren, bizirik zeuden, eta jaisten ari ziren, baina oso-oso astiro. Orduan berriro aktibatu zen dena»

TASIO MARTINAlpinista

Laguna de los Tres aintzirara heldu zirenean, hara iritsi berriak ziren Ty Lekki —aspaldi El Chaltenen bizi den estatubatuarra— eta Leo Viamonte argentinarra, droneak zeramatzatela. Gailu horiek hegaldatzea eta txiletarrak izoztuta eta egiaz hilak zirela baieztatzea zen Sorospen Batzordeko eta erreskate taldeko kideen helburua. «Haizearen eta hodeien ondorioz, ez zen erraza izan droneak aireratzea, baina lortu zuten, eta hilaren 16an bertan, 15:00 aldera, txiletarrak ikustea lortu genuen. Flipatu egin genuen: bai, mugitzen ziren, bizirik zeuden, eta jaisten ari ziren, baina oso-oso astiro. Orduan berriro aktibatu zen dena», oroitu du Martinek.

Arratsalde hartan, Mendiak eta Jabak El Chaltenera bueltatu egin behar izan zuten. Mendiak etxerako hegaldia zuen handik bi egunera, eta Jabak ere beste konpromiso batzuk zituen. «Facuk eta biok, aldiz, aukera genuen berriro gora egiteko, eta halaxe egin genuen». Txiletarrakbide frantziar-argentinarretik ari ziren jaisten, Fitz Royren hego-ekialdeko aurpegitik. Haiengana heltzeko, Italiarren artekara eta ondoren La Silla esaten zaion lekura igo ziren Martin eta Jios. «Iluntzen ari zela iritsi ginen La Sillara. Gure esperantza zen haiek behera eta gu gora gindoazela ingurune horretan bat egitea, edo txiletarrak heltzear egotea. Halaxe izan zen, zorionez. Gu ordubete lehenago heldu ginen. Haizerako babes bat prestatu genuen, sekulako haizea eta hotza egiten baitzuen; elurra urtu genuen ur beroa izateko eta jateko zerbait prestatzeko... Bagenekien azkenetan etorriko zirela».

Txileko armadaren helikopteroa Fitz Roy mendian erreskate batean
Txileko armadaren helikopteroa Fitz Roy mendiaren glaziarrean lur hartzen. Inoiz ez da halakorik gertatu, Sorospen Batzordekoen arabera.

Dronea ikusita eta erreskatatzaileak gorantz zetozela ikusita, txiletarrak ohartu ziren laguntza bidean zela eta handik bizirik atera zitezkeela. «Ez dakit zer gertatuko zen beste gau bat horman iraun behar izan balute, ezer jan eta edan gabe, hipotermiak jota, zakurik gabe...». Txiletarrak Tasio Martin eta Facu Jiosengana iritsi zirenean, ikusi zuten nesketako batek izozte larriak zituela esku batean, eta bota bat ere galdu zuela beheranzkoan. «Mutilak hipotermia handia zuen, eta beste neska nekatuta eta deshidratatuta zegoen, baina zertxobait hobeto. Bizirik irauteko sekulako gogoa erakutsi zuten».

Tentuz egin zuten jaitsiera. Tarteka, izozteak zituena bizkarrean eraman behar izan zuten erreskatatzaileek, eta sokarekin eta materialarekin egin beharreko maniobra guztiak ere erreskatatzaileek egin zituzten. La Sillatik Italiarren artekarako bidea «zaila» izan zen, txiletarrentzat ez baitzen erraza aurrera egitea, nahiz eta zati hori ez izan sobera teknikoa. Artekatik, berriz, rappel lerro bat egin zuten ekialdera, haize babesean. «Elurrez eta izotzez estalita zegoen dena, eta rappela egiteko baldintzak nahiko onak ziren. Hor arriskurik handiena harriak jaustea izaten da, batez ere siku dagoenean eta beroa egiten duenean. Gauez eta baldintza haietan, arriskua ez zen hainbestekoa. Ni seguru sentitu nintzen; une oro Amaia eta Iker nituen buruan, eta horrek ere lagundu zidan. Beheko jendeak ere asko lagundu zigun argibide zehatzak emanez eta rappelak nondik nora ziren zehaztuz. Talde lan izugarria izan zen», nabarmendu du Martinek.

«Helikopteroa aireratu zenean, elkarri begiratu genion denok, eta biribilean jarrita saltoka hasi ginen, pozez, eta oihu egin genuen tentsioa askatzeko»

TASIO MARTINEskalatzailea

Goizaldean heldu ziren glaziarrera, 04:00 eta 04:30 artean. Han jende gehiago zuten zain: Juan Cruz Adrogue medikua eta Sorospen Batzordeko kidea, Sean Villanueva eskalatzaile ezaguna, Giacomo Meliffi eta Marco Cordin italiar gazteak... «Jende asko eta oso inplikatua». Hurrengo goizean helikoptero bat iritsi zen Txiletik, Santiagotik bertatik, glaziarrera. «Ez dakit inoiz gertatu den halakorik, Sorospen Batzordekoek ere ez zuten argi; helikoptero txiletar bat Argentinan sartzea, armadarena gainera, eta Fitz Royko glaziarrean lurreratzea».

Bi egunetan gorabehera ugari izan zituzten: igo, hiltzat jo, gero berriro esperantza, berriro gora... Baina, azkenean, onik atera ziren hirurak. «Helikopteroa aireratu zenean, elkarri begiratu genion denok, eta biribilean jarrita saltoka hasi ginen, pozez, eta oihu egin genuen tentsioa askatzeko. Batzuek elkar ezagutzen genuen, beste batzuek ez, baina denok eman genuen ahal izan genuen guztia, eta irrati bidez ere asko lagundu zigun jendeak».

Hango komunikabideek «erreskate heroikoa» eta antzeko hitzak erabili dituzte, eta gertakariaren epikotasuna nabarmendu. Sorospen Batzordeko kideek, aldiz, heroikotasuna alde batera utzita, «azken 30 urteotako erreskaterik teknikoena» izan dela nabarmendu dute. Martinek, berriz, «alpinisten arteko elkartasuna» azpimarratu du, den-dena utzi eta beharrean denari laguntzeko prestutasun hori. «Badakizu egoera horretan egon zintezkeela noizbait, eta jendearen elkartasuna sentitzea harro egoteko modukoa da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.