Felipe Uriarte
FUJI SAN-ETIK GOSAIKUND-ERA

Amaiera

2024ko abenduaren 4a
05:00
Entzun

Noiz hasten da bidaia? Eta noiz bukatzen? Bukatzen al da bidaia? Non dago gailurra? Gailurrean al dago gailurra? Zergatik etxera itzultzeko gogo hori? Zer dago etxean?

Etxean maite gaituztenak eta maite ditugunak daude. Horra hor egitatea. Denok nahi dugu maitatuak izan. Eta maitatu nahi dugu. Etxeko katuak maite gaitu, eta etxeko katua maite dugu. Etxean, hizkuntzaren ele ahantziak dabiltza, hauts siderala askatzen, tximeletek hegan egitean nola. Hitzek baitakarzkigute antzinako berriak.

Otoitz egin zenuen bidea luzea izan zedin, menturaz betea, ezagutzaz betea, baina ekipajean begiratu, eta gauza handirik ez duzula jaso iduritu zaizu.

Txakolin kopa argitsuaz harantzago, ume txiki-txiki bat igaro da patinetean, ez da oso urrun joango. Pozik hala ere, bere hanka txikiaz patineteari indarrez bultzatuz, haizeak kopeta ferekatzen diola.

Ondoko mahaian berba-jarioan emakume bi; haiekin eserita senarra, eta begi urdinak dituen gaztea. Semea?

Patango (Nepal) kale galduetan
Patango (Nepal) kale galduetan. FELIPE URIARTE

Etorbideko zuhaitzak kolore gorriz jantzita daude eta zorua hosto gorriz apainduta. Aulki batean emakume afrikar bat eserita, begirada aurrean galdurik. Wolof da haren hizkuntza, Muburu izena, eta une horretan, agian, bere herrixkan altxatzen diren baobab ederretan galdua du gogoa.

Epela dago azaroko ilunabarra. Abioiaren leihatilatik, eguzkitan, Anbotoko ipar-ekialdeko hormak ikusten dira; zertxobait harantzago, Astakurutz mendiaren magalean Otxandio herria pausaturik, eta bere plaza ederrean, frontoiaren petrilean eserita Josu Zabala soinu txikia jotzen. Leuna da doinua.

Hutsik dago plaza. Frontoiaren beste aldeko petrilean zakur bat, zuri-beltza, doinuari adi. Josuk soinuaren gainean burua ia pausaturik dauka, lo hartu duela dirudi; Otxandioko airean, leunkiro, leihoz leiho, kanta zabaltzen doa.

2024ko abenduaren 1a
Gaintza

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.