Alpeak dira eskiaren sehaska, eta Pierra Menta da Alpeetako mendi eskiko lasterketarik bereziena. Frantziako Areges-Beaufortain ibarrean jokatzen da, eta, txirrindularitzarekin alderaketa bat egite aldera, Frantziako Tourraren parekidea da. Ostegunetik igandera bitartean jokatu zen Pierra Mentaren 27. aldia, eta, ohiko legean, puntakoa izan zen ikuskizuna. 200 bikote lehian, lau etapa jokoan, 10.000 metroko desnibela, mendi ibilbide dotoreak eta elur baldintza egokiak. Eta ororen gainetik, festa, mendi eskiaren festa baita Pierra Menta.
Lasterketari erreparatuz gero, italiarren nagusitasuna erabatekoa izan da. Gizonezkoetan, Lorenzo Holzknecht eta Manfred Reichegger bikoteak irabazi du, eta haien atzetik sailkatu dira Denis Trento eta Matteo Eydallin. Italiarrak lauak. Pierra Menta hiru aldiz irabazi duen Kilian Jornetek Marc Pinsach adiskidearekin osatu du taldea, eta 7. sailkatu dira. Roberta Pedranzini eta Francesca Martinelli bikotearentzat izan da Pierra Menta emakumeen artean, eta Laetitia Roux eta Severine Pont sailkatu dira atzetik.
Euskal eskiatzaileak gustura
Urtero legez, mendizale eta eskiatzaile talde bat joan da Euskal Herritik Alpeetara. Urrun dituzte aurreko postuak, baina gozatu egin dute Pierra Mentarekin. Bi bikotek parte hartu dute, eta biak paretsu ibili dira; Juanjo Goikoetxeak eta Javier Tirapuk 71. bukatu dute, eta Aitor Otxoak eta Igor Alzelaik 75. postuan. Laukoteaz gain, Gorka Galdosek ere parte hartu du, Mark Kunze suitzarrarekin taldea osatuz, eta 107. sailkatu dira. Azken urteetan antolatzaileekin bideak prestatzen aritzen den Andoni Areizaga eta proba ikustera joandako lagun multzoa gehitu behar zaizkio Pierra Mentan parte hartu duen boskoteari. Haientzat ere festa izaten da urtero Pierra Menta.
Boskotetik Aitor Otxoa da beteranoa, hamargarren Pierra Menta izan du; estreinakoz parte hartu dute Tirapuk eta Alzelaik. Gustura itzuli dira guztiak. «Ongi moldatu gara, eta helburuak bete ditugu. Hamar urtean halako ibilbiderik eta baldintzarik gutxitan ikusi dut», dio Otxoak. Grand Mont mendira igotzen den etapa izaten da bereziena, hirugarrena; milaka ikusle igotzen dira mendira, eta inguru hartako herritarrak erabat prest agertzen dira antolaketan laguntzeko.
Mendia
Altuerako Pierra Menta
Italiarrak nagusi izan dira Alpeetako mendi eskiko proba ezagunean; bost euskal eskiatzailek parte hartu dute festa zurian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu