Alpeak, giza ahalaren mugetan

Kilian Jornet Alpeetako 82 laumilakoetara igo da 19 egunetan, oinez eta korrika, mendigune batetik bestera joateko bizikleta erabiliz. Ueli Steck suitzarrak 62 egun behar izan zituen, eta Franz Nicolini eta Diego Giovannini gidari italiarrek, 60 egun.

Kilian Jornet 'Alpine Connection' proiektuan
Kilian Jornet, Mont Blanc mendiguneko etapetako batean. LYMBUS
ramon olasagasti
2024ko irailaren 3a
10:00
Entzun

Jorneten beraren hitzetan, inoiz egin duen «gauzarik zailenetakoa» izan da Alpine Connections  proiektua, «bai alderdi fisikoari eta teknikoari dagokionez, bai alderdi mentalari dagokionez». Zenbakiak, hotz-hotzean, harrigarriak dira: 4.000 metrotik gorako 82 gailur bata bestearen atzetik, horietako asko oso-oso teknikoak, 18 eguneko jarduera eta egun bateko atsedena, nekeagatik eta mendiko baldintza kaskarrengatik, batez beste 17 ordu ibilian etapa bakoitzeko, 1.207 kilometro eta 75.344 metroko goranzko desnibela, 267:45:16 orduko jarduna, batez beste 5 ordu eta 17 minutuko loa egun bakoitzeko, %87 oinez edo korrika, eta %13 bizikletan...

Mendiko inoizko korrikalaririk handiena da Kilian Jornet, atleta ikaragarria, trailaren mundua irauli zuen kirolaria, trail running-a mendi munduaren erdigune bihurtu duena, marka askoren negozio barruti eta zale askoren grina. Baina Jornet ez da lasterkari soila, alpinista ere bada, mendiko eskiatzailea ere bada, inoizko onenetakoa horretan ere (lau aldiz irabazi du, esaterako, Pierra Menta), mendizale osoa da, eta horren erakusle da egin berri duena: Alpeetako laumilako guztiak kateatu ditu eskalada, traila, alpinismoa eta txirrindularitza uztartu dituen jardun hibridoan. Giza ahala muga-mugaraino eraman du, erronka logistiko izugarria gainditu du mendigunetik mendigunera eta gailurretik gailurrera «lerro logikoena aurkitzeko ahaleginean», berak ez beste inork egin ezin zuena egin du, eta marka gaindiezin bat (?) utzi du historiarako. Aurrez, 2008an, Franz Nicolini eta Diego Giovannini gidari italiarrek 60 egunetan osatu zuten erronka, eta Ueli Steck suitzarrak 62 egun behar izan zituen 2015ean. Jornetek, beraz, haien denboraren herena behar izan du.

Korrikalari kataluniarrak abuztuaren 13an ekin zion erronkari, Suitzako Saint Moritz herrian, Sierre Zinal proba entzutetsua hamargarren aldiz irabazi berritan: Philemon Kiriago kenyarra esprintean garaitu zuen, bi segundo eskaseko tartearekin, eta probaren errekor berria ezarri zuen, gainera. Lehen egun hartan Piz Berninara igo zen Jornet, eta, ondoren, 212 km egin zituen bizikletan. Biharamunean, Oberland eskualdean, beste hiru laumilako eskalatu zituen, Lauteraarhorn, Schreckhorn eta Finsteraarhorn, ertz zorrotz bati jarraituz «konpromiso handiko eskalada serioan». Biharamunean, Oberlandeko mendigunean bertan, ordu gutxi batzuk lo egin eta beste sei menditara igo zen. Etapa horretan 99 km eta 7.890 metroko desnibela gainditu zuen 32 ordu eta erdiko jardunean. Valaisera jo zuen gero, eta beste 11 menditara igo zen pare bat egunetan, hasieran Matheo Jacquemoud lagun zuela eta ondoren Genis Zapater. Biak ondoan zituela igo zen Cervinora zortzigarren etapan, baita Dent d´Herens eta Dent Blanchera ere. Zeharkaldi alpinoaren erdibidea zuen, 44. laumilakoa.

'Alpine Connections' proiektuaren laburpen bideoa.

Valaiseko laumilakoen ondoren, Zinalera itzuli zen. «Ziklo gogorra izan zen Valaisekoa, baina baita ederrenetakoa ere. Lau egun jarraian batez beste 19 orduz ibili naiz egunean», adierazi zuen. Zinalen, Ober Gabelhorn, Zinalrothorn, Weisshorn eta Bishornera igo zen, eta zain zituen lantaldea eta ama, «animoak goratzeko». Bizikletako trantsizioa eta atseden eguna etorri ziren gero. «Egun horretan saiatu nintzen asko jaten eta edaten, eskuetako eta oinetako larruazala sendatzen eta hurrengo ekinaldi luzerako prestatzen».

Grandes Jorasses, Mont Blanc...

Courmayeurretik alpinismoaren mendi enblematikoenetako bat eskalatu zuen hurrena, Grandes Jorasses, Matheo Jacquemod, Michael Lanne eta Bastien Lardat lagun zituela. Mendiaren ertz osoa zeharkatu zuen (Walker, Whymper, Croz...) Torino aterperaino. 28 kilometro eta 4.200 metroko goranzko desnibela osatu zituen egun horretan, 4.000 metrotik gorako zortzi menditara igotzeko. 58 zeramatzan jada. Mont Blanceko mendigunean barneratu zen gero. Mendigune horretako lehen etapan Aiguille Verte eta Les Droitesera igo zen, besteak beste. Eta bigarrenean, 29 ordu pasatxoko jardunean, beste 16 gailurretara, Mont Blanc bera tartean (bi aldiz igo zen, bigarrenean Brouillard mendilerrorantz jotzeko). Eccleseko bibakean lau orduko lo kuluska ere egin zuen, Grand Pilier d’Angle eta Aiguille Blanche de Peuterey mendietako tarte teknikoenak eskalatzeko baldintza egokien zain.

«Proiektu harrigarria izan da, egin dudan gauzarik zailenetakoa, bai alderdi fisikoari eta teknikoari dagokionez, bai alderdi mentalari dagokionez»

KILIAN JORNETMendi korrikalaria

Proiektuaren azken zatia Gran Paradisoko Parke Nazionalean (Italia) osatu zuen, eta bizikletako etapa luze batean Ecrinseko Parke Nazionalarekin lotu zuen gero: han igo zen proiektuko azken bi laumilakoetara, Dome de Neige des Ecrins eta Barre des Ecrins. Larunbatean, abuztuak 31, bukatu zuen Kilian Jornetek zeharkaldia. Hala adierazi zuen amaieran: «Proiektu harrigarria izan da, egin dudan gauzarik zailenetakoa, bai alderdi fisikoari eta teknikoari dagokionez, bai alderdi mentalari dagokionez. Hogei egunetan kontzentrazio erabatekoari eusteko energia handia behar da, baina harrigarria izan da. Egunsenti eta ilunabar guztiak eta mendian ondoan izan ditudan lagun guztiak ditut gogoan, eta oso pozik eta harro nago hiru asteotan lortutakoarekin».

Mendian lagun izan ditu Philip Brugger, Matheo Jacquemoud, Genis Zapater, Alain Tissier, Michel Lane, Bastien Lardat, Noa Barrau, Henry Aymond, Emily Harrop eta Benjamin Vedrines, berriki K2ra igo eta parapentean jaitsi den alpinista puska azken hau ere. Bizikletan, berriz, Jules Henri eta Vivien Bruchez. Logistikan eta filmaketan lagun talde txiki baten laguntza izan du elikadurari eta materialari dagokienez, eta bidean, unean-unean, Alpeetako zenbait gidari eta aterpezainen laguntza ere izan du.

Alpinismoaren historian edo bederen Alpeetako historian mugarri bat ezarri du Jornetek, egin duena alpinismotzat har daitekeen ezbaian jarriko duenik izango da eta. Argudiatu daiteke alpinismoa, arestian, beste era batera neurtzen zela, zailtasunean, konpromisoan.... baina garaiak aldatuz doaz, eta gaur egun Garmin, Suunto eta halakoetan neurtzen dira jarduerak, minutu eta segundotan, metatutako desnibelean... Nolanahi dela ere, Jornetek korrikalari ez ezik alpinista osoa ere badela erakutsi du bere ibilbidean, eta, oraingo honetan, alpinismo klasikoaren mugak hautsi ditu. Berak ez beste inork irudikatu ezin zezakeena gauzatu du, harago joan da, gizakiaren ahalaren mugetaraino, eta alpinismoak hori ere izan du helburu beti.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.