Alonso eta Campos txapeldun Izaban

Euskal Herriko bakarkako eta kronoigoerako txapelketak irabazi dituzte Axier Alonsok eta Igone Camposek, Bandres-Karolo proban

Kronoigoera. Parte hartzaileak hamarreko taldeetan abiatu ziren herenegun. JOSERRA ALONSO.
Unai Ugartemendia.
Izaba
2019ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Zalantzarik ez. Bi burutan geratu dira lau txapelak, Axier Alonsok eta Igone Camposek irabazi baitzituzten, asteburuan, Euskal Herriko bakarkako eta kronoigoerako mendiko eskiko txapelketak. Camposek berak irabazi zuen Bandres-Karolo proba ere. Gizonetan, berriz, Ivan Cuesta kantabriarra izan zen garailea.

Zortzigarren urtez jokatu zen Izaban (Nafarroa) Bandres-Karolo mendiko eskiko lehiaketa. Aurreko urte askotan ez bezala, eguraldia lagun izan zuten asteburu guztian. Antolakuntzak nahi zituen ibilbideak egiteko aukera izan zuen, bai bakarkako lasterketan, bai kronoigoeran: larunbatean, 21 kilometroko eta 1.850 metroko desnibel positibokoa, Lakhura mendiaren bi isurialdeetan; igandean, berriz, 800 metroko desnibel positiboa, Larrondo mendiko gailurrera iritsi arte.

Axier Alonso oñatiarrak gogotsu zegoela adierazi zuen lasterketaren aurretik, eta, gauzak ondo eginez gero, Euskal Herriko txapeldun izateko aukera handiak zituela ere konturatu zen. Beldurrik gabe atera zen hasieratik, eta, behin lasterketan bere lekua hartuta, erregular izatea besterik ez zuen falta. Bakarkako lasterketan, ibilbidearen desnibela baliatu zuen garaipena lortzeko. Igandeko jardunean, kronoigoeran, igotzaile aparta dela berretsi zuen berriro ere.

Bakarkako lasterketan Aitor Ajuria gaztea eta Lander Alvarez beteranoa izan zituen podiumeko kide; kronoigoeran, berriz, Alvarezen tokia Jon Ander Aranburuk hartu zuen.

Dena den, Ivan Cuesta izan zen Bandres-Karolo probako irabazlea, bi egunetako lasterketak aintzat hartuta. Haren atzetik sailkatu ziren Wilfrid Jumere, Juan Torres eta Natxo Cabal. Sailkapen orokorrean bosgarren sailkatu zen Axier Alonso.

Alonso Pierra Mentan izango da bi aste barru. Izaban omenaldia jaso zuen Aitor Otxoa herritarra izango du bikote lau egunean.

Camposek bi egunetan erakutsi zuen oso sasoiko dagoela. Denboraldi hasierako apustua emaitzak ematen ari da. Larunbatean, ibilbidearen gogortasunaz baliatuz, bost trantsizioetan erakutsitako gaitasunak irabaztera eraman zuen. Igandean, berriz, agerian utzi zuen maldak gogortzen direnean gutxi bezain ondo moldatzen dela. Haren atzetik sailkatu ziren Uxue Fraile eta Laura Sola. Hurrengo lasterketa Pierra Menta izango du, Frantzian, Jon Ander Aranbururekin bikotea osatuz.

Antolatzaileak, pozik

Ez da erraza izaten denen gustuko mendiko eskiko ibilbideak egitea, baina aurten bete-betean asmatu dute Bandres-Karolo probaren antolatzaileek. Fermin Ilarregi ibilbideetako arduraduna pozik zegoen igandeko bazkarian: «Gutxitan bezalako eguraldia izan dugu, eta horrela dena errazago da». Antizikloia lagun izan zuten aste guztian, eta ibilbide teknikoagoa eta kronoigoera ezberdina egiteko aukera izan zuten lasterketan: «Antolakuntzak izugarrizko lana egin du. Eskiatzaileentzat onenak izan zitezkeen ibilbideak moldatzen saiatu gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.