Alex Txikon: «Osasuna guztiaren gainetik dago, eta etxera itzultzea da garrantzitsuena»

Alpinista lemoarra etxera itzuli da Annapurnatik, kanpaleku nagusian zela apendizitisak erasan eta Katmandun premiazko ebakuntza egin ondoren. «Ideia berriekin itzuliko naiz, eta Himalaian neguaren mugak aztertzen jarraitzeko grina berarekin», esan du.

Alex Txikon eta Eneko Garamendi laguna, Loiuko aireportuan.
Eneko Garamendi eta Alex Tixkon, gaur eguerdian Loiuko aireportura iritsi berritan. BIOK
ramon olasagasti
2025eko urtarrilaren 10a
15:30
Entzun

Alex Txikon gaur eguerdian iritsi da etxera. Abenduaren 27an, Annapurnako kanpaleku nagusira iristeko ordu bat baino gehixeago falta zela, apendizitis larri batek erasan zion, eta, ondorioz, Katmandura ebakuatu behar izan zuten. Nepalgo hiriburuan bertan egin zioten ebakuntza, eta gerozko egunetan han egon da, osatzen. Gaur eman ditu gertatutakoari buruzko azalpenak, Loiuko aireportura iritsi berritan: «Min handia sentitu nuen, inoiz ez bezalakoa, eta, hain leku bakartuan nengoenez, beldurtu egin nintzen. Taldearen esku hartze azkarrari esker, Katmanduko ospitalera eraman ninduten, eta han ebakuntza egin zidaten. Ondo joan zen dena».

Txikonek egun hauetan babesa eman dioten guztiei eskerrak eman dizkie Euskal Herrira iritsi berritan. «Eskerrak eman nahi dizkiet Katmanduko mediku taldeari, espedizioko kideei eta distantziatik animo mezuak bidali dizkidaten pertsona guztiei. Mendizaletasunean eta bizitzan komunitatea zein garrantzitsua den gogorarazteko dira maitasun adierazpen hauek guztiak», nabarmendu du.

Etenaldia proiektuan

#OdysseyAnnapurna25 espedizioa erronka bat zen Txikonentzat. Aurrez Nanga Parbatera eta Manaslura neguan igo ondoren, Annapurnan gauza bera egitea zuen asmoa. Jerzy Kukuczka Yurek eta Artur Hajzer, Himalaian inoiz izan den sokaldirik indartsuenetakoa, 1987ko otsailaren 3an heldu ziren Annapurna gailurrera (8.091 m), ipar aurpegitik. Neguko lehen igoera izan zen hura, eta geroztik ez da beste inor igo neguan Annapurnara. Txikonen asmoa, beraz, Kukuczka eta Hajzerren urratsei jarraitzea zen. Iaz ere mendi berean saiatu zen lemoarra, baina, baldintza zailen ondorioz, espedizioa bertan behera utzi beharrean izan zen.

«Ideia berriekin itzuliko naiz, eta Himalaiako neguaren mugak esploratzeko grina berarekin»

ALEX TXIKONAlpinista

«Muga fisikoak gainditzea ez ezik mendiarekin modu puru eta benetakoan konektatzea ere eskatzen duen erronka bat da Annapurnakoa. Hala ere, osasuna guztiaren gainetik dago, eta etxera itzultzea da garrantzitsuena», nabarmendu du Txikonek Loiun. Ez du erabateko etsia hartu, hala ere: «Mendiko proiektuak ez dira mugatzen lortutako gailurretara; ikaskuntza prozesuak eta bizitako esperientziak ere badira. Ideia berriekin itzuliko naiz, eta Himalaiako neguaren mugak esploratzeko grina berarekin», esan du Txikonek, baina orain erabat osatu nahi du aurrena.

Txikonen taldekideak, hots, Cheppal xerpa, 2016tik honako espedizio guztietan lagun izan duena eta 32 zortzimilako igotakoa, Matia Contte italiarra, Waldemar Kowalewski poloniarra eta Sajid Sadpara pakistandarra, Annapurnan geratu dira, oraindik ere mendian lanean, eta Txikonek adierazi du une oro haiekin harremanetan dagoela eta haiekin duela gogoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.