Alex Txikon kanpaleku nagusira jaitsi da, hirugarren kanpalekuko biltegia arrakala batean galdutzat eman ondoren

Taldea Annapurnaren hirugarren kanpalekura (6.400 metro) heldu da gaur goizean, baina, izotz egitura baten kolapsoaren ondorioz, kanpaleku hartan utzia zuten biltegia desagertu egin da. Gora jarraitzeko materialik gabe, kanpaleku nagusira jaitsi dira.

Alex Txikon Annapurnan
Alex Txikon eta Moises brasildarra hirugarren kanpalekutik Annapurnako kanpaleku nagusira iristen. ANDRES NAVAMUEL
ramon olasagasti
2024ko urtarrilaren 11
17:10
Entzun

Alex Txikon eta haren taldea Annapurnaren hirugarren kanpalekura iritsi dira gaur goizean, mendiko hirugarren errotazioan, baina han aurkitutakoak jota utzi ditu: izotz egitura handi bat erorita zegoen, eta bertan utzia zuten biltegia, desagertuta. Bihar, eguraldia lagun, gailur aldera ateratzea zen taldearen asmoa, baina biltegi horretako materiala ezinbestekoa zuten gorantz jarraitzeko. Hor zituzten, esaterako, gailurrerako bidea ekipatzeko hesolak, izotz torlojuak, 2.000 metro soka, gasa, 3 snowbound denda... Horiek guztiak «desagertu» egin dira. «Hirugarren kanpalekuko biltegi osoa galdu dugu, eta ez haizeagatik, izotz egituretako baten kolapsoagatik baizik. Kanpaleku honetan genuen ia material guztia desagertu da, hari bobina batzuk izan ezik», azaldu du Txikonek.

Alex Txikon Annapurnan
Alex Txikonen taldekideetako bat, arrakala sortu den inguruan, materiala bilatzen. ALEX TXIKON

Antza denez, biltegia zegoen eremuak amore eman du, arrakala handi bat eratu da, eta arrakala horren barrunbeetan desagertu da dena. «Ingurune zaila da, izotz jauzi baten antzekoa, serac multzo batez eratua. Annapurnako baldintzak zailak dira oraintxe: prezipitaziorik ez dago, eta tenperaturak oso hotzak dira. Oraintxe, mendian ez dago ia leku segururik», jakinarazi du alpinista lemoarrak. Hori dela eta, kanpaleku nagusira itzuli da talde osoa.

«Annapurnako baldintzak zailak dira oraintxe: prezipitaziorik ez dago, eta tenperaturak oso hotzak dira. Oraintxe, mendian ez dago ia leku segururik».

ALEX TXIKONAlpinista

«Pena handia izan da, oso indartsu gaudelako eta hirugarren kanpalekutik beheraino itzuli behar izan dugulako bigarren aldiz. Baina ez genuen gora jarraitzeko materialik», jakinarazi du. Orain, talde osoa Annapurnako kanpaleku nagusian dago, atseden hartzen eta mendiak datozen egunetan zer aukera emango ote dituen aztertzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.