Alex Txikon alpinistaren espedizioa aurrera doa Annapurnan (8.091 metro). Lemoako alpinistak eta hari laguntzen ari den taldeak egun batzuk egin dituzte beheko kanpalekuan, eta, egokitzapen egun batzuen ostean, lehen kanpalekura igo dira gaur, eguraldi ona aprobetxatuz. Iragarri du «datozen egunetan» egingo dutela tontorrera igotzeko saiakera. «Burua eta motxilak prest ditugu. Baikor gara eguraldiarekin, eta orain estrategia prestatu behar dugu igoerari heltzeko. Burua hotz dugula hartuko ditugu erabakiak. Gozatu egin nahi dugu». Urtarrilaren 2 eta 4 artean eguraldia ere ona espero dute, eta litekeena da orduan egitea ahalegina.
Gaur lehen kanpalekuan igaroko dute gaua, eta bihar joko dute bigarrenerantz. Txikoni ez zitzaion askorik gustatu bigarren horren kokapena, eta ez du baztertu lekuz aldatzea. Horren ostean, hirugarrenera igoko dira, ziurrenik zatirik zailenera. Laugarrena 7.000 metro ingurura egongo da kokatuta.
Txikonen asmoa da igoera ipar aurpegitik egitea. Bide hori erabili zuten Maurice Herzog eta Louis Lachenal frantziarrek 1950ean. Igotzea lortuz gero, neguan lortuko lukeen hirugarrena izango litzateke. 2016an Nanga Parbat mendira igo zen, eta aurten, urtarrilean, Manaslura.
Joan aurretik azaldu zuen zergatik aukeratu zuen Annapurna igoera honetarako: «Mendiak ez ditugu aurrekontuan oinarrituta bakarrik aukeratzen. Trangoko Dorreen artean oinez nindoala eta liburua idazten ari nintzela etorri zitzaidan burura Annapurna igotzeko ideia. Oso irrazionala da. Beste pertsona batekin maitemintzen garenean gertatzen denaren antzekoa izaten da. Guri hori gertatzen zaigu mendiekin. Oraingo honetan Annapurna egokitu da, baina ez galdetu zergatik izan den».
Igotzen badu, neguko espedizioen historian sartuko da, Simone Mororekin eta Krzysztof Wielickirekin batera. «Ezin dira garaiak eta neguak alderatu. Bi alpinistek izen handia dute zortzimilakoen historian. Morok, esate baterako, lau zortzimilako igo ditu neguan; Wielicki poloniarrak ere hiru. Niri ere izugarrizko ilusioa piztuko lidake Annapurna 1987an Jerzy Kukuczka eta Artur Hajzer poloniarrek igo zuten bezala igotzeak. Bi urtez jarraian eta neguan igotzea gauza handia litzateke, eta izugarri motibatuta nago. Iazkoa egin eta gero, indarberrituta nabari dut neure burua aurtengo. Oso urte gogorrak eta zailak izan ziren aurrekoak, eta espedizio batzuetan ia ez genuen 6.000 metrotik pasatzeko aukerarik izan. Aldagai horiek guztiak kontuan hartuta, zalantzan jartzen nituen neguko espedizioak».