Mendizaletasuna ez dago erabat galduta. Protagonismo nahiaz, diruzalekeriaz eta umekeriaz harago, kirol gizatiarraren aldeko irrintzia entzuten hasi da mendi tontorrean. Alberto Iñurrategiren Porrotaren alde proposamena ikusi eta entzun ahalko da gaur, Tolosan. Balioak itzultzeko beharrez mintzatuko da mendian behatzak baino gehiago galdu dituen kirolaria.
Porrotaren alde hitzaldi, afari eta solasaldia Galtzaundik antolatu du. Oargi Mendi Elkartean, lagun giroan eta talde txikian egingo da. Irudia eta hitzaren bitartez, bere filosofia azalduko du Iñurrategik. «Mendia kutsatu egin da garaipenaren idolatriarekin», dio. «Nik, behintzat, ikasi dut, inguruan izan dudan jendeak horrela irakatsita, ustezko porrotak badituela elementu interesgarri pila bat».
2000. urtean Felix anaia galdu zuen mendian. Kirola utzi edo ez utzi hausnartzen ibili ondoren, jarraitzea erabaki zuen, eta 2002rako munduko 14 tontor garaienak igoak zituen; munduan halakorik lortzen hamargarren kirolaria da.
Ekitaldirako sarrera gutxi geratzen ziren atzo (25 euro, afaria barne). Horietako bat lortzen ez dutenek beste aukera bat izango dute urriaren 26an, Arrasaten (Gipuzkoa), Kulturaten.
'PORROTAREN ALDE'
Noiz. Gaur, 19:30etik aurrera.
Non. Oargi Mendi Elkartean (Tolosa, Gipuzkoa).
Alberto Iñurrategiren porrota
Kirolaria ez dator bat mendizaletasunak hartu duen kutsuarekin, eta bere filosofia azalduko du gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu