Aizpururen keinua eta Gourdonen garaipena Euskal Raiden

Unai Ugartemendia.
2018ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Bata baionarra, Yannick Gourdon; bestea beasaindarra, Jon Aizpuru. Biak ala biak, ultra distantzietan nabarmendu diren bi korrikalari. Baigorrin (Nafarroa Beherea) ostegunean hasi eta larunbatean amaitu zen Euskal Raid probetako eta festako protagonista nagusiak izan ziren.

Ostiralean 05:00etan hasi zuten lasterketarik luzeena, ultratraila: 130 kilometro eta 8.000 metroko desnibel positiboa. Gourdon eta Aizpuru ziren garaipena lortzeko bi faboritoak, eta hasieratik agerian utzi zuten beren maila.

Gourdonek irabazi zuen. Garaipenak istorio berezi bat du, ordea. Baionarra azken urteetan beti ondoan izaten zuen laguna galduta azaldu zen lasterketara. Berez, egutegian sartu gabe zuen lasterketara. Helburu bakarrarekin ekin zion lasterketari: galdutako lagunari eta senitartekoei garaipena eskaintzea.

«Alde nabarmena ateratzen genion hirugarrenari, eta igoera batean komentatu zidan berak ez zuela lasterketa egiteko asmorik, baina lagunarena gertatu ostean, omenaldi bat egiteko aukera ikusten zuela», kontatu du Aizpuruk. «Niri ere arrazoi ederra iruditzen zitzaidan».

Gourdonek eta Aizpuruk elkarrekin egin zuten ibilbide ia guztia. Azken kilometroetan zeudela, helmugara elkarrekin iristea proposatu zion Gourdonek Aizpururi. Halakoak ez dira ezohikoak mendiko lasterketetan. Aizpuruk, ordea, keinu bat egin nahi izan zien Gourdoni, hark galdutako lagunari eta haren senideei. «Nik zera esan nion», azaldu du Aizpuruk, «balio handiagoa zuela bera bakarrik iristeak eta bera izatea protagonista, lagunaren senitartekoekin».

Esan eta egin. Gourdon iritsi zen aurrena. 16 ordu eta 25 minutu behar izan zituen 130 kilometroak egiteko. Aizpuru minutu eta erdira sartu zen. Irabazleak adina txalo jaso zituen. Biek ikurrina eskuetan egin zituzten azken metroak.

Hogeita bigarren ekitaldia zuen aurtengoa Euskal Raid jaialdiak. 3.200 korrikalari elkartu ziren asteburuan Baigorrin, bost lasterketetakoren batean parte hartzeko. «Zoriontsu gaude aurten ere emaitzarekin», azaldu du Christian Ozafrain antolatzaileak. «Ultra distantzian, gainera, marka jarri dute».

Lasterketek eskualdeari egiten dioten ekarpen ekonomikoa nabarmendu du, Aldude eta Baigorri inguruko etxe gehienak beteta egoten baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.