Aitor Perez Arrieta eta Zuriñe Frutos dira, oraingoz, Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuituko onenak. Gizonetan, Perez Arrietak 390 puntu ditu, bost proba jokatu eta gero. Alain Santamaria da bigarren, 371 punturekin. Emakumeetan, Zuriñe Frutosek alde handiagoa ateratzen dio Laura Perez bigarrenari: 480 puntu ditu batak, eta 263 besteak. Hala ere, Perezek irabazi zuen Arriarango proba asteburuan (Beasain, Gipuzkoa), Frutosen aurretik. Gizonetan Jon Erguin izan zen onena.
Zazpi proba falta dira zirkuitua osatzeko: Artziniega (Araba), Uztarroz (Nafarroa), Amasa (Gipuzkoa), Usansolo (Bizkaia), Ea (Bizkaia), Biriatu (Lapurdi) eta Zegama (Gipuzkoa). Aurten ez da lehiakide askorik mendiko duatloietan, 80-140 inguru. Oso gutxi dira emakumeetan. Arriarango proban, esaterako, hiru bakarrik. «Azken urteetan parte hartzaileen kopurua jaitsi egin da, mendi lasterketa asko eta triatloi asko ere irailean jokatzen ari direlako», Juan Zubia Ibarrako mendi duatloiko antolatzailearen esanetan.
Aitor Perez Arrieta eta Zuriñe Frutos sailkapenen buruan
Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuituko bost proba jokatu dituzte, eta zazpi falta dira. Lehiakide gutxi daude emakumeetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu