Amaitu da mendi lasterketetako Munduko Kopa. Amaiera dotorea izan da euskal selekzioko Hassan Ait Xau eta Maria Zorrozarentzat. Bata bigarren izan da Sky modalitatean; bestea, berriz, hirugarren lasterketa bertikaletan.
Ait Xauk irabazteko aukera izan du Limone sul Gardako (Italia)azken lasterketara arte. Bigarren postuarekin konformatu behar izan du, Tadei Pivk italiarraren atzetik. Pivkek 356 puntu lortu ditu; Ait Xauk, 323,6. Aritz Egea 11. izan da eta Julen Martinez de Estibariz 13.
Emakumeetan, urteko albiste pozgarriena Maria Zorroza gernikarrarena izan da. Iaz Euskal Kopa irabazi zuen, eta aurten lasterketa bertikaletako Munduko Kopan hirugarren postuan amaitzea lortu du (220,8 puntu). Aurretik, bi izar besterik ez: Christell Dewalle frantziarra (408 puntu), eta iazko irabazlea, Laura Orgue kataluniarra (358 puntu). Aitziber Ibarbia taldekideak 10. postuan amaitu du modalitate berean.
Ilusio handiz abiatu zen Ait Xau ostegunean Italia aldera. Lasterketa gogorra da: 27 kilometro eta 2.450 metroko desnibel positiboa. Baina lesio txiki batdela medio, ez zuen esperotako lasterketa egin, eta hamargarren izan zen. «Sasoi onean iritsi nintzen, baina zaintiratua izan nuen lehen aldapan. Arantza txiki batekin amaitu dut denboraldia, baina oso pozik geratu naiz».
Maria Zorrozak bazekien lasterketa on bat eginez gero podiumean sartzeko aukera asko zituela. Baita egin ere. Ez zuen irabazi, baina lortutako seigarren postuari esker hirugarren izan da, 220,8 punturekin. Etorkizunerako apustua da bizkaitarra. Gustura dago: «Oso positiboa izan da esperientzia. Aukera eskaini zidatenean zalantza asko nituen, baina lasterketa batetik bestera gero eta sendoago aritu naiz».
Ait Xau eta Zorroza podiumean
Ait Xau bigarren izan da Sky lasterketen Munduko Kopan. Maria Zorrozak hirugarren postua lortu du lasterketa bertikaletan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu