Batak, Amaia Amantegik, begiz joa zuen Mendi Lasterketen Euskal Herriko Txapelketa; besteak, Hassan Ait Xauk, berriz, azken astean erabaki zuen parte hartzea. Munduko Kopari muzin egin eta Tolosako Triangelu plazan (Gipuzkoa) azaldu zen Ait Xau herenegun. Biek ezagutzen zituzten ibilbidea eta lasterketa. Ait Xauk, esaterako, T3T Tolosaldeko Hiru Tontorren (43,5 kilometro eta 2.800 metroko desnibel positiboa) lehen ekitaldia irabazi zuen, 2015ean; Amaia Amantegik, berriz, bazekien zer zen bigarren eta hirugarren izatea. Biek irabazi zuten T3T eta Euskal Herriko Mendi Lasterketen Txapelketa, herenegun.
Eguraldi bikainarekin ekin zioten irteeran elkartu ziren ia 400 korrikalariek lasterketari. Hasiera-hasieratik jarri zen lasterketaren buruan Hassan Ait Xau billabonatarra. Lasterketa irabazteko hautagai nagusia bazen ere, ez zuen aurkaririk falta: Beñat Katarain, Xabi Lete, Iñaki Olano, Igor Amantegi...
Gutxik bezala ezagutzen duen ibilbidean erakustaldia eman zuen igandean Ait Xauk. Jendez lepo zegoen Hernioko tontorreko sarian (8,9 kilometroa), lau minutu baino gehiagoren aldea atera zien atzekoei, eta ibilbideko bigarren tontorrera, Uzturrera (24,6 kilometroa) iritsi zenerako, ia zazpi minutura areagotu zuen tartea.
Beñat Katarain zegamarra izan zuen Ait Xauk lasterketa guztian atzetik. Erroizpeko igoeran lau minutura murriztu zuen aldea, baina Ait Xauk eutsi egin zion helmugaraino. 4.05.40ko denbora behar izan zuen lasterketa irabazteko; Katarain, berriz, lau minutu pasatxora iritsi zen.
Hirugarren posturako lehia ikusgarria izan zen. Xabi Lete eta Igor Olalde minutu eta erdiko alde eskasarekin helmugaratu ziren Tolosako Triangeluan. Olalde aretxabaletarrak ia ezustea eman zuen atzetik aurrera egindako lasterketan. Azkenean, Lete izan zen Ait Xaurekin eta Katarainekin batera podiuma osatu zuena.
Amantegiren marka
Azken urteetan Tolosan parte hartutakoa zen Amaia Amantegi berangotarra, eta ederki baliatu zuen ibilbidea ezagutzen zuela. Askoren ahotan zegoen haren izena irteera gunean. Bera zen lasterketa irabazteko hautagai nagusia, Sarah Ugarte donostiarrarekin eta Natalia Gomez barakaldarrarekin batera.
Irteera eman orduko, Gomezek erakustaldia eskaini zuen Herniora iritsi arte. Igotzaile aparta dela erakutsi zuen. Amantegi berari ere lau minuturen aldea atera zion tontorrean (8,9 kilometroa). Hala ere, Irurara (21,6 kilometroa) arteko jaitsiera luzean Amaia Amantegik aurrea hartzea lortu zuen. Handik aurrera, Amantegi izan zen lehena bai Uzturren (24,6 kilometroa) eta bai Erroizpen (36,5 kilometroa).
Azken kilometroetan egindako erakustaldiari esker, bi minutu hobetu zuen Oihana Kortazarrek 2016tik zuen marka. 4.48.36koa da Amantegiren marka berria.
Haren atzetik zetozen aurkariak sakabanatuta helmugaratu ziren. Bigarren postuan Natalia Gomez sartu zen, irabazlearengandik hamabost minutura, eta hirugarren Sarah Ugarte, Gomezengandik beste hamabost minutura.
Banakako txapelketaz gain, taldekakoa ere jokatu zen herenegun Tolosan. Taldekako sailkapen nagusia etxean gelditu zen, Tolosan. Alpino Uzturrek bildu zuen puntu gehien: 4.859 puntu. Haien atzetik izan ziren Sestao Alpino Club (3.956 puntu) eta Erlaitz Mendi Elkartea (3.910 puntu).
Ait Xau eta Amantegi, etxean bezala
Hassan Ait Xauk eta Amaia Amantegik irabazi dute Mendi Lasterketen Euskal Herriko Txapelketa, Tolosan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu