Handia egin du Ainhize Belarrek (Atxondo, Bizkaia, 2006), beste behin: Iñigo Basterrak ekipatu eta Rikar Otegik 2002an lehen aldiz eskalatutako Iñi Ameriketan bide historikoa (9a+) kateatu du 18 urterekin. Euskal Herrian 9a+ gradu hori gainditzen duen lehen emakumea da Belar. Josune Bereziartuk Bimbaluna bidea (9a/9a+) eskalatu zuen 2005ean Suitzako Saint Loup eskolan –bi graduen arteko erdibide horretan–, eta, beraz, eskalatzaile bizkaitarra da 9a+ zailtasuna lortu duen lehena. Era berean, munduan Iñi Ameriketan bidea eskalatzen duen lehen emakumea ere bada Belar, eta eskalatu duten mutil bakanak ez dira nornahi: Rikar Otegi izan zen lehena (2002), Patxi Usobiaga bigarrena (2003), Adam Ondra txekiarra hirugarrena (2014) eta Iban Larrion laugarrena (2016). Kito. Belar izan da bosgarrena. Hasiera batean, Rikar Otegik, zuhur eta umil, 9a zailtasuna proposatu zuen bide horrentzat, baina Ondrak, bederatzigarren gradu horretan eskarmentu handiagoa izanik, esan zuen inolako zalantzarik gabe 9a+ graduko bidea zela, eta Larrionek berretsi egin zuen zailtasun hori.
Ainhize Belarrek hilabeteak zeramatzan bidea probatzen. Udaberrian hainbat saiakera egin zituen, baina ezin izan zuen lortu. «Banekien proiektu hau gogorra egingo zitzaidala, bidea bera oso zaila delako, noski, eta horma lehor eta baldintza egokietan aurkitzea ez delako erraza», adierazi du bere sare sozialetan. Iñi Ameriketan bidearen mugimenduak lantzeko prozesu horretan, Baltzolan bertan beste pare bat bide gogor ere eskalatu zituen udaberrian: White zombie (8c) eta Ildonuska (8c/+). Baina kaskezurrean sartuta Iñi Ameriketan zeukan. «Hilabete hauetan hainbat saialdi egin ditut, eta ezin izan dut burutik kendu bidea. Azkenik, oporralditik bueltan probatu dudan bigarren egunean lortu dut kateraino iristea».
Ainhize Belarren orain arteko biderik gogorrena Begi puntuan (9a) zen, Etxaurin (Nafarroa), Ekaitz Maizek zabaldutako bide historikoa hori ere. Orain, harkaitz eskaladan munduko handienen artean sartu da eskalatzaile bizkaitarra. Oraingoz, dozena erdi emakume baino ez dira gai izan zailtasun hori eskalatzeko: Anak Verhoeven, Julia Chanourdie, Laura Rogora, Nolwen Berthier, Chaehyun Seo eta Michaela Kiersch. Gainera, Eiter, Verhoeven, Chanourdie eta Rogora 9b zailtasuneko lerroak eskalatzera iritsi dira. Hori da orain arteko sabaia kirol eskaladan.
Josune Bereziartu aitzindariaren lorpena harrigarria izan zen 2005ean, eta 19 urte geroago, Ainhize Belarrek lortutakoa ez da gutxiago izan.