Ainhize Belar garaile eta Maddi Agirre hirugarren Espainiako Kopako bigarren proban

Bizkaitarrak sasoi ezin hobean dagoela erakutsi du Sant Marti de Tousen jokatutako proban. Agirre, maila nagusian hirugarren izateaz gain, txapeldun izan da 18 urtez azpikoetan, eta, mutiletan, Manex Iñurrategi hirugarren izan da.

Ainhize Belar (erdian) eta Maddi Agirre (eskuinean), maila nagusiko podiumean. INDORWALL
Ainhize Belar (erdian) eta Maddi Agirre (eskuinean), maila nagusiko podiumean. INDORWALL
ramon olasagasti
2024ko urriaren 9a
14:00
Entzun

Kirol eskaladan zailtasuneko Espainiako Kopako bigarren proba jokatu zen asteburuan, Sant Marti de Tous herrian (Herrialde Katalanak). Guztira 232 eskalatzaile aritu ziren lehian, haien artean euskal herritar ugari. Indoorwall enpresak antolatu zuen ekitaldia, aurrez Innsbrucken (Austria) Munduko Kopako proba batean erabilitako horma ikusgarri batean prestatu zituzten bideak, eta ikuskizunak 4.000 ikusle inguru bildu zituen bi egunetan.

Lehiari dagokionez, Ainhize Belarrek bolada eta sasoi bikainean jarraitzen du oporralditik bueltan: besteak beste, Iñi Ameriketan (9a+) eta Celedon (9a) bideak kateatu ondoren, asteburuan ere garaipena eskuratu zuen eskalatzaile bizkaitarrak. Ikusgarria izan zen Belarren eta Emily Pescetto kataluniarraren arteko buruz burukoa. Sailkapeneko probetan parez pare ibili eta gero, finalean helduleku bat gorago heldu zen Belar, eta horixe izan zen, finean, garaipena eman ziona.

Podiuma beste euskal eskalatzaile gaztetxo batek osatu zuen, Maddi Agirre ordiziarrak (Gipuzkoa). Emaitza horri esker, gainera, 18 urtez azpikoetan lehen postua eskuratu zuen Agirrek. Ainhoa Uskola, berriz, maila nagusian eta 18 urtez azpikoetan lehiatu zen, eta seigarren izan zen maila nagusian eta laugarren 18 urtez azpikoetan.

Gizonezkoetan, Lau Macia kataluniar gaztea gailendu zen. Sailkapen fasean, Javi Cano extremadurar beteranoa (Espainia) izan zen onena —lau aldiz izan da Espainiako Kopako txapeldun—, baina finaleko bidean hutsegite bat egin zuen beheko zatian, eta horrek finaleko zortzikotean azken postura kondenatu zuen. Maciarekin batera, Raul Escribano eta Joel Codina igo ziren podiumera. Joanes Esparta bilbotarra bosgarren izan zen, eta Martzel Vicario arrasatearra finalaren ateetan geratu zen, bederatzigarren.

Kirol eskaladako Espainiako Kopako bigarren proba Sant Martí de Tous herrian
Manex Iñurrategi hirugarren izan zen 18 urtez azpikoetan. INDORWALL

Gazteen kategorietan, 18 urtez azpikoetan, Maddi Agirreren garaipenaz gain, nabarmentzekoa da Manex Iñurrategiren hirugarren postua. Finaleko bidean, aretxebaletarra Lucas Perez bigarrenaren parean geratu zen, baina sailkapeneko bideetan Perez zertxobait hobeto aritu zen, eta, beraz, azkenean brontzearekin itzuli zen etxera Iñurrategi. Maila horretan bertan, nesken artean, Elur Arteaga finaleko zortzikotean sartu zen, seigarren.

16 urtez azpikoen mailan, Udane Mujika eta Ines Allende finalean sartu ziren, sailkapen fase dotorea eginda. Finalean, ordea, ez ziren nahi bezain fin ibili, eta azkenean seigarren izan zen Mujika, eta zazpigarren Allende. Mutilen artean, euskal eskalatzaileek ez zuten lortu finalerako sailkatzea.

14 urtez azpikoetan, mutiletan, Lur Guenetxea seigarren izan zen maila horretan lehiatu ziren berrogei eskalatzaileen artean.

Zailtasuneko modalitate horretan, Espainiako Kopako hirugarren eta azken proba urriaren 24tik 26ra jokatuko da, Vilanova i la Geltru herrian (Herrialde Katalanak). Orain arteko bi probetako emaitzak aintzat hartuta, maila nagusian Ainhize Belar dago sailkapen nagusiaren buruan. 18 urtez azpikoetan, Maddi Agirre eta Erika Carrasco madrildarra berdinduta daude lehen postuan, eta Manex Iñurrategi bigarren dago.

Sailkapen guztiak FEDMEren esteka honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.