Euskadiko eskalada txapelketa jokatu zen aurreko larunbatean, maiatzak 11, Derioko (Bizkaia) Biwak Climbing rokodromoan, zailtasuneko modalitatean. Euskal Mendizale Federazioa eta Biwak Climbing rokodromoa bera izan ziren antolatzaile, eta, Euskadiko Txapelketaz gain, Biwak Irekia ere izan zen. Espainiako hainbat autonomia erkidegotako eskalatzaileak ere bildu ziren Derion, beraz, eta maila onekoa izan zen lehia. «Extremadurako, Aragoiko, Asturiasko eta Kantabriako selekzioetako hainbat kide etorri ziren, eta horrek maila hobea izatea ekarri zuen», nabarmendu du Aitor Uson Euskal Mendizale Federazioko eskaladako arduradunetako batek. EMFko ordezkariak oso pozik ziren txapelketaren martxarekin, eta oso eskertuta agertu ziren Biwak Climbing rokodromoak egindako ahaleginari eta emandako laguntzari begira. «Elkarlan polita izan da federazioaren eta Biwaken artean», Usonen hitzetan.
Eskalatzaileen maila halakoa izanik, bideak ekipatzeko lana ere eskarmentu handiko lantalde batek bete zuen: Felix Obrador izan zen ekipatzaile delegatua eta talde horren burua, eta harekin batera aritu ziren Eneko Carretero, Iñaki Arantzamendi, Gorka Karapeto eta Markel Mendieta —bi horiek praktiketan— eta Biwak Climbing rokodromoko ekipatzaileak: Juan Ramon Pendones eta Martin Urrutia. «Sekulako mailako ekipatzaile taldea edukirik eta lantaldea halakoa izanik, bideak ere ederrak eta gozatzekoak atera ziren», adierazi du Usonek.
Sailkapeneko fasean, eskalatzaileek hiru bide gainditu behar zituzten, zailtasun aldetik bakoitzean koska bat gora eginez. Hala, hiru bide horien emaitzetatik atera ziren maila bakoitzeko sei finalistak.
Maila nagusian, nesketan, Ainhize Belar nagusitu zen. Hainbat hilabetez lesionatuta egon ondoren, pozgarria izan zen Atxondoko (Bizkaia) eskalatzailea bere ohiko mailan ikustea. Bigarren Garazi Gurrutxaga irurarra (Gipuzkoa) izan zen, eta hirugarren, Haizea Oses arrasatearra (Gipuzkoa).
Mutiletan, berriz, ikusgarria izan zen Mikel Linazisoro bergararraren (Gipuzkoa) eta Andoni eta Joanes Esparta anaia bilbotarren arteko lehia. Finaleko bidean, Linazisoro eta Andoni Esparta biak pauso berean erori ziren, eta sailkapeneko emaitzei esker, azkenik, Linzazisorok jantzi zuen txapela. Andoni Esparta izan zen bigarren, eta Joanes anaia hirugarren.
Maila absolutuko final horietan ikuskizuna erabatekoa izan zen: rokodromo guztia ilunpetan, eskalatzaileak horman fokuekin argiztatuta... «Zoragarria izan zen», Usonen hitzetan.
Gazteen artean, 18 urtez azpikoetan, nesketan, Maddi Agirre izan zen txapeldun, Ainhoa Uskola bigarren, eta Elur Arteaga hirugarren. Mutiletan, berriz, Manex Iñurrategi izan zen irabazle, eta Manex Guenetxea eta Asier Antunez igo ziren, hurrenez hurren, podiumeko bigarren eta hirugarren kosketara.
Hamasei urtez azpikoetan, Ines Allende izan zen txapeldun, finaleko bidean top eginda. Udane Mugika izan zen bigarren, eta Elene Otermin hirugarren. Mutiletan, berriz, Eñaut Uson nagusitu zen, Lier Perez eta Gorka Gardeazabalen aurretik.
Gaztetxoenen artean, azkenik, 14 urtez azpikoetan, estua izan zen Laga Hernaiz eta Maddi Mendiburu eskalatzaileen arteko lehia. Hernaiz nagusitu zitzaion azkenean Mendibururi. Hirugarren Izar Martin izan zen. Mutiletan, Lur Guenetxeak top egin zuen, eta txapela eskuratu. Daniel Allende eta Markel Korta izan ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.