IRITZIA

Adiskidetasun ereilea

Alejandro Jose Infante Serrenes, 'Patxuli'
2017ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Goizeko zazpiak dira. Telefonoak jo du.

—Egun on, konpai! Zer, joango al gara entrenatzera?

—Bai, gosaldu eta aterako naiz. Non elkartuko gara, San Migelen?

—Ongi da, ordubete barru. Aio.

Bai, Zeras zen. Kar, kar, ederra tipoa.

Bai, bera zen, garai horretan deitu zezakeen bakarra. Eta nik, gainera, barre egin. Merezi zuen, bere berezkotasunagatik, bere izaeragatik, besterik gabe, bera zelako.

12 urterekin ezagutu nuen mutil indartsu hura; auzokidea zen. Billarrean jokatzen genuen joko areto zahar haietan. Barre egiten genuen. Elkarrekin ikasten genuen. Normala. Baina bera, nahi gabe, zerbait gehiago egiten ari zen: gu guztiongan adiskidetasun hazi bat landatzen ari zen. Adiskidetasun horri gaur egun arte eusteko gai izan zen. Inoiz ez zen bere lagunez ahaztu (guztiok ginen bere lagun).

Morrosko indartsu hura aizkolaria edo, aitaren moduan, pilotaria izan zitekeen. Haren besoek errespetua eragiten zuten. Baina morrosko haren barruan morroisentibera, adeitsu, alai eta, batez ere, lagun bat bizi zen.

Aktorea izan zen, jakina, ezin bestela. Andrew Irvine eskalatzaile mitikoaren rola jokatu zuen. Liburu bat idatzi zuen, lehiaketa batera aurkeztu eta irabazi. Ez dakit zuhaitzik landatu zuen, baina baratzean piperrak eta tomateak, bai.

Janari goxoak gustatzen zitzaizkion. Lagunekin mahaiaren bueltan elkartzea. Bazkalondoetan istorio zaharrak gogoratzen ziren, edota, niri gustatzen zitzaidan moduan, orain betirako gorde duten lurralde horietako istorioak entzun.

Ez naiz kontakizun haietaz gozatu zuen bakarra. Kiko Solerrek, mendi lasterketetako Europako txapeldun izandakoak, Zeraini eskaini zion artikulu bat, 2008an. Albertos izena zuen: «Arraioa, Alberto Zerain. Bizirik daukat bere aurpegi izerditua eta irribarretsua, korrika egiteko bere modu segurua eta kementsua, oinkada irmoak, Aratzera edo Aizkorrira eramaten duten bide lokaztuetan. Eta, gainerakook ahaleginagatik arnasestuka gindoazen bitartean, berak, bere ahots argiarekin eta garbiarekin, Himalaiako bitxikeriak kontatzen zituen».

Oso ona, Kiko, ezin da hobeto azaldu. Izan ere, ez zen oharkabean pasatzen, ezagutzen zutenek maitatzen zuten.

Ez zen kalakan aritu beharrik Alberto abentura berrietan parte hartzera animatzeko. Orduko hartan ere hala izan zen. 2012a zen, abuztua, bere urtebetetze egunaren bueltan. Chamonixera lagundu zidan, Mont Blanceko Ultratrailera, 168 kilometroko probara. Eguraldia itsusia zen: elurra egiten zuen, hotza... Guretzat oso gogorra zen, baina berak bazekien hori arrunta zela han, baita abuztua bazen ere.

Lasterketaren hasiera oso gogorra izan zen, korrikalari asko zeuden hipotermiaren mugan, lokatzetan eserita, dardarka. Osasun zerbitzuek ezin zieten guztiei lagundu, eta, une horretan, Txaro nire bikotekideak dioenez, Alberto laguntzen hasi zen: tapaki termikoak jartzen, erretiratuei autobusetara igotzen laguntzen...

Muturreko egoera batean, Albertok txanoa eta berokia kendu zituen, eta korrikalari bati jarri zizkion. Ziurrenik zerbait ere esango zion, animoak emateko, frantsesa, ingelesa edo alemana lardaskatuz. Korrikalari hark ez du inoiz jakingo nor zen bere laguntzailea. Ba bai, bera zen, Zeras. Han zegoen, eta lagundu egin behar zen. Berezkoa zuen. Nire berokia behar baduzu, har ezazu.

Gau guztia lasterketa jarraitzen pasatu eta gero, Chamonixera bueltan, helmugan, iristen ari ginen guztiok animatzen ari zen Alberto. Ez ginen lehenak, baina harentzat guztiok merezi genuen.

Ezertarako indarrik gabe iritsi nintzen, inertziaz ari nintzen korrika egiten. Helmugako arkua ikusi nuenean, Alberto eta Txaro agertu ziren. Eskuetatik heldu zidaten, eta, barrezka, helmugara eraman. «Zerasen kontuak, ez zen isiltzen: animatu egin behar dela, harrera egitera joan behar zela...», esan zidan Txarok.

Berak helmugako arku horiek besoak goian pasatu zituen, baina ez zen harrokeriatan ibiltzen; alderantziz, gu goraipatzen gintuen. Jenio bat, finean.

Biharamunean, nola ez, lo zakutik jaikiarazi gintuen, eta bisita turistiko bat egitera eraman, gidarik onenarekin: «'Hura ez dakit zein tontor da', 'Bonattik eskalatu zuen lehen aldiz', 'ez dakit zein urtetan', 'hainbeste egun behar izan zituen', 'Juanito eta Miranda ere handik zintzilik egon ziren'...».

Ez naiz tontorraren izenaz oroitzen, baina galdetuko diodala pentsatu berri dut. Zoritxarrez, ezingo dut.

Hala pasatu genuen eguna, Alpeetako bere istorio erromantikoekin lelotuta, urte haietan zer egin zuen azalduz, nik berarekin harreman gutxien izan nuen urteetan.

Esaten zigun mendi horietan lasaitasuna funtsezkoa dela, kanpadendan liburu batzuekin sartzea eta eguraldia baretu zain itxarotea, gero berriro mendiari ekiteko.

Horrela ulertu nuen duela hainbat urte ezagutu nuen gizon indartsu eta on hari zergatik gustatzen zitzaion hainbeste irakurtzea eta idaztea, eta nola bilatu zituen idazle gustukoenak. Sarritan aipatzen zituen Bukowski eta, nola ez, Jose Larralderen olerki panpatar haiek.

Ederra halabeharra. Nik 30 urte baino gehiago lehenago entzun nituen olerki horietako batzuk, eta kola bezala itsatsi zitzaizkidan, bizitza guztirako. Olerki haiek errezitatzen hasi zenean, jarraitu egin nion, elkarrekin egin genuen. «Zer, zuk ere ezagutzen al duzu Larralde?». Bai, Marianoren herrikide baten olerkiak, betirako tokatu zaizun laguna. Hari ere eskaini nahi diot olerki bat, argentinar batena —jatorriz euskalduna eta arabiarra—, nazioartekoa, zuek bezala. Ea, Zeras, biok elkarrekin: «Inor ez zen atera ni agurtzera gelatik atera nintzenean, ardi-txakurra soilik, txakur bat, gertatzen diren gauzak...».

Aio, bikote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.