«Mendiak batu egiten du, maitasunezko eta adiskidetasunezko harremanak sortzen ditu. Finean, mendiak familiak sortzen ditu». Hala dio Maribel Armendarizek The Mountain Family liburuaren sarreran. Azaleko argazkian agertzen den mendizale familia horretako kideetako bat da Armendariz. Antxon Burcio zena, Maribel Armendariz, Juanjo Carmona, Jesus Mari Segurajauregi, Sara Carte eta Txusma Perez Azazeta egilea ageri dira irudian, 2018an Artzanburu tontorrean. Kontrazaleko argazkian, berriz, mendizale familia horren hasierako taldea ageri da, 1973an Legazpiko Gorostiaga mendian. «Beraz, argazki batetik bestera dauden ia 50 urteotako istorioak eta bizipenak jaso ditugu liburuan», azaldu du Txusma Perez Azazeta egileak (Legazpi, Gipuzkoa, 1958).
Azken bost urteotan Burcio falta da familia horretan, baina gainerako kideak ostegunero elkartzen dira mendirako, hutsik egin gabe. San Jueves izendatua dute egun hori; sakratua da mendi irteera. Normalean Perez Azazetak berak proposatzen ditu txangoak, eta, ondoren, bere mendiko gidetan argitaratzeko baliatzen ditu ibilbideak. «Ultzamako ibilbideei buruzko liburu batekin nabil orain, eta iaz, Ultzama aldean genbiltzala, esan nien lagunei: datorren urtean bost urte dira Antxon joan zela, zerbait egin beharko genuke! Horrelaxe hasi ginen», oroitu du. Izan ere, osteguneroko txangoetan, Burcio beti agertzen da, ateraldi baten txinpartan edo bizipen baten oroimenean.

«Zeukan jenio txar guztiarekin, zakar itxurako oskol horrekin, on puska zen, oso eskuzabala, eta beti zegoen prest besteei laguntzeko»
TXUSMA PEREZ AZAZETAMendizalea eta liburuaren egilea
Burcio umea zela artean, Extremaduratik (Espainia) Legazpiko Brinkola auzora etorri zen familia, eta Toñinek han eman zituen lehen urratsak mendian, on Avelino irakaslearen eskutik. «Bizitza aldatu zion on Avelinok, eta mendirako eta naturarekiko zaletasuna zainetaraino sartu zion», oroitu du Perez Azazetak. Ondoren, gazte zangarra jada, Legazpira jaitsi ziren burciotarrak, eta Patricio Echeverria fundizioan hasi ziren lanean aita eta Antxon semea bera. «Mendizale gazte koadrila polita elkartu ginen garai hartan, eta Antxon izan zen gure irakaslea eta erreferentea. Haren eskutik hasi ginen eskalatzen, Aizkorriko kanalak igotzen... Igandero joaten ginen Eginora trenez, eta han elkartzen ginen Atxo Apellaniz, Adolfo Madinabeitia, Juanito Oiarzabal eta beste askorekin. Lehen urratsak ziren. Bion artean ere feeling berezia sortu zen eta bizitza osorako sokalagun bihurtu ginen», gogoratu du Perez Azazetak.
Elkarrekin joan ziren Marokoko Atlasera 1979an, Beasaingo ehiztari batzuei erositako jeep zahar batean. «Ibilgailuak mila arazo eman zizkigun, Despeñaperrosen sua hartu zigun, baina iritsi ginen, laumilako dezente igo genituen Atlasen eta bueltakoan Extremaduran erabat puskatu zitzaigun jeepa eta han geratu zen». 1983an Aconcaguara joan ziren lau lagun eskiekin, 1985an Himalaiako Ganesh Himal mendira...
Mendiko Sorospen Taldea, «aingeru zaindaria»...
Urteen joanean, Euskal Mendizale Federazioko zuzendari teknikoaren kargua hartu zuen Burciok Gregorio Arizen eskutik. Eta, besteak beste, Mendiko Sorospen Taldea sortu eta egituratu zuen urte batzuk geroago. Alpinista beteranoak eta gazteak bildu zituen talde hartan, eta nolabaiteko beste familia bat sortu zuen, talde horretako kideek jarraitzen baitute noiz edo noiz elkartzen. Hain zuzen, Sorospen talde hartako bik, Madinabeitiak eta Iñaki Andreuk, idatzi dute liburuko kontakizunetako bat, eta Ana Argotek eta gainerako kideek ere beren alea jarri dute. Burcioren oroitzapen hau ekarri du Madinabeitiak: «Beteranook, Antxon aspaldiko laguna genuela baliatuz, gure izaera ganberro eta anarkista ateratzen genuen, eta aurre egiten genion Antxonen zuzentasunari. Hark, modu estoikoan eraman behar izan zituen gure hainbat txakurkeria».

Zegama-Aizkorriko mendi maratoiaren aurren-aurreneko ediziotik, 2002ko hartatik, segurtasunaren ardura hartu zuen Burciok. Hori dela eta, Ramon Malkorrak liburuan oroitzen duenez, probaren antolatzaileek «lasterketaren aingeru zaindaria» esaten zioten. Casimiro Bengoetxeak, Pyrenaica aldizkariko zuzendari izandakoak, mendiko hainbat bizipen partekatu zituen Burciorekin, eta bere bulegoan dauka haren argazkia. Irudi hori inspirazio iturri duela, barru-barrutik idatzi du Bengoetxeak beste kapituluetako bat. «Antxonentzat ia aita modukoa zen Casimiro», nabarmendu du Perez Azazetak. Aipatutako horiez gain, Burcioren beste hainbat lagunek ere idatzi dute: Kepa Lizarraga EMFko medikuak, Eduardo Viñualesek, Jesus Martinez Sanchez-Dehesak...
«Kapitulu gehienak zaharrunook idatzitakoak dira, baina azken pasartea Saioa alabak idatzi du, familia mendizale honek segida duela erakusteko», jakinarazi du Perez Azazetak. 2008ko udan Annapurnako hego aurpegiko kanpaleku nagusira familian eginiko trekkingaren kontakizuna egin du Saioak. Hilabete batzuk lehenago, Annapurnako aurpegi hartan zendu zen Iñaki Otxoa de Olza alpinista —lagun-laguna zuen Perez Azazetak— eta kanpaleku nagusiko trekkingean, haren oroitarria bisitatu zuten. Hala idazten du Saioa Cartek: «Monolito batek arrazoi bat izan beharko balu, horixe izan beharko luke: pertsonak leku berezi batean elkartzea, norbait oroitzeko. Liburu hau bera, bere baitan, monolito bat da».
Antxon Burcioren oroitzapen gozo baten airea dakar liburuak: «Ez nuen nahi zerbait goibela eta tristea izatea». Oroitu ere irribarre batekin oroitzen dutelako guztiek Burcio: «Zeukan jenio txar guztiarekin, zakar itxurako oskol horrekin, on puska zen, oso eskuzabala, eta beti zegoen prest besteei laguntzeko. Niretzat maisu bat izan da, 50 urteko sokalaguna, adiskide bat baino gehiago. Antxoni egindako omenaldia da liburua eta mendiko adiskidetasunaren eta elkartasunaren gorazarrea», nabarmendu du Perez Azazetak.
Liburua gaur aurkeztuko dute Legazpiko Latxartegi aretoan, 19:00etan. Aurkezpenean, diaporama bat proiektatuko dute Burcioren hainbat argazkirekin —liburuan ere eskuragarri dago, QR kode baten bidez—, eta senide eta lagun artean oroituko dute adiskide zaharra. Egile eskubideengatik jasotako guztia Otxoa de Olzaren SOS Himalaya fundaziorako izango da.