Mendia. Euskadiko Boulder Txapelketa. Esther Cruz Montalvan. Euskadiko boulder txapelduna

«Adinean gora noa, baina mailari eutsi egiten diot»

2012ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Euskal Herrian dagoen espezialista nagusia da Esther Cruz (Murtzia, Espainia, 1976) boulderrean. Hala demostratu du azken hamarkadan, ez baitago hari txapelketatan gailenduko zaionik. Hiru seme-alabaren ama izanik, denbora gutxiago du orain entrenatzeko; hala ere, goren-gorenean jarraitzen du, aurreko larunbateko txapelketan erakutsi zuen moduan.

Nola baloratzen duzu Euskadiko txapelketa berriro ere irabazi izana?

Urteak aurrera joan eta oraindik inor gertu ez izatea ezusteko bat izaten da niretzat, urtero. Era berean, poztasuna ere sentitzen dut; adinean gora noa, eta oraindik maila horretan aritzeko gai naizela ikusteak asko motibatzen nau aurrera jarraitzeko.

Nola sentitu zinen larunbateko txapelketan?

Oso ondo. Harritu egiten naiz, urtero-urtero lehenengo blokea hastera noanean urduritasuna izaten dudalako, baina, behin hasita, gustura aritzen naiz. Eskalatzen oso ondo sentitu nintzen, eta gainera, blokeen kalitatea urtez urte nola hobetuz doan ikusteak asko pozten nau. Garai batean, emakumeen kategoriako blokeak gutxi landutakoak izaten ziren. Urteen poderioz, ordea, emakumeen maila kontutan hartzen hasi dira ekipatzaileak, eta merezi dugun kalitateko blokeak proposatzen dituzte.

Zenbat txapel dauzkazu etxean?

Egia esan behar badut, ez dakit. Urte asko dira txapelketatan parte hartzen dudala; azken urteetan behin bakarrik huts egin dut boulderreko txapelketan, haurdun nengoelako, eta zailtasun txapelketara duela hiru urte utzi nion joateari. 2006. urtetik boulderreko txapelketa guztiak irabazi ditudala uste dut.

Noiz erabaki zenuen boulderreko diziplinan zentratzea? Zergatik?

Txapelketei begira zentratu nintzen boulderrean, zailtasuneko txapelketak oso astunak egiten zitzaizkidalako. Boulderra, entrenatzeko errazagoa izateaz gain, lehiatzeko ere askoz ere entretenigarriagoa da, dibertigarriagoa. Gainera, orain Enekok —seme zaharrenak— gogo handiz hartu ditu boulderreko txapelketak, eta elkarrekin joaten gara parte hartzera; gauza polita da. Arrokan, ordea, sokarekin ibiltzen naiz gehiago, boulderra azken hiru urteetan nahiko utzita daukat. Sokarekin mailari eusten saiatzen naiz; ez zait gustatzen bide bakar batean saio asko egitea. 8a eta 8a+ zailtasuneko bide batzuk kateatu ditut aurten, hala ere.

Modu jakin batean prestatu duzu azken txapelketa, edota urte osoan eusten diozu maila horri?

Azken 6-7 asteetan gehiago zentratu naiz txapelketa prestatzen, baina urte osoan eskalatzen dut arrokan, eta boulderrean entrenatzen naiz. Urte hasieran, indarra asko landu ohi dut, urte osorako oinarria izateko; txapelketarako indarra lantzeko ziklo txiki bat egin dut.

Nola uztartzen dituzu amatasuna eta entrenamenduak?

Ahal dudan moduan! Hiru seme- alaba dauzkat jada, eta nahiko barneratua dudan gauza bat da. Txiki-txikiak zirenean nirekin eramaten nituen rokodromora; orain txikiena ikastolan hasi denez, denbora gehiago daukat. Oso denbora gutxi izan dudanean modu eraginkorrean entrenatzen ikasi dut, eta ondo joan zaidala esan dezaket.

Entrenatzaile lanak ere egiten dituzu. Zer da eskaintzen diezuna?

Nire antzera, entrenatzeko denbora gutxi duten eskalatzaileetan espezializatu naiz, akaso. Arrazoia edozein delarik, astean zehar denbora gutxi dutenei entrenamendu sinple baina eraginkorra bideratzen saiatzen naiz.

EMFk ez du boulderreko euskal selekziorik. Hutsunea al dago?

Zalantzarik gabe! Zailtasun txapelketetara joateko selekzio bat dagoen moduan, boulder txapelketetara joateko ere egon beharko lukeela iruditzen zait. Euskal Herrian zailtasun eskaladan bezain maila altua dago boulderrean; hortaz, eskubide berbera eduki behar dutela iruditzen zait. Zailtasun eskaladan baino boulderra egiten gusturago aritzen den eskalatzaile asko dagoela esango nuke, oso indartsuak gainera eta horiek ere joan beharko lukete Euskal Herria ordezkatzera.

Nori eskaintzen diozu azken garaipena?

Mikel Ziarrustari eta haren familiari. Txapelketa irabazteak poztu nauen beste arrazoietako bat da hori, omenaldi pertsonal eta xumea emateko. Haren amak eskalatzen genuen bitartean Mikel gogoratzeko eskatu zigun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.