Abenturazko eskaladak tximino artean

Ibon Mendia eta Joseba Iztueta eskalatzaileek bi bide gogor ireki dituzte Maroko iparraldeko Rif eskualdean dagoen Talembote eskalada guneko horman, ahalik eta modurik garbienean, estilo horrek dakarren esposizioari ez ezik tximuei ere aurre eginez.

Joseba Iztueta eta Ibon Mendia Talemboten (Rif, Maroko) eskalatzen
Joseba Iztueta 'Borrokak darrai' bidearen azken luzeari ekiten. IBON MENDIA
ramon olasagasti
2024ko urtarrilaren 24a
07:30
Entzun

«Aupa, hi, zer moduz haiz? Gabonetan baditiat 10 bat egun norabait eskalatzera joateko. Hi nola haiz?», galdetu zion batek. Eta besteak, sutarako txotxak baino suharberago, berehala arrapostu: «Zeren zain gaudek! Nora joango gaituk?». Di-da, negu honetan hegoa sartzen den moduan gertatu zuten plana Joseba Iztuetak (Gabiria, Gipuzkoa, 1991) eta Ibon Mendiak (Iruñea, 2002), beroaldian eta azkar: hegora joatea erabaki zuten, Maroko iparraldeko Rif eskualdera, Talembote ibarreko hormetara. Lekuari buruzko erreferentzia askorik ez zuten, «Euskal Herritik, guk dakigula, ez da inor asko joan hara», eta Albert Salvado Ganxets eskalatzaile kataluniarraren blogetik jaso zituzten pindar batzuk. Eskalatzaileen gogo sukartia pizteko nahikoa.

Abdul joan zitzaien Tangerreko aireportura bila, abenduaren 21ean. Talemboteko hormen azpian dagoen herrixkako ostatuaren jabea. Bazuela mandatu bat Tangerren eta ez kezkatzeko, jasoko zituela berak. Tangerretik Tetuanera eta Tetuandik Txauen aldera hartu zuen Abdulek, eta Txauenen aurretik desbideratze bat Talemboteko ibarrerrantz. «Etxetik goizean goiz abiatu, eta bazkalordurako herrian ginen. Oso gertu geratzen zaigu Talembote. Ferryan joanez gero ere, Tangerretik pare bat ordu dira autoz», jakinarazi du Iztuetak.

Rueda Cafe, Talemboteko eskalada gunean (Rif, Maroko) dagoen ostatua
Rueda Cafe ostatuko terrazatik, Talemboteko hormak. JOSEBA IZTUETA

Rueda Cafe, halaxe izena du Abdulen ostatuak. Huraxe da Talemboteko hormen magalean dagoen herriaren bihotza. Hainbesteraino, herriari berari ere Rueda esaten baitiote. Bitxia da: kaferik gabeko kafetegia da Rueda, baina kaferik ezean txarra ez tea, bero-beroa, bertakoek egindako harrera bezain. «Laguntzeko zeuden denak; Abdulek berak hormetako krokis pila bat erakutsi zizkigun, eta halaxe hasi ginen lekuari traza hartzen», azaldu du Iztuetak. Jakin zuten han gehien ibili direnetako bat Jesus Ibarz eskalatzaile kataluniarra izan dela, baina hark zabaldutako bideei buruzko informazioa ez dela askorik zabaldu; ohartu ziren frantsesak, suitzarrak, belgikarrak... mugitzen hasita daudela, eta ikusi zuten Christian Ravierrek berak ere bizpahiru bide dituela han zabalduak, baina oraindik ez dela horrenbeste jende iritsi hara. Tximinoek egin zieten harrera, horren adierazle.

Abenduaren 22an, denborarik galdu gabe, Caiat gailurraren azpiko hormetara abiatu ziren Mendia eta Iztueta. Berehala jabetu ziren harriari buruz entzundakoak ez zirela gezurra: «Kareharri gorrizta, marroia eta grisa da Talembotekoa. Grisa oso ona, gorrizta tarteka ustel samarra, baina, oro har, oso harri ona, harkaitz lakarra, inor ibili gabekoa, kalitate onekoa. Zatitxo batzuk ustelagoak ziren, baina horrek ere bere abentura puntua ematen zion eskaladari». Abdulek erakutsitako krokisak ikusita eta hormaren azpitik lehen behako bat emanda, gainera, ikusi zuten «hutsune oso politak» zeudela lehendik zabaldutako bideen artean, eta lerro dotoreak ireki zitezkeela Caiat tontorraren azpiko hormetan.

Abentura, estiloa

Lehen egunean diedro nabarmen-nabarmen bati heldu zioten, harriturik inork hari lehenago kosk egin ez izanaz. «Lerroa oso tentea zen, gogorra eskalatzeko. Lehen egun hartan, bidearen erdiraino zabaldu genuen, 400 metro ingurukoa baita pareta. Kristoren abentura izan zen, eta gerora konturatu ginen han inor ez sartu izanaren zergatiaz; izan ere, goian kontua asko zailtzen zen, graduagatik batez ere: hormak atzera botatzen gintuen, eta ederki kosta zitzaigun ateratzea».

Joseba Iztueta eta Ibon Mendia Talemboten (Rif, Maroko) eskalatzen.
Ibon Mendia 'Tximinoen iraultza' bideko bigarren zatian, 7a luzea irekitzen. Konpromisozko luzea, bi paraboltekin bakarrik, eta babesteko zaila. JOSEBA IZTUETA

Iztuetak aipatzen duen «abentura» estu loturik doa bidea zabaltzeko estiloarekin, bideak zabaltzeko moduari garrantzi handia ematen baitiote hala Mendiak nola Iztuetak. «Etxe inguruan nahiz kanpoan bideak ireki izan ditugunetan, horma ahalik eta gutxien zulatzen saiatzen gara. Noski, harkaitzak berak aukera eman behar dizu zure burua babesteko, eta Talemboten hormak ematen zuen aukera hori. Ondoko beste bide batzuk zabaldu dituztenek parabolten aukera egin zuten, baina guk friend eta arrakalatakoak erabiltzearen alde egin genuen, bilguneetan izan ezik», jakinarazi du Iztuetak. Horrek, noski, seguru finkoen aldean arrisku handixeagoa hartzea ekarri ohi du, esposizioarekin jolastu beharra, baina horretan datza, hein batean, eskalada mota horren gatz eta piperra. Horretan datza abentura. «Alde horretatik, mendi eskaladarako leku paregabea da Talembote».

Gatza eta piperra aipaturik, bigarren egunean sabelak orroka zituztela esnatu ziren bi eskalatzaileak. «Oso ausart joan ginen, eta Abduli esan genion eurek jaten eta edaten zutena jango genuela guk ere, baina, bigarren egunerako, gure sabelak ez ziren gozo. Egun hartan, Ibon botaka hasi zen lehen bilgunean, eta jaitsi egin ginen. Hurrengo egunean, berriz, niri egokitu zitzaidan. Eskerrak, hala ere, egun bakarreko garbituarekin bukatu baitzen dena».

«[Tximinoak] goian jartzen ziren, eta harriak botatzen zizkiguten. Harriak eskuetan hartu eta bota. Beldur gehien horrekin pasatu genuen; izan ere, tartean bloke handiren bat jaurti ziguten».

JOSEBA IZTUETA Eskalatzailea

Laugarren egunean, Caiat tontorraren azpian zuzen-zuzen doan beste lerro bat zabaltzen hasi ziren, gradu aldetik «gozoagoa» lehenengo egunean erdiraino irekitakoa baino. Horma haren berezko apopiloen harrera, ordea, ez zen batere gozoa izan: bat-batean, erraztasun miragarriz, 30-40 tximino etorri zitzaizkien horma bertikalean behera erasoan, Ibon Mendiari hortzak erakutsiz, eskalatzaile iruindar gaztea baitzen orduan sokaren buruan. «Agian urtebete izango zen inor handik ibili gabe, eta nik uste erakutsi nahi izan zigutela hura euren eremua zela. Ibonen erreakzioa, noski, atzera egitea izan zen. Metro beteko animaliak ziren, eta korrika zuregana etorrita errespetua sortzen zuten», azaldu du Iztuetak. Egun hartan, bidea erdibideraino zabalduta jaitsi ziren behera. Argi geratu zitzaien, hori bai, bidea burutuz gero zer izen jarriko zioten: Tximinoen iraultza.

Joseba Iztueta eta Ibon Mendia Talemboten (Rif, Maroko) eskalatzen
'Borrokak darrai' bidean, gangara iristen. Gangaren eskuinean, 'off width' edo artesi zabala haien zain. JOSEBA IZTUETA

Hurrengo egunetan ere, tximinoek sendo defendatu zuten beren gotorlekua. «Goian jartzen ziren, eta harriak botatzen zizkiguten. Harriak eskuetan hartu, eta bota. Beldur gehien horrekin pasatu genuen; izan ere, tartean bloke handiren bat jaurti ziguten. Esango nuke harriak ez zituztela jotzeko asmoz botatzen, beldurtzeko asmoz baizik; bestela, nahi izanez gero, joko gintuzten. Egunak pasatu ahala, tximinoak konturatu ziren: ‘Hauek ez zetozek guri ezer kentzera, etorri eta joan egingo dituk’. Eta azkenerako, ondoan pasatzen zitzaizkigun, hurbil ibiltzen ziren, baina joan ginen elkarrengana moldatuz eta lagunak eginez».

Eboluzioa, inboluzioa?

Ordura arte, Talemboteko diedro, arrakala eta plaketan gora zerbait zirelako ustean zebiltzan Iztueta eta Mendia, mugimenduz mugimendu pasarte zailak eskalatzen, baina tximinoen gaitasunarekin hutsaren hurrengo sentitu ziren: «Ikustekoa zen nola ibiltzen ziren horma bertikal haietan gora eta behera. Gu sekulako peripeziak egiten, eta haiek nahi bezala. Haiengandik etorriko gara, eboluzioa izango zen gauza batzuetan, noski, baina beste batzuetan ez dakit ba askorik irabazi ote dugun».

Joseba Iztueta eta Ibon Mendia Talemboten (Rif, Maroko) eskalatzen
Joseba Iztueta eta Ibon Mendia, bideetako bat bukatu berritan. JOSEBA IZTUETA

Hurrengo egunetan, erdibideraino zabalduta zeuzkaten bi lerroei errematea eman zieten, behetik hasi eta goraino. Tximinoen iraultza bidean, gainera, hormaren goiko partean, eskalatzaile orok amesten duen altxorra aurkitu zuten: aurrez inork ireki gabeko diedro ikusgarri bat. «Oraindik ez dugu ulertzen hormako diedrorik nabarmenena nola egon zitekeen ireki gabe. Sekulako pagotxa izan zen guretzat». Bideak, azkenean, lurretik Caiat tontorreraino, 450 metro hartu zituen, bederatzi luze eta 7a arteko zailtasunak, batez ere goiko partean.

Beste bidean, berriz, are gogorrago borrokatu behar izan zuten lehen egunean hasitako lana burutzeko. Eta bide horren goiko partean ere aurkitu zuten harribitxirik, Talembote osoko ganga ikusgarrienetik ireki baitzuten lerroa. Bide hori «abentura erabatekoa» izan zela dio Iztuetak, bestea baino «bertikalagoa, desplomatuagoa, atletikoagoa eta basatiagoa».

Joseba Iztueta eta Ibon Mendia Talemboten (Rif, Maroko) eskalatzen
Ibon Mendia 'Borrokak darrai' bidearen azken metroetan, Rifeko herrixken gainean. JOSEBA IZTUETA

Egun osoko ahaleginaren ondotik, leher eginda heldu ziren gora. Hein batean horregatik, Borrokak darrai izena jarri zioten bideari, baina, berez, izenak bazuen zuztar sendoago bat: gerrak eta kolonizazioak zauritutako Rif eskualdearen historia gogora ekartzea. «Joseba Sarrionandiak berak luze idatzi zuen horri buruz Moroak gara behelaino artean? liburuan. Rifek eman zuen iraultzaren lehen pausoa Espainiaren eta Frantziaren aurkako deskolonizazio prozesuan, eta oso zigortua izan zen horregatik. Gaur egun, berriz, Marokoko Gobernuarekin daukate gerra, herrialdeko beste eskualde batzuen aldean baztertuago sumatzen dutelako beren burua», azaldu du Iztuetak. Horregatik Borrokak darrai.

Rif, Caiat, eskalada
 

Urtezahar egunean hartu zuten bueltako hegazkina, Tangerren, 10 eguneko egonaldia ederki aprobetxatuta, «eskalatzea eskatzen duten» bi bide irekita, urteari amaiera dotorea emanda. Etxean ziren afaltzeko, baina gogoa oraindik ere han zuten, Rifen, Talemboteko horman, tximino basatien artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.