Kostata, baina, azkenean iritsi da 9a zailtasuneko bide bat bistaz egiteko gai izan den eskalatzailea. Alex Megos 19 urteko alemaniarra izan da inoiz lortuko ez zen itxura zuen erronka bete duena. Horretarako, Siurana (Katalunia) eskalada eskolako Estado Critico bidea aukeratu zuen. Hasieran, eskola bereko La Rambla bide klasikoa egitea zen haren asmoa, 9a+ zailtasuneko haren lehen bidea poltsikoratzeko; hormaren azpira iritsitakoan, ordea, ez zen gai izan bidearen nondik norakoa argi ikusteko eta haren ondoan dagoen Estado Critico saiatzea erabaki zuen. Saiatu eta lortu ere, bistaz gainera, eta horrela, 9a zailtasuneko bide bat bistaz eskalatzen lehen eskalatzailea bihurtu da. «Bistaz egin nuen mugimenduak azalduko zizkidan inor ez nuelako inguruan», adierazi du alemaniarrak.
Kalymnosen (Grezia) ospatu zen The North Face Climbing Festival eskalada jaialdia irabaziz erakutsi zuen eskalatzaile gazteak zeresan handia izango zuela etorkizunean. Ez da denbora askorik itxaron behar izan. Hori gutxi balitz bezala, La Rambla eskalatzea ere lortu du Megosek, eta errekor berria ezarri, gainera. Egun bakarrean eta bigarren ahaleginean kateatu zuen bide klasikoa, ordura arte kateatu zuten eskalatzaileek baino azkarrago eta saio gutxiagorekin. «Espero nuen baino errazagoa iruditu zitzaidan», onartu du Megosek. Ziur laster emango duela berriro ere zeresana.
Mendia
9a zailtasuna bistaz eskalatzen lehena izan da Alex Megos
19 urteko alemaniarrak Siuranako 'Estado Critico' bidea eskalatu du bistaz, 9a zailtasuneko lehena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu