Pasang Temba (Ghat, Solo Khumbu, Nepal, 1950) xerpa da euskal mendizaletasunaren historiako argazki esanguratsuenaren protagonista: Martin Zabaletak 1980ko maiatzaren 14an Everest gailurrean ateratako argazkian bera ageri da ikurrinarekin. Zabaletak hainbat aldiz berritu izan du Euskaldunon Egunkarian eta BERRIAn igoera hura. Pasang Tembaren lekukotza da segidakoa. Alex Txikonen eskutik iritsi da Euskal Herrira, eta herriz herri dabil, familia egoera zaila dela eta, laguntza biltzen.
Zer moduz, Pasang?
Ondo. Duela egun batzuk Alexen [Txikon] emaztearekin eta haurrarekin eskolan izan nintzen. Hotz egiten zuen han, haizea ere bai, eta hoztu egin nintzen pixka bat, baina arazorik ez, pare bat egunetan ondo egongo naiz.
Familiako egoera zail baten ondorioz etorri zara Euskal Herrira. Zein da egoera hori?
Aurreko urtean Alex [Txikon] Manasluko neguko espedizioan izan zenean, asko lagundu zidan. Luklan elkartu ginen, eta handik Katmandura joan ginen. Bi belarrietatik entzumena ia galdua dut, eta Alexek 2.000 eurotik gora gastatu zituen entzungailua berritzeko, eta bizitza aldatu zidan, ez bainuen ia ezer entzuten. Orain artean semeak laguntzen zidan: berak erosi zizkidan aurreko bi entzungailuak, bateriadunak, kargatu behar zirenak. Hiru alaba eta seme bat ditut. Aurreko urtean, ordea, semea hil egin zen, Hego Korean zegoela. 49 urte zituen. Arteria presio handia izaten zuen, eta afaldu ondoren, komunean, erori, eta hil egin zen. Eta hortik Alexen laguntza, batetik nire entzungailuena bideratzeko, eta bestetik familiari laguntzeko. Bilobari ere lagundu nahiko nioke, 19 urte ditu, hezkuntza ona jaso du, eta badakit herri euskalduna oso abegitsua dela, eta hari etorkizun bat eman nahiko nioke.
1981ean ere, Everest igo eta hurrengo urtean, Euskal Herrian izan zineten zu zeu eta Pemba Tsering sirdarra. Eta esan zenuen euskaldunok Himalaiara joatea dugula gustuko eta zuek, aldiz, Euskal Herrira etortzea.
Bai, taldekide guztiok elkartu ginen orduan. Zorteduna izan nintzen; zorteduna naiz. 80ko taldekideak, euskal jendea oro har, nire familia zarete. 2005ean ere izan nintzen. Takolo [Joxe Urbieta] bakarrik falta zen orduan, gainerako guztiak bizirik zeuden. Niretzat, guretzat, ederra da beti Euskal Herrira etortzea.
Hain zuzen, Joxe Urbieta Takolo 1980ko espedizioko taldekidearen baserrian egon zinen 1981eko bisita hartan. Takoloren ama ere bizi zen orduan, eta harrituta geratu omen zen Nepalen amari zuek ere ama esaten diozuela jakin zuenean.
Bai, horrela da. Harrituta geratu zen Takoloren ama, guk ere ama esaten dugulako. Takolo oso maitea nuen, oso lagun ona. 1995ean, Shisha Pangman ere elkarrekin egon ginen kanpaleku nagusian. Bera euskal espedizio batean zen, eta ni, nirean, baina sarri joaten nintzen euskaldunen kanpaleku nagusiko sukaldera, eta elkarrekin egoten ginen. Huraxe izan zen ikusi nuen azken aldia. 2005ean, beste euskaldun batzuk iritsi ziren autobusez Everesteko eskualdera, trekkinga egitera, eta Takolori buruz galdetu nien eta hila zela esan zidaten. Erotu beharrean jarri nintzen. Bi egun egon nintzen negarrez. Monasteriora joan nintzen, eta lamari haren aldeko otoitz bat eskatu nion.
Takolo bera, Ricardo Gallardo, Emilio Hernando, Xabier Erro, Juan Ignacio Lorente, aurten Angel Vallejo Rosen... joanak dira.
2005ean etorri nintzenean, Takolo bakarrik falta zen, baina gainerako taldekide guztiekin egon ahal izan nintzen. Nire familia dira. Geroztik asko joan dira, zoritxarrez. Kike [de Pablo], Martin [Zabaleta], Petxu [Olazagoitia], Xabier [Garaioa], Arrue [J. Ramon] eta Felipe [Uriarte] geratuko dira bizirik, ezta?
Bai, hala da. Felipe Uriarte Nepalen dabil asteotan.
Iaz elkartu nintzen Feliperekin Nepalen, semearena gertatu eta gero. Beraz, Nepalen dabil orain ere? Espedizioren batean edo trekkingen bat egiten?
Langtang eskualdean, ibilian. Xerpera-euskara hiztegi bat ari da egiten.
Bai, banuen horren berri zerbait...
Galdera bat ere bidali du zuretzat: zer duzun maiteago, abendu hotzeko arratsaldeko eguzki beroan Ghat jaioterriko zure etxeko hormaren babesean edaten duzun soltxa beroa, edo Gasteizko garagardo freskoa?
[Barreak] Gasteizko garagardoa, aukeran. Pena, zerbeza hori aspaldiko lagun zaharrekin hartu ezin izana.
Egin dezagun atzera, 1980ko maiatzaren 14 hartara. Zori kontuak-edo, zu egokitu zinen goi hartan Martinekin. Gogoan duzu igoera?
Hementxe daukat [burura eraman du eskua], nire memorian ondo gordeta. Hego Lepotik Lorente, Martin eta hiru xerpa abiatu ginen [Ang Nima, Phurba Kitar eta Pasang Temba bera]. Hiru orduren buruan, Lorente eta beste bi xerpak Hego Lepora jaitsi ziren, eta Martin eta biok bakarrik geratu ginen. Gogoan dut elurra bigun zegoela, soup snow, eta elur sakonetan arrastoa zabalduz joan behar izan genuela. 40 metrotik 40 metrora elkarri txandatuz joan ginen. Izugarri nekatu ginen arrastoa zabaltzen. Uste dut 13:00 aldera heldu ginela Hego Gailurrera (8.760 m). Elurra ikaragarri bigun zegoen, eta oso nekatuta geunden.
«Oxigeno maskara eta eskularru lodiak kendu, eta ikurrina lotu nion pioletari. Ondoren, Martinek argazkia atera zidan. Martinek ez dauka gailurreko argazkirik. Sentitzen dut»
Hego Gailurretik gailur nagusirako ertz zorrotzaren ikuspegiarekin beldurtu egin omen zinen, eta zuk esaten omen zenuen behera jotzeko.
Bai, hala da. «Martin, oso berandu da, ez dugu aukerarik, goazen behera», esan nion keinu bidez. Berak, ordea, «oso hurbil gaude, Pasang, saiatu egin behar dugu», erantzun zidan. Eta aurrera egin genuen: elur zubi batzuk zeharkatu, Hillary ataka gainditu, harrizko zubi batean sokarekin elkarri aseguratuz, orduan ez baitzegoen soka finkorik, eta 15:30ean heldu ginen gailurrera. Oxigeno maskara kendu nuen, eskularru lodiak kendu nituen, eta ikurrina lotu nion pioletari. Ondoren, gailurreko txinatar tripodean jarri eta Martinek argazkia atera zidan. Martinek ez dauka gailurreko argazkirik. Sentitzen dut [eskuak elkartu ditu, barkamen eske bezala]. Ondoren, walkie-talkieak hartu eta beheko kanpalekuekin jarri ginen harremanetan, albistearen berri emateko. Hura poza! Ordu erdi inguru egongo ginen gailurrean.
Euskal mendizaletasunaren historiako argazkirik esanguratsuenetako baten protagonista zara. Zer sentimendu sortzen dizu horrek?
Poztasun handia. Zortedunak izan ginen, espedizio arrakastatsua izan zen, eta Pasang oso pozik dago horregatik [happy, happy, happy, happy! errepikatu du lau-bost bider].
Beherakoan larri ibili zinen.
Beherantz hasi eta mugitu ezinik geratu nintzen. «Martin, zer gertatzen da? Ezin dut mugitu...», esan nion keinuka. «Egiaztatu oxigeno botila», esan zidan berak. Agortua nuen. Martinek ere bai. Ilargirik ez zegoen, eta berehala iluna etorri zitzaigun gainera. Hillary atakatik Hego Gailurrerako bidean, tarte batzuetan, lau hankan joan ginen, animaliak bezala.
«Ez nuen batere indarrik, eta erori egin nintzen pare bat aldiz. Martinek gelditu ninduen sokarekin. Bestela hantxe hilko nintzen. Indarrez ekarri ninduen berriro ertzera. Martin oso indartsua zen»
Pare bat erorketa ere izan zenituen.
Ez nuen batere indarrik, eta erori egin nintzen pare bat aldiz, bai. Martinek gelditu ninduen sokarekin, lotuta gindoazen eta. Bestela hantxe hilko nintzen. Indarrez ekarri ninduen berriro ertzera. Martin oso indartsua zen.
Berehala etorri zitzaizuen iluna gainera.
Orduko oxigeno botilak oso astunak ziren; bakoitza 5 kilokoa, eta mendian behera bota genituen. Generaman ura ere izoztuta zegoen. Erabat ilunpean heldu ginen Hego Gailurrera, eta, haren azpian, arrakala edo izotzezko kobazulo bat ikusi genuen, eta hantxe geratu ginen gaua pasatzen, 8.750 metro inguruan. Zortea izan genuen: gau hartan ez zen haizerik izan, eta zerua estalita geratu zen. Oskarbi geratu izan balitz, hotz askoz handiagoa izango genukeen bibak hartan.
Hantxe hilko zineten beldurrik izan zenuen?
«Arrakala zulo honetan geratuko gara», esan zidan Martinek. Askoz aukera gehiagorik ere ez genuen. Behekoei jakinarazi genien, eta larritu egin ziren. Gauean, gainera, walkie-talkieen bateria ere agortu egin zitzaigun. Gau osoan ez genuen behekoekin komunikaziorik izan, eta denak oso kezkatuta zeuden. Martinek hanketan masajeak ematen zizkidan, eta nik ere bai, izozterik ez izateko, beroari eusteko. Ni, hala ere, lokartu egiten nintzen; oso nekatuta nengoen. Biharamunean, 05:00 aldera hasi zen eguna argitzen. Haizea zebilen zuloaren kanpoan, eta elur zirimolak ikusten ziren. Gauean, beso azpian eduki genituen walkiearen bateriak, berotan. Bateria jarri eta komunikazioa berreskuratu ahal izan genuen. «Bizirik gaude: ez dugu izozterik, eta ez dugu istripurik izan», jakinarazi zien Martinek. Zortea izan genuen. Hura poza guztiena! Gu, ordea, oxigenorik gabe, eta oso nekatuta ginen. Laguntza eskatu genien behekoei, bidaltzeko norbait Hego Lepotik guri laguntzera.
Nola edo hala, zuek ere zutitu eta hasi zineten beherantz.
Lorente eta hiru bat xerpa zeuden Hego Lepoan, eta gureganantz etorri ziren. Martinek esaten zien ez genuela indarrik, baina nola edo hala, gu ere beherantz hasi ginen. Balkoia esaten zaion lekuan (8.500 m) topatu ginen behetik guri laguntzera zetozen xerpekin. Tea eta zopa eman ziguten, jatekoa ere bai, baina ez ginen gai solidoa jateko. Likidoarekin indar pixka bat berreskuratuta, 16:00etan heldu ginen Hego Lepora. Eta orduan bai, sekulako poza hartu zuten guztiek. Espedizio arrakastatsua izan zen: ez zen istripurik eta hildakorik izan, inork ez zuen izozterik izan, gailurrera iritsi ginen... Izotz jauzian, xerpa batek, Lapkak, istripua izan zuen, bai, eta helikopteroan eraman zuten, baina osatu zen gero.
Espedizio haren ondoren, emazteak ez omen zizun gehiago espedizioetara joaten uzten, arriskuagatik, trekkingetara bakarrik. Baina jarraitu zenuen espedizioetan lanean.
Bai, jarraitu nuen. Amerikar, alemaniar eta japoniar espedizio batzuek, adibidez, agentziara deitu eta haiekin joateko eskatzen zuten. Altueran eta teknikoki ondo moldatzen nintzelako. «Pasang Temba behar dugu», esaten zuten. 1984an, bigarren aldiz igo nintzen Everestera, Indiako espedizio batekin. Ondoren, ipar-ekialdeko ertzetik ere igo nintzen, Tibetetik, amerikar espedizio batekin. Haize handia izan genuen, baina bost lagun iritsi ginen tontorrera. 1991n Valentziako eta Tarragonako talde batekin izan nintzen, antolaketa lanetan, eta orduan ere arrakasta izan genuen. Espainiar espedizioekin ibili izan naiz batez ere, Cho Oyun, Shisha Pangman, Manaslun... 2009an erretiratu nintzen, Makaluko espedizio batean.
Xerpak, mendiko langile zirenak, espedizioetako protagonista bilakatu dira. Nola ikusi duzu bilakaera hori?
Jende gaztea indartsu dator, Khumbuko eskualdean, Makalu inguruan. Garai bateko xerpak erretiratu dira: Apa Xerpa, Kami Rita... Ang Rita ere hil zen, Katmandun. Alkoholarekin arazoak zituen. Orain xerpa gazteak datoz: ondo prestatzen dira, ez dute edaten eta igoera onak egiten ari dira, eta ez bakarrik laguntzaile moduan.