Sara Agirre (Orio, Gipuzkoa, 1996) zapore gaziarekin itzuli da Antzindik (Nafarroa). Txakur Kroseko Euskal Herriko Txapelketa jokatu du, eta ezin izan du bigarrengoz jarraian txapela etxera eraman. Hala ere, denboraldi txukuna egiten ari da, eta duela bi aste Bizkaiko Txapelketa irabaztea lortu zuen, besteak beste. Espainiakoa ere ez du urruti, eta garaipena du helburu aurtengorako.
Ez du imajinatzen bizimodua txakurrik gabe. Elkarrizketara ere bi txakurrekin azaldu da. Bata, kaiolan du; bestea, berriz, autoan sartuta. Argazkia ateratzeko garaian, Txuri, lasterketetarako erabiltzen duen txakurra, korrika bizian atera da autotik.
Nolako asteburua izan da Antzingoa?
Askoz ere hobeto ibil gintezkeen. Gure gaitasunaren %50arekin jokatu dugu txapelketa: ni gaixorik egon naiz, eta txakurra, berriz, gogorik gabe.
Txakurrekin hasi baino lehenago, zein kirol egiten zenuen?
Saskibaloian ibiltzen nintzen, gehienbat lagunek kirol hori egiten zutelako. Ondo pasatzeko egiten nuen, ez gehiegi gustatzen zitzaidalako. Hala ere, nuen gorputza ikusita, denek esaten zidaten korrika egin behar nuela.
Zenbat urtetan ibili zinen saskibaloian?
14 urte egin nituen arte. Gero, 19 urte bete nituen arte, kirolik egin gabe egon nintzen.
Eta txakurren zaletasuna, nondik datorkizu?
Betidanik izan ditugu animaliak amonaren etxean: txakurrak, oiloak, ardiak, katuak, untxiak... Asko gustatzen zitzaidan animaliekin egotea, eta ia egunero joaten nintzen amonaren etxera.
Nola izan zenuen lehen aldiz txakur krosaren berri?
Behin, Orion, txakur kros lasterketa baten kartela ikusi nuen. Orduan txakur txiki bat nuen, orduan txakurren ile-apaintzaile lanetan ibiltzen nintzelako eta praktikak harekin egiten nituelako. Handik hilabetera, Hondarribian hasiberrientzako jardunaldi bat antolatu zutela ikusi nuen. Joan egin nintzen. Barregarri geratu nintzen! Lehen kilometroa eginda autora eraman behar izan ninduten, ezin nuelako jarraitu. Ez dut batere oroitzapen onik! Gogoan dut han zela gerora munduko txapeldun izan zen Leire Fernandez ere.
Eta noiz eduki zenuen zure lehen txakurra?
Gurasoek txakur bat ekarri zidaten lehenik, maltar arrazakoa; niri, ordea, ez zitzaizkidan txakur txikiak gustatzen. Gurasoei ezer esan gabe, beste bat erosi nuen Internet bidez. Izugarrizko liskarra izan nuen etxean! Hiru hilabete zituen.
Eta segituan hasi al zinen harekin entrenatzen?
Bai. Zortzi hilabeterekin hura entrenatzen hasi nintzen, eta oso denbora gutxian kilo asko galdu zituen. Hainbesteko entrenamenduekin, ez nien utzi haren giharrei beharrezko neurria hartzen. Albaitariak denbora batez atseden emateko esan zidan, gorputza osatuz joan zedin. Ogi Berri enpresakoekin adiskidetasun handia nuenez, haiek txakur bat utzi zidaten denboraldi baterako: Txuri. Azkenean, oparitu egin zidaten, nirekin ohitu zelako eta beste inorekin ez zuelako ibili nahi.
Bestearekin zer egin zenuen?
Oraindik nirekin dago, baina ez naiz harekin lehiatzen. Orduan ez nekien txakur guztiek ez dutela balio korrikarako. Txakur guztiek ehizarako balio dutela esatea bezala da. Bai, ikas dezakete, baina ez da gauza bera. Txakur krosean gauza bera gertatzen da.
Noiz konturatu zinen ez zuela balio lehiarako?
Urtebete egin zuenean. Txuri hartu nuenean konturatu nintzen sekulako aldea zegoela txakur baten eta bestearen artean. Alaskar arrazako txakurra probatu nuenean, beste mundu bat probatzea bezalakoa izan zen, izugarria.
Nola hasi zinen txakur kroserako entrenatzen?
Barregarri gelditu nintzen jardunaldi hartan ikusi nuen zer-nolako taldea zegoen, eta haiekin hasi nintzen entrenatzen. Euskanikross izena du taldeak.
Gogoan al duzu txakur krosean egin zenuen lehen lasterketa?
Bai, Zumaian izan zen, eta anaiaren husky arrazako txakur batekin egin nuen. Azken-aurreko postuan gelditu nintzen, txakurrak ez zuelako gehiagorako ematen. Orduan ikaragarri entrenatzen nintzen, egunero. Hala ere, Zumaiara joaterako herri mailako bi lasterketa jokatu nituen.
Nola entrenatzen zara txakur kroserako?
Astean bitan txakurrarekin irteten naiz: batean, serieak egiten ditut, eta, bestean, txakurrarekin korrika. Horrez gain, mendian beste entrenamendu bat egiten dut, eta jumping-a gimnasioan.
Zenbat denbora entrenatu behar dira txakurrak?
Txakur bakoitza mundu bat da, eta nik ez dakit bakoitzari zer komeni zaion. Nireak, kaiolatik zenbat eta gutxiago atera, orduan eta hobeto lehiatzen dira. Izugarrizko kaiola daukat etxean. Orain gutxi, Biescasen [Aragoi, Espainia] jokatu genuen lasterketa batean, hamar egun lehenago joan ginen bertara, eta beste txakur batzuekin jolasten ibili zen aurreko egunetan, paseatzeko txakur baten antzera. Oso lasterketa txarra egin zuen. Denboraldiz kanpo bai, orduan mendira, hondartzara eta abar joaten gara.
Txakur mota ezberdinekin ibilitakoa zara. Nolakoak izaten dira txakur batetik besterako aldaketak?
Txuri hartu nuen lehen egunetan hiru aldiz erori nintzen. Erorketa batean ebakortza bat ere hautsi nuen. Hasieran oso abiadura handian ibiltzen dira, eta txakurra ez duzunez ezagutzen...
Bizkaiko Txapelketa irabazi berri duzu. Zer esan nahi du?
Izugarrizko poza. Bi urte besterik ez daramat honetan, eta gauza handia da txapeldun izatea. Iaz Euskal Herriko Txapelketa ere irabazi nuen, baina aurten ez da posible izan. Txakurraren mende nago beti. Txuri-k, askotan, gauza aldrebesak egiten ditu. Badakit dena ematen duenean oso aurrean ibiliko naizela, baina berak ez badu nahi...
Askotan egiten al ditu aldrebeskeriak?
Bai, askotan.
Zer-nolako gauzak egin ditzake?
Esaterako, zazpi kilometroko lasterketa batean zazpi aldiz gelditu daiteke kaka egitera eta beste hainbestetan txiza egitera. Askotan ez da izaten beharra duelako, gelditu nahi duelako baizik.
Hori entrena al daiteke?
Bai, orain entrenatzeko ohitura aldatu egin dut. Euskal Herriko Txapelketaren aurreko bi lasterketak oso onak egin ditu, baina baliteke, asteburuan gertatu zaidan moduan, hurrengoa ere okerra egitea. Lasterketa batzuetan bururik ere ez du altxatzen, baina beste askotan arazoak izaten ditu bere onena emateko. Probak egiten ari gara, eta badirudi arazoa konpontzeko bidean gaudela. Ea asmatzen dugun...
Nolakoa da Txuri?
Ero bat da, baina zoratuta nauka! Nire onetik ateratzen nau askotan, baina minutu batera besarkatzen hasten zait. Oso txakur berezia da: nahi badu, mundua jan dezake; baina kontrakoa ere bai. Espero ez dituzun gauzak egiteko gaitasuna du, eta hori oso berezia da.
Bizkaiko Txapelketa irabazita, eta Euskal Herrikoan bigarren eginda, azken helburua Espainiako Txapelketa al da?
Ez naiz edozerekin konformatzen. Aurtengo helburu nagusia Espainiako Txapelketa da, bi aste barru. Irteeran egongo da munduko txapelketan laugarren gelditu den korrikalaria. Nire lehenengo Espainiako Txapelketa izango da, eta esperientzia gisara hartu nahi dut, datorren urtera begira. Hala ere, lehen bosten artean sartu nahi nuke.
Munduko txapelketa jokatzearekin amesten al duzu?
Lehenik, lasterketa on bat egin behar dut Espainiakoan, eta, gero, ikusiko dugu. Ez nuke ezer aurreratu nahi.
Zein izan da orain artean txakur krosean izan duzun egunik onena?
Iazko Euskal Herriko Txapelketaren eguna. Urrozen jokatu zen, eta izugarrizko lasterketa egin genuen. Mutilekin egin nuen lehen kilometroa, eta, ondoren, nik mantsotu egin behar izan nuen erritmoa. Aldapan behera ero baten moduan jaisten zen, eta izutu egin nintzen. Atzera begiratzen zuen, ea jarraitzen nion ikusteko!
Eta ahazteko egunik izan al duzu?
Bai, asko. Bat, esaterako, aurtengo Hondarribiko lasterketa. Ibilbide osoa txizarekin markatuta utzi zuen: zazpi aldiz egin zuen txiza. Txiza egiten ari zen batean, oihuka hasi nintzaion, eta bat-batean geratu egin zen. Asko haserretu nintzen.
Askotan sentitu al duzu ez duzula txakurra kontrolatzen?
Lehen 300 metroetan bai! Irteeretan orekari eusten saiatzen naiz, baina eramaten duen abiadura kontrolatu ezina egiten zait askotan. Arrastaka eramango banindu bezala sentitzen naiz.
Lasterketaren batean tokatu al zaizu korrikalariek txakurrei tratu txarrak ematen ikustea?
Ez. Kirol honetan izugarri errespetatzen dira animaliak. Oso kontrolatuta dago dena, eta, uneren batean norbait tratu txarrak ematen ikusten badute, kaleratu egiten dute. Niri behintzat ez zait tokatu ezer txarrik ikustea.
Txakur kroserako zaletasun handia al dago?
Euskal Herrian lasterketa asko jokatzen dira, baina ez Bartzelonan jokatzen diren adina. Han, ia asteburuero izaten da lasterketaren bat. Ni ia guztietara joaten naiz, eta, askotan, kanpora ere bai: Errioxara, Burgosera [Espainia], Frantziara ere bai...
Zer-nolako maila dago emakumeen artean Euskal Herrian?
Maila badagoela esango nuke. Kanpoko lasterketak lauagoak dira hemengoak baino, eta hemengo gehienak mendian korrika egitera ohituta daude. Niretzat, berriz, lasterketa lauak hobeak dira, azkar ibiltzera ohituta baikaude Txuri eta biok.
Txakur krosean ehuneko zenbateko garrantzia du txakurrak, eta zenbatekoa gidariak?
Niretzat, %80 txakurrak eta %20 gidariak. Munduko onenaren txakurrak ez badu nahi, ez da munduko txapeldun izango. Esan behar da munduko txakurrik onenari erdipurdiko korrikalaria jarrita ez dela txapeldun izango. Biak dira garrantzitsuak, baina txakurra gehiago.
Zer ematen dizu txakurrak?
Dena ematen didala esango nuke. Ez dut aldatu nahi, nahiz eta batzuetan lasterketa txarrak egiten dituen. Askotan eskaini didate beste txakurren bat, baina niretzat nire txakurrak seme-alaben parekoak dira. Oso harro sentiarazten nau Txuri-k.
Eta zuk txakurra?
Gehien gustatzen zaion kirolean aritzeko aukera ematen diot nik. Asko gustatzen zaio edozein pilotaren atzetik ibiltzea, eta, entrenamendu onak egiten dituenean, denbora asko pasatzen dugu horrela jolasean. Hura nazkatu arte haren ondoan egoten naiz.
Espainiako Txapelketarako eta kanpora joateko, federazioaren laguntzarik izaten al duzu?
Ez, ezer ez.
Hala ere, zure kasua ez da ohikoa txakur krosean, babesle batzuk badituzu laguntzaile moduan.
Bai, eta oso pozik nago. Orain arte Euskanikross taldean ibiltzen nintzen, baina, nire babesleak lortu nituenean, haiekin ez jarraitzeko esan zidaten, ez zitzaiela interesatzen podiumetara beste babesle batzuekin igotzea. Baina ni oso pozik nago aurtengo babesleekin. A2Carek diru laguntza ematen dit, Hussek txakurrentzako janaria, eta Katu Horiak albaitari lanak aurrezten dizkit.
Urtea amaitzerako diru pixka bat utziko duzu bidean, ezta?
Bai. Hilabete honetan, esaterako, bi asteburutan kanpoan izango gara, hotelak, txakurraren mantenua... Pentsa, lau txakur ditut, eta txerto bakoitzak 300 euro balio du, bizkarroiak hiltzeak beste 200 euro, txakur bakoitzaren janaria 60 euro hilean... Urtea amaitzerako dirutza da.
Sara Agirre. Txakur kroseko korrikalaria
«%80ko garrantzia dauka txakurrak»
Sara Agirre eta 'Txuri'. Txakur krosean, bikotea, taldea osatzen baitute ezinbestean. Bi urte baino ez daramatzate lehiatzen, baina jada lortu dute txapelketak eta lasterketak irabaztea. Espainiako Txapelketa dute hurrengo erronka nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu