Ilea urdinduta eta 80 urteetan sartuta daude 1974ko Tximist espedizioko hamasei kideetatik bizirik geratzen diren zazpiak: Felipe Uriarte, Luis Mari Saenz de Olazagoitia Petxu, Txomin Uriarte, Julio Villar, Luis Mari Abalde, Juan Carlos Fernandez de la Torre eta Angel Lerma, baina, gutxiago edo gehiago, oraindik mendian dabiltza. Haien izatearen funtsetako bat da mendia. Atzo egun berezia izan zen haientzat guztientzat: 50 geroago, berriro elkartu ziren zazpiak, baita falta direnen alargun eta seme-alabak ere. Haietako batzuk urte asko zeramatzaten elkar ikusi gabe, eta, besarkada eta besarkada artean, izan zen tarte hunkigarririk. Juan Carlos Fernandez, esaterako, Malagan (Espainia) bizi da aspaldian, eta atzo espresuki etorri zen Gasteizera, Euskal Mendizaletasunaren Museoaren Aldeko Fundazioak antolatutako omenaldira.
Bizirik diren zazpi kideez gain, bertan ziren orain dela 11 egun hil zen Angel Vallejo Rosenen semea –Juan Vallejo mendizale ezaguna–, Juan Ignacio Lorenteren alarguna, Rodolfo Kirchen alaba, Juan Kortazarren semea, Ricardo Gallardoren alaba eta Alfonso Alonsoren alaba. Horiek taula gainera igo zirenak, ikusleen artean bai baitziren senide gehiago. Angel Landaren alabak eta Fernando Larruquert zinemagilearen semeak, berriz, Gasteizera bertaratu ezin, eta esker oneko bideoak bidali zituzten. Pako Lusarretaren senideak, berriz, ezin izan ziren bertaratu. Eneko eta Iker Pou anaiek ere bideo bat bidali zuten Peruko Pisco menditik –duela egun gutxi bide bat zabaldu dute han– «aitzindari hauek urratutako bidea txalotzeko eta eskertzeko».
Omenaldian zen 1980ko Everesteko espedizioko kideetako bat, Kike de Pablo, eta harekin batera beste hainbat mendizale: Alberto Iñurrategi, Josu Bereziartua, Amaia Aranzabal, Juanito Oiarzabal...
Erakundeei erreparatuta, Eusko Jaurlaritzaren izenean Mikel Aizpuru Kultura Ondarearen zuzendariak, Ana del Val Arabako Foru Aldundiko Kultura diputatuak eta Jon Armentia Gasteizko Udaleko alkateordeak hartu zuten hitza, eta Tximist espedizioak zabaldutako ateak eta agertutako kemena nabarmendu zituzten. Armentiak, mendizale ezaguna eta Arabako Mendi Federazioko kide izanik, bereziki gogoan izan zuen Angel Vallejo Rosen. «Bidean ikusiko dugu elkar» esanez agurtu zuen.
Bukatzeko, Zigor Egia Euskal Mendizale Federazioko presidenteak oroigarriak eman zizkien taldekideei eta senideei, eta 1974ko Pyrenaica aldizkariko hitz batzuk ekarri zituen gogora, espedizio haren balioak nabarmentzeko, eta guztien gainetik, talde espiritua, talde lana, lagun taldea. Atzo, 50 urteren buruan, berriro elkartu zen lagun taldea.