Irene Sarrionandiak (Iurreta, Bizkaia, 1948) abenduan egingo ditu 67 urte. 11 aldiz egin du Zegama-Aizkorri mendi maratoia, eta Camille-Extreme mendi lasterketaren saio guztietan egon da. Berandu hasi zen, eta zahartzaroa konbentzio bat dela erakusten du.
Jendeak pentsatuko du kirola gazte-gaztetik egin duzula. Baina noiz hasi zinen?
Gaztetan, mendira noizean behin joaten nintzen, kirola deitzeko moduko ezer ez. Oraingo ganorazko kontu antolatu hau bezalakorik ez. Deban [Gipuzkoa], lehenengo alaba jaio eta gero hasi nintzen korrikaldi txiki batzuk egiten, edo mendira gehiagotan joaten. Hasieran, agian, kiloak kentzeko ere bai. Gero, Deban, batek judoko klaseak antolatu zituen, eta horietara joan nintzen.
Judoa ere bai? Benetan?
Gerriko beltza dut, bigarrendan-a. Deban hori zegoelako egin nuen; sasoi hartan, ez zen besterik egongo. Orduan hasi ginen korrika egiten, baina gutxi, Debatik Mutrikura [Gipuzkoa]. Taldean joaten ginen: batean, hiru; bestean, bost. Larunbatetan, agian, sei. Aspaldi, proba bat egiten zen:Deba-Mutriku-Kalbario-Deba korrika. «Egingo dugu!» esan, prestatu pixka bat, eta egin. Behobia hamar edo hamabi aldiz egingo nuen, eta Donostiako maratoia bitan. Orduantxe hasi nintzen asfaltoa utzi eta tarteka Itziartik [Gipuzkoa] gora igotzen.
Mendiaren deia sentitu zenuen berriz?
Nekagarriagoa ere bada asfaltoa, eta beti daude autoak. Mendian probatu nuenean, esan nuen: «Hau beste gauza bat da; hau da nirea!». Orduan hasi nintzen mendian korrika egiten, 45 bat urterekin. Baina bakarrik egiten ikasi behar izan nuen. Errepidean, beti baten batekin nenbilen: edo senarra, edo lagunak. Baina senarrari ebakuntza egin zioten belaunean, eta ezin zuen irten. Orduantxe hasi nintzen bakarrik ateratzen mendira.
Garairako urrats ausarta izan zen?
Posible zela ikusi nuen. Mentalitateak aldatu egiten dira. Duela 30 urte, ez zenuen emakume bat ikusten korrika egiten mendian. Parkean, agian bai... baina pinudietan? Ikusi nuen ahal nuela. Ez zela ezer gertatzen. Zergatik ez dut, bada, egingo? Orduan hasi nintzen nora joan pentsatzen eta abiatzen, kito.
Jendea harritu egiten zitzaizun?
Gaur ere galdetzen didate: «Bakarrik, ez dizu beldurrik ematen?».
Eta gehiegi pentsatu gabe, Zegama-Aizkorri mendi maratoia egiten hasi zinen. Nolatan ez zenuen errazagorik aukeratu hasteko?
Honez gero, 11 aldiz egin dut Zegama-Aizkorri. Baina lehenengoa ez nuen egin, arrazoi polit batengatik: ordurako 50 urte baino gehiago nituen, eta neure buruari esaten nion: «Adin honekin, nora zoaz? Maratoi bat, eta mendikoa?». Niretzat gehiegi izango zela pentsatu nuen, eta ez nintzen ausartu. Bigarrenerako, senarrak eta anaiak izena eman zuten, eta horiek bultzatu ninduten. Beldurrez joan nintzen. Geroztik, hura eta beste hamar egin ditut.
Hasteko, emakume izateari loturiko muga bat hautsi zenuen; gero, adinaren inguruko beste bat.
Benasque-Aneto mendiko maratoian, ez nuen izenik eman zaharregia nintzelakoan, eta, gero, kendu egin zuten lasterketa hori. Zein gustura egingo nukeen Anetora korrika! Begira, hura egiteko aukera galdu nuen neure buruari muga ezartzeagatik. Batzuetan, zerorrek pentsatzen duzuna baino gehiago ahal duzu. Nola diren gauzak: 50 urterekin, beldurra nuen, eta, orain, 66 urterekin, oraindik hor nabil korrika.
Mendizalea poliki igotzen da, paisaiaz gozatzen. Zu noiz hasi zinen mendiei begiratu beharrean erlojuari so?
Ez dut paisaia ahaztu. Oraindik egiten ditut zeharkaldiak familiarekin, ibiltzen. Ez dut bat utzi bestea egiteko. Koinatua mendizalea da, eta esaten zuen mendia lasai joateko zela, hitz egiten, txoriak entzuten, argazkiak ateratzen. Gaizki ikusten zituen korrikan ari zirenak. Orain, korrikalari dabil mendian: «Ene, aldatu naiz neu ere!», esaten du. Nik ez dut sumatu gaizki begiratzen nautenik. Mendizaleen aldamenean, kontuz pasatu behar da, zipriztindu gabe.
Ez al da harrigarria urtez urte denbora gehiago behar ez izatea Zegama-Aizkorri egiteko? Sei ordu 30 minutuen bueltan ibili zara ia guztietan.
Sei ordu 20 minutu izan da nire denborarik hoberena. Baina, duela bi saio, zazpi ordu eta erdi behar izan nituen, oso eguraldi txarra egin zuelako. Hura neure azken Zegama-Aizkorri izatea nahi nuen, baina horrenbeste basarekin horren gaizki egin nuen, horrenbeste sufritu nuen... Hurrengoa egitea erabaki nuen, hobeto egiteko. Horrela egin nuen azkena, hamaikagarrena. Izan ere, neure adina ikusita, arduratzen hasi naiz, eta noizbait utzi egin behar dudala pentsatu dut. Baina noiz utzi behar dut: ibili ezinean ikusleei pena emateko moduan nagoenean? Ez, hori baino lehenago.
Ez duzu berriz egingo, orduan?
Zegamakoa, ez. Izabakoari [Camille Extrem] ez diot oraindik ezetz esan; aurten ere oso ondo egin dut. Izan ere, motzagoa da, 32 bat kilometro, eta parajeak ere ederragoak dira, Pirinioko kutsu gehiagorekin, belarra finagoa da, nahiz eta Ezkaurre ere mendi harritsua izan. Aspertuta nago pinudietan ibiltzen. Denborarekin ere ondo ibili naiz, nire denborarik hoberena egin ez arren: bost ordutan egin dut. Hori lau ordu eta 25 minutuan daukat. Nire atzetik, ia 100 korrikalari sartu ziren; mutil gazteak gehienak, nire adineko atsorik ez.
Izan ere, lasai igotzen zara, eskuak atzean; beste batzuek, ordea, sufrimendu aurpegia dute. Argazki batean ere irribarrez zaude igoera gogor horietako batean.
Igotzen ondo ibiltzen naiz. Behera ere gaizki ez. Zelaian ibiltzen naiz okerren, ez dudalako trebakuntza mota hori egiten; asfaltoan ez ibiltzearren, beti gora. Zelaian, pasatu egiten naute.
Omenaldi bat ere egin zizuten Camille Extremen iaz. Zaurituta zeunden, baina halere parte hartzea erabaki zenuen?
Gihar piramidala edo gluteoa zela, lesionatuta nengoen. Baina probaren hamargarren aldia zen, omenaldia egingo ziguten, eta aurkezpeneko bideoan ere agertzen nintzen... Nahi nuen korrika egin, eta egin nuen. Baina min hartu nuen. Lasterketa hasi aurretik, aurreskua dantzatu ziguten lasterketa guztietan parte hartu genuen bi korrikalarioi. Musika hori niretzat erabat hunkigarria da, eta guri dantzatuta, are gehiago. Malkoak bota nituen. Ibuprofeno pilula hartu nuen hasieran, eta beste bat amaitutakoan. Biharamunean, Debako hondartzara joaten saiatu nintzen, oinez, eta ezin iritsi. Ez dakit zer itxura emango nuen ibiltzean, baina galdetu egin zidaten: «Operatu berri zaude?».
Jana asko zaintzen duzu. Zein da zure dietaren sekretua?
Azken hamabost urteotan, makrobiotika estiloan jaten dut: zereal asko, barazkiak, arraina eta oso okela gutxi. Garai batean, fruta eta barazki gehiegi jaten nituen; baina gorputzak indar gehiago behar du. Gastatu nahi baduzu, hartu egin behar duzu.
Nola aldatu da kirola egiteko modua hasi zinenetik, batez ere emakumeen kirolaren kasuan?
Orain, normala da, alabak ere egiten du. Duela 35 urte, arreta pizten zuen. Ni mutilekin ibiltzen nintzen, eta haien martxa jarraitzeko, arnasestuka ibiltzen nintzen. Gaur, neskak normaltasunaren barruan ikusten dira. Egin eta kito, ez da ezer gertatzen.
Erreferentzia propioak dituzte orain emakume kirolariek?
Mendiko lasterketan, orain ere 200 parte-hartzailetik 180 mutilak dira. Beraz, ez dago batere orekatua. Mutilena da oraindik ere mendiko lasterketen mundua. Baina, aurten, Camille Express Oihana Kortazarrek irabazi du, eta gizonezko irabazleak baino 30 minutu gehiago egin zituen; ez da horrenbesteko tartea.
Orekatzeko bidean dagoela ikusten duzu?
Kopuru aldetik orekatzea zaila ikusten dut. Bizikletan ere ikusten dut urteak beharko direla berdintasuna lortzeko, lortzen baldin bada. Ez dakit zergatik: edo emakumeoi ez zaigu gustatzen hainbeste sufritzea, edo hau egin gabe ere nahiko zoriontsu gaudela pentsatzen dugu. Lasterketa baterako izena eman aurretik,jende kopurua begiratzen dut: 50 edo badaude, badakit horietako 47 mutil gazte sasoikoak izango direla. Halakoetan, ez daukat zer eginik, eta, azkena joateko eta denak bukatu ondoren oholtza desmuntatzen ari direnean heltzeko, nahiago dut ez joan. Jendetza egon dadila begiratzen dut.
Igartzen da genero —eta adin— oreka handiagoa halako kiroletan Iparraldean?
Bai, berdintasun gehiago dago. Sara Trail egin nuen iaz, Saratik [Lapurdi] Larrun mendira, eta, hor,gazteen, zaharren, emakumezkoen eta gizonezkoen nahasketa handiagoa dago. Horretan, 600 parte hartzaile aritzen dira, eta badakizu ez duzula arreta piztuko atzean bakarrik geratzeagatik. Frantziako mendizale taldeetan 70 urteko gizonak eta emakumeak ere ikusiko dituzu. Hegoaldean ez, ez bada Ernio bezalako mendi karismatiko batean.
Nabaritzen duzu ikusleek gehiago animatzen zaituztela emakume eta adineko izateagatik?
Bai.
Eta gustuko duzu, edo nahiago zenuke jendeak besteak bezala tratatzea?
Animatzen nautenean, gustatzen zait, eta askok dagoeneko ezagutzen naute Izaba zein Zegama partean. «Aupa, Irene» esaten didate, eta ondo iruditzen zait. Adinarena onartuta daukat.
Orain, kirolzaleak lehen baino askoz serioago trebatzen dira. Zeu ere, astean sei egunez aritzen zara, korrika dela, bizikletan dela. Ez al da gehiegi?
Orain, asti gehiago daukat. Baina neure entrenamenduak ez dira zehatzak eta ondo aztertutakoak, profesional batek gidatutakoak. Ni gutxi gorabehera aritzen naiz: gaur eguraldi ona egiten du? Bizikletarekin aterako naiz. Bihar haizea? Bizikleta utzi, eta korrika egingo dut. Nik ez dut pultsometrorik ere eramaten. Egin nuen esfortzu proba, jakiteagatik, baina ez naiz zehaztasunari horrenbeste begiratzekoa. Baina adinaren kontua ere izango da: neure urteekin, zer egin behar duzu, serieak egiten ito, edo jarraitu daukazun martxan? Nahikoa da niretzat.
Kirolzale ez direnek ez dute ulertzen sufritzearen mistika hori. Gozatu egiten duzu sufritzen?
Kontua ez da denbora guztian sufritzea, baina tarteka, bai. Iristeko gutxi falta zaizunean, errazagoa izango zen martxa geldotzea, pultsazioak jaistea eta lasaitzea... Baina norberak nahi izaten du hiru ordu betetzean Ezkaurre puntan egotea, eta, ahal badut, egingo dut. Ez dut ukatuko igotzen sufritu dudala, baina lasterketa batzuk guztiz zoriontsu amaitu ditut, Baigorrin (Nafarroa Beherea), esaterako.
«Endorfinak» aipatzen dituzte orain korrikalari konpultsiboek.
Nire kasuan, susmoa dut kafeinak ematen didala bizigarri hori. Normalean, ez dut kaferik hartzen, baina azkenengo bi urteotan, korrika egin aurretik hartu izan dut kafetxo bat, eta bizi-bizi sentitu naiz. Ez dakit hori izan den, edo «hemen nago» sentitzea.
Zein ordutan atera zara Debatik, bizikletaz Zarautzen 10:00etan egoteko?
Ordubete pasatxo egin dut. Bueltan beste horrenbeste. Noizbehinka, Getarian [Gipuzkoa] geratzen naiz, eta bainatu egiten naiz, han itsasoa oso bare dagoelako Debakoaren aldean.
Gorputzak zein seinale bidali behar dizkizu «aski da» esateko?
Erlojuak esango dit ez nagoela lehen bezala Zarautzera heltzeko ordu eta erdi beharko dudanean. Esanda daukat Itziarrera igotzeko indarrik ez dudanean bizikleta elektrikoa erosiko dudala. Zahartzaro zaharrean —batzuentzat zahartzaroan nago dagoeneko—, beldurra ere sartzen da. Baina lasterketetan parte hartzen ez badut ere, gorputza ibiltzeko moduan badut, ibili egingo naiz. Hori baino ez diot eskatzen bizitzari. Hil arte ibili.
Irene Sarrionandia. Mendi lasterkaria
«50 urterekin, beldurra nuen, eta, orain, 66rekin, hor nabil korrika»
Batzuk kirolean beterano izatera heltzen dira; beste batzuk beterano hasten dira kirolean. Azken horietako bat da Irene Sarrionandia. Generoaren eta adinaren tontorrak gainditu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu