2025erako Mendi Film beka zabalik da zinemagile amateur eta profesionalentzat

Mendi Film jaialdiak eta Bizkaiko Foru Aldundiak V. Mendi Film beka iragarri dute, Mendiko Kulturari buruzko ikus-entzunezkoak eta proiektu zinematografikoak sortzen laguntzeko.

2023ko beka Leire Egaña zuzendariak eta haren lantaldeak eskuratu zuten, 'Oinez' proiektuarekin. FIlma iazko abenduan estreinatu zen, eta ikusgai dago aurtengo Mendi Tou zirkuituan. MENDI FILM FESTIVAL
2023ko beka Leire Egaña zuzendariak eta haren lantaldeak eskuratu zuten, 'Oinez' proiektuarekin. FIlma iazko abenduan estreinatu zen, eta ikusgai dago aurtengo Mendi Tou zirkuituan. MENDI FILM FESTIVAL
ramon olasagasti
2024ko ekainaren 29a
05:00
Entzun

Mendiko kulturak hainbat ertz eta ikuspegi ditu: soziala, mendiko jarduerei eta kirolari berari loturikoa, jasangarritasunari, ekologiari eta klima aldaketari loturikoa... Mendiko kulturaren ikuspegi askotariko horiei buruzko proiektuak sortzen laguntzeko, aurten ere martxan da Mendi Film beka, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin. Bekak proiektu bat garatzeko 10.000 euroko diru laguntza eta aholkularitza programa bat eskainiko dizkio hautatzen duten egileari. Zuzendari amateurrek eta esperientziadun profesionalek aurkeztu ahal izango dute hautagaitza, hori da aurtengo deialdiaren berrikuntza nagusia, eta 18 urtetik gorako guztiek hartu ahal izango dute parte, adin mugarik gabe.

Errealizadoreak gazteak izatea, Bizkaian filmatutako proiektuak izatea eta izaera lokal-globala izatea dira aintzat hartuko diren ezaugarrietako hiru. Nolanahi dela ere, aipatutakoak ez dira nahitaez bete beharreko baldintzak; hau da, ez dira faktore baztertzaileak beka lortu ahal izateko.

Hautaketa prozesuak bi fase izango ditu. Lehenengoan, hurrengo fasera igaroko diren bost proiektu finalistak hautatuko dira. Bigarren fasea, berriz, BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiaren 2024ko edizioan egingo da, aurrez aurre, eta ikus-entzunezkoen komunitateko eta mendi munduko kideez osatutako epaimahai batek erabakiko du Mendi Film bekaren bosgarren saria zer proiektuk jasoko duen.

Ondoren, 2025eko BBK Mendi Film Bilbo-Bizkaia zinemaldian estreinatuko da filma.

Beka aurkezteko bideoa.

Proiektuen izena emateko deialdia 2024ko irailaren 30ean itxiko da. Oinarriak eta izen-emateko inprimakia jaialdiaren webgunean daude.

Mendiari loturik, gaiak askotarikoak izan daitezke: mendiko kirolak —alpinismoa, eskalada, xenda zaletasuna, eskia, mendiko bizikleta, trail-running-a, kayaka, espeleologia, slack-line-a, parapentea eta beste batzuk—, abentura, esplorazioa, natura, beste jarduera kultural, artistiko, linguistiko, sozial edo ekonomikoak, ekologia, jasangarritasuna edota klima aldaketa... Guztiak mendiaren eremuan garatuak.

Bekaren 5. deialdia

2020an egin zen Mendi Film Bekaren lehen deialdia. Geroztik, hiru film estreinatu dira Mendi Filmen, eta beste bat lantzen ari dira orain. 2021ean, Tamara Lucarini euskal zuzendariaren Txango izan zen lehen fruitua. Hainbat jatorritako lau neskak, mendirako ohiturarik izan gabe, Bilbotik Pagasarrira eginiko txangoa kontatzen du filmak. 2022an, Marina Garcia Andreu zuzendari kataluniarrak jaso zuen beka, Lobos proiektua filmatzeko. Asturiasen landa giroko herrixketan otsoaren presentziak sortzen duen egonezina eta sineskeriak ditu ardatz ikus-entzunezkoak. 2023an, Leire Egaña zuzendari euskaldunak jaso zuen beka, Oinez lana ontzeko. Mendizaletasuna erritmo sosegatuan ulertzeko era baten aldarria da Oinez. Filma iazko abenduan estreinatu zen, eta Mendi Tour zirkuituan ikus daiteke aurten.

Bekaren 4. deialdiko proiektu irabazlea lantzen ari dira orain: Highline Nervion. Dani Cascales zuzendari andaluziarra ari da egiten Oreka Tolosa eta Slackline Pays Basque taldeak elkarlanean egindako jardueraren filma: 900 metro luze den soka lerroan Nerbioiko ur jauzia alderik alde gurutzatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.