«2021eko arantza atera dut»

Maite Maiora bosgarren izan da Mont Blanceko ultratrailean, atzetik aurrera eginda. Sara Alonsok, lesiotik osaturik, garaipena lortu du UTMBko ETC proba laburrean.

Maite Maiora Mendaroko mendi korrikalaria, pozik, Mont Blanceko ultratraila bukatu berritan. UTMB.
ramon olasagasti
2023ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Maite Maiora (Mendaro, Gipuzkoa, 1980)herenegun goizaldean heldu zen etxera, igande arratsaldean errepidez Chamonixtik abiatu eta gero. Lasterketako nekea gorputzean, lo gutxi eginda, eguerdi partean dentistarenean egon ostean ahoa anestesiatuta... Baina pozik, hala ere, munduko trail entzutetsuenean, Mont Blanceko UTMBn (170 km, 10.000 m+), bosgarren egin ondoren. 2019an hirugarren izan zen, baina zaporea ordukoa bezain gozoa da. Maiorarentzat, irteera puntura iriste hutsa «egiazko karrera bat» izan da. «Arazo eta oztopo asko izan ditut bidean, eta han egotea, bukatzea, bosgarren izatea... oso pozgarria izan da». Denbora ikusgarria egin zuen, 25.02.26, duela hiru urte podiuma egin zuenean baino 40 minutu hobea —25.41.30 egin zuen orduan—.

Burua UTMBn jarria zuen aurten Maiorak, baina lesioak, gaixotasunak eta arazo asko izan ditu. Entrenamenduetan, bi hilabetetik bi hilabeterako plangintzari begiratu, eta ezin izan du inolaz ere paperean jarritakoa bete. «Koronabirusa, bronkitisa, orkatilako zurdaren arazoak... gorabehera ugari izan ditut, eta beti ibili naiz entrenamenduak eta plangintza moldatzen. Orkatilako zurda dela eta, oso-oso justu iritsi naiz irteerara. Duela 15 egun, ez nekien Chamonixen egon ahal izango nintzen ere».

Orkatila zen Maioraren «beldurrik handiena», eta lasterketaren hasieran indarrak gordetzea erabaki zuen. Gaua ongi pasatzea ere giltzarria zen harentzat. «Niri gauez korrika egitea gustatzen zait, entrenatzen ez, baina lasterketetan bai, eta niretzat oso garrantzitsua zen gaua ahalik eta ondoena pasatzea, gero egunez aurrera egiteko. Egia esan, Champex-Lac-en, helmugarako 50 kilometro falta zirela, ikusi nuen ondo nindoala, buruz ondo, indarrez justuago baina ondo, eta han galdetu nuen lehenbizikoz zenbatgarren nindoan. Uste nuen hamargarrenetik atzera nindoala, eta ezustekoa hartu nuen zazpigarren nintzela jakitean». Hortik aurrera, eskertu zuen indarrak gordez joan izana. «Vallorcinera, helmugarako artean 20 km falta zirela, batera iritsi ginen bosgarrena, seigarrena eta zazpigarrena, batera-batera. Eta gordetako indarrei esker, bosgarren egin ahal izan nuen azkenean».

Beraz, duela bi urteko arantza atera ahal izan du Maiorak. Orduan, urdaileko arazoen ondorioz, utzi egin behar izan zuen lasterketa, eta gerozko bi urteotan hortxe izan du arrangura hori, hazka eta hazka. 2021eko aldi hartan, Bertone aterpean utzi zuen proba, 85. kilometro inguruan, Courmayeurretik irten eta 800 metroko desnibeleko aldapa bat igo ondoren. «Aterpearen ondoko harri batean eseri, eta bikotekideari deitu nion esateko uztera nindoala. Aurten, probaren aurretik Courmayeurren geundela, hala esan zidan bikotekideak: 'Pasatzen zarenean harri horretatik, mekaguendios bat bota eta segi aurrera'. Handik igarotzean, begiratu nion harri horri, eta zera esan nuen nire artean: 'Aurten behintzat korrika noa, eta jarraipena emango diot 2021ean utzitakoari'. Une berezia izan zen niretzat. 2021eko arantza atera dut».

UTMBko proba nagusian beste bi euskal korrikalari ere baziren: Javi Dominguez (Gasteiz, 1974) eta Beñat Marmissolle (Atharratze, Zuberoa, 1981), baina arrazoi bat edo beste, biak utzi beharrean izan dira. Dominguezek zortzigarren aldia zuen UTMBn, eta lehen aldiz utzi zuen proba.

Sara Alonso garaile ETCn

Mont Blanceko UTMBren atarian beste hainbat proba laburrago ere jokatzen dira. Horietako bat da ETC (15 km, 1.200 m), guztietan laburrena. Lasterketa horretan lehiatu zen Sara Alonso (Donostia, 1999), eta garaipena lortua zuen. Denboraldi bikaina egin ondoren, ia urtebete egon da geldirik, estres haustura baten ondorioz. Alonsok (1.37:18) hiru minututik gorako aldea atera zion Phillipa Williams britainiarrari (1.40:38). Hirugarren Julia Font espainiarra (1.41:17) izan zen.

Hilabete baino ez du egin «serio entrenatzen», eta zalantza handiak zituen proba honetarako. Horrela adierazi zuen bere sare sozialetan: «Ez nuen pentsatzen irabaztea. Amets eskuragaitza iruditzen zitzaidan. Etorri eta lehiakor sentitzea zen helburua, eta lortu dut. Ez da asko geratzen geunden lekura itzultzeko. Garaipen hau bultzada handia izan da datozen abenturei begira konfiantza eta ilusioa hartzeko».

Aritz Egea (Urretxu, Gipuzkoa, 1984) UTMBren senide txikian lehiatu zen, CCC proban (100 km, 6.156 m+), eta hamabigarren izan zen azkenean. Egeak 11.24.48 segundo behar izan zituen 100 kilometroak egiteko. Jonathan Albon britainiarra izan zen proba horretan irabazle (10.14.25), Jiasheng She txinatarra bigarren (10.22.30), eta Dakota Jones estatubatuarra hirugarren (10.41.40). Aurreko aldian bederatzigarren izan zen Egea, 10.56.36ko markarekin.

UTMBko proba nagusian (171 km, 9.963 m+), emakumezkoetan, Courtney Dauwalter estatubatuarra, faborito nagusia, gailendu zen. Haren denbora helmugan: 23.19.14. Bigarren, Katharina Hartmuth alemaniarra izan zen, atzetik aurrera modu harrigarrian eginez, eta hirugarren, Blandine L'Hirondel frantziarra.

Courtney Dauwalter estatubatuarrak orain arte inork egin gabekoa lortu du, zenbaiten iritziz, trailaren historiako balentriarik handiena: denboraldi berean, Western States (160 km, 5570 m+), Hardrock (160 km, 10.000 m+) eta UTMB (170 km, 10.000 m+) irabazi ditu. Aurreko probetako nekeak gain hartuko ziola eta UTMBn garaipena zail izango zuela iragartzen zuen hainbatek, baina inork ez zion itzalik egin.

Gizonezkoetan, Jim Walmsley gailendu da aurten; 20 urteren buruan —2003an sortu zen proba— lehen aldiz nagusitu da estatubatuar bat Mont Blanceko ultratrailean. Iaz, podiumaren atetan geratu zen Walmsley, laugarren, ordu askotan lasterketaren buruan joan eta gero, eta, aurten, koskarik gorenera igo da. 20 orduko langatik aise jaitsi da, gainera. Haren denbora: 19.37.43.Bigarren Zach Miller izan zen (19.58.58), eta hirugarren, Germain Grangier frantziarra (20.10.52).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.