MENDIA

Badok hamahiru

Gaurtik igandera bitarte egingo dute Ehunmilien hamahirugarren ekitaldia, Beasainen. Hiru proba jokatuko dituzte: Ehunmiliak, Goierriko Bi Handiak eta Marimurumendi. 1.400 korrikalari inguru ariko dira.

Korrikalariak, Beasainen, 2022ko Ehunmilien irteeran. AIMAR IMAZ / GOIERRIKO HITZA
Unai Ugartemendia.
2024ko uztailaren 12a
05:10
Entzun

2010ean lehenbizikoz jokatu zenetik hamahirugarren ekitaldia izango du Ehunmiliak mendi lasterketa ezagunak: gaur hasiko da, Beasainen (Gipuzkoa), eta igandera arte iraungo du. Ia 1.400 korrikalari inguru ariko dira Ehunmiliak, Goierriko Bi Handiak eta Marimurumendi lasterketetan.

Ehunmiliak, hau da, lasterketa nagusia izango da lehena abiatzen: 430 korrikalari inguruk 18:00etan ekingo diote probari, Beasaingo Loinazko San Martin plazatik. Munduko edozein mendi lasterkari izutuko luketen datuak ditu, Euskal Herrian jokatzen den lasterketarik luzeena baita: 171 kilometro luze da. Luzea ez ezik, oso gogorra da: korrikalariek 10.500 metroko desnibel positiboari aurre egin beharko diote Aralarko eta Aizkorri-Arazko parke naturalak zeharkatuta.

Inoiz baino herrikoiagoa da aurtengoa, eta, orain arteko ekitaldi gehienetan ez bezala, faborito argirik gabea. Azken urteetan nabarmendu diren korrikalari gehienak ez dira ariko. Dena dela, iazko lehen eta bigarren sailkatuak lehiatuko dira: Jesus Bailo espainiarra eta Igon Mantzisidor debarra. Haiek dira garaipena lortzeko hautagai nagusiak. Badira zeresana eman dezaketen beste zenbait korrikalari: Radek Motika poloniarra eta Jesus Gil espainiarra, besteak beste.

Gizonezkoetan lehia estua izango bada, zer esanik ez emakumezkoetan. 27 ariko dira. Ez dago izen ezagunik antolakuntzak zabaldutako zerrendan, baina, askoren ustez, Ana Cristina Constantin errumaniarraren, Marianne Pfeiler Opitz austriarraren, Esther Hernandez galiziarraren, Martha Ccorahua Hualipa peruarraren eta Lurdes Palao espainiarraren artean egongo da irabazlea. Elena Calvillok taldeka hartuko du parte aurten. Lehen hiruretan amaituz gero, lau diziplinatan podiuma zapaltzen duen lehen korrikalaria izango da.

Ikusmina G2H proban

Goierriko Bi Handiak (G2H) da luzeraz bigarren lasterketa. Aurten, berebiziko ikusmina piztu du: 500 korrikalarik baino gehiagok ekingo diote probari gaur, 23:00etan. Lasterketaren datuak ez dira nolanahikoak: 90 kilometro luze da, eta 5.500 metroko desnibel positiboa du. Aurtengoak inoizko lehiarik biziena izatea espero da: ultramaratoiko Euskal Herriko Kopa dago jokoan, eta horretan zehaztuko da nor den txapelduna emakumezkoetan. Lehia horretan bi korrikalari dabiltza denen gainetik: Oihana Azkorbebeitia abadiñarra eta Mayi Mujika elgoibartarra. Baina ez dira bakarrak izango. Ariadna Casajuana katalana ere ariko da, besteak beste.

Gizonezkoetan, berriz, lau korrikalari nabarmentzen dira: Joseba Eskudero idiazabaldarra —hark irabazi zuen iaz—, Ander Iñarra lezoarra —Euskal Herriko lineako eta ultrako txapelduna da—, Unai Dorronsoro ataundarra —hirugarren izan zen Ehunmilietan 2019an—, eta Borja Zubizarreta azkoitiarra.

Igandean abiatuko da Ehunmilien azken lasterketa, 12:00etan: Marimurumendi maratoia —42 kilometro luze da, eta 2.300 metroko desnibel positiboa du—. Ez dira ariko iazko bi garaileak: Irati Zubizarreta, min hartuta baitago, eta Dorronsoro G2H proban ariko da. Beste bi lasterketetan bezala, ez dago faborito argirik. 350 korrikalari inguru ariko dira, eta horien artean euskal herritarrak nabarmentzen dira: Aitor Zunzunegi legorretarra, Aitor Mimenza elorriarra, Martin Mac Gragh bilbotarra—bigarren iaz— eta Ainhoa Intxausti segurarra, besteak beste.

 

Elena Calvillo Arteaga: «Taldeka aritzeak ilusio berezia pizten dit»

Seigarren aldiz ariko da Elena Calvillo Arteaga (Beasain, Gipuzkoa, 1970) Ehunmiliak lasterketan, baina lehenbizikoz lehiatuko da taldeka. Koldo Agirre eta Asier Zubeldia izango ditu bidelagun 166 kilometroak osatzeko lanetan. «Ez nuen pentsatzen berriro horrelako lasterketa luze batean arituko nintzenik. Urte hasieran izandako bazkari batean jaso nuen taldeka aritzeko gonbita, eta ez nuen jakin ezetz esaten. Taldeka aritzeak ilusio berezia piztu dit».

Beste lau alditan hartu du parte Ehunmilietan: hirutan Goierriko Bi Handietan, eta beste behin Marimurumendin. Marka du: guztietan igo da podiumera. Historia egingo luke berriro gauza bera eginez gero.

Ez da lehiatu aurten. «Buruak ez dit lehiatzea eskatzen, eta urtean helburu pare bat jartzen ditut». Halere, «oso gogotsu» dago. «Ondo prestatuta nago. Ilusio ikaragarria egingo lidake berriro podiumean egotea». Esperientzia lagun du, eta badaki zeintzuk izango diren zailtasunak. «Gustura ari naiz. Lokatz asko izango dugula iruditzen zait, eta horrelako lasterketa luze batean lan gehiago egin beharko dugu».

Igor Mantzisidor Arruti: «Uste dut lasterketa irekia izango dela»

Bosgarren parte hartzea izango du Igon Mantzisidor Arrutik (Deba, Gipuzkoa, 1979). Esperientzia lagun, ez du prestakuntza berezirik egin. «22 orduz entrenatu naiz asterik luzeenean. Igeriketan, bizikletan eta korrika prestatu dut lasterketa». Bidean, Kilimon Trail, Enkarterri Extrem, Domusa Teknik eta Zegama-Aizkorri mendi lasterketak jokatu ditu. Horietaz gain, Zarauzko Triatloian hartu zuen parte. «Horrelako lasterketa baterako prestakuntza urte askotan egindako lanaren ondorioa da. Hamar urte daramatzat mendian jarduera batean edo bestean. Ia egunero egiten dut kirola, nahiz eta denbora askoan ez izan. Horrek ematen du oinarria».

Prestakuntza berezirik egin ez duen arren, gauzak argi ditu. «Erritmo egokia hartzea da nire asmoa. Iaz, erritmo horrekin aurreko postuetan ibili nintzen, baina aurten ez dakit nola joango den lasterketa. Uste dut irekia izango dela».

Iaz izan zituen arazoak konpontzen saiatu dela aitortu du, baina erronka jarri dio bere buruari. «Ea 25 orduren inguruan ibil naitekeen. Iaz baino lokatz gehiago dagoela dirudi, eta eguraldiak zeresana izan dezake. Lasterketa guztian euria eginez gero, asko gogortu dezake egitekoa».

Hasieran, ez zuen lehiatzeko asmorik, baina antolakuntzatik gonbita jaso eta etxean hitz egin eta gero, baiezkoa eman zuen. «Irailean, Tor des Geants lasterketan parte hartzeko asmoa daukat. Lasterketa amaitzea izango da asmoa; beraz, hari begira Ehunmiliak lasterketa primeran etorriko zait».

Oihana Azkorbebeitia: «Errespetu handia diot gauez korri egiteari»

Iaz estreinakoz aritu ondoren, berriro lehiatuko da Oihana Azkorbebeitia G2H proban (Abadiño, Bizkaia, 1980). Irabazi egin zuen iaz, eta berriro hori egin nahi du. «Aurtengoa berezia izango da. Euskal Kopako txapela dago erabakitzeke, eta Mayi Mujikak eta biok jokoan dugu kopa. Lehen iristen denak eramango du txapela».

«Gogotsu» dago. «Agian, iaz baino gehiago entrenatu naiz. Errespetu handia diot lasterketa honi, gehienbat gauez jokatzen delako. Ez daukat oroitzapen onik iazkoaz». «Asko» sufritu zuen, eta «oroitzapena goxatu» nahi du oraingoan. «Oroitzapen polita izan nahiko nuke».

Ibilbidea ezagutu arren, ezohiko erabakia hartu du, eta zati batean entrenatu da. «Zaldibitik Etzegarateraino joan nintzen lagun batzuekin [42 kilometro], baina egunez egin genuen». Argi du helburua. «Ondo amaitzeko eta iazko denbora jaisteko asmoa dut». Txapelarekin amesten duen arren, «pozarren» egongo da Mujikak irabazten badu. «Atzetik erreleboa etortzea oso seinale ona da. Gu jada zahartzen ari gara, eta jada nahiko txapel lortu ditugu». Euskal Herria Mendi Erronkan izan zuten azken norgehiagoka hark eta Mujikak, eta azkena gailendu zen. Badu azken desio bat. «Inork minik ez hartzea eta inor ez galtzea».

Ander Iñarra: «Erronka da niretzat G2Hko distantzian aritzea»

Estreinakoz arituko da Ander Iñarra G2H proban (Lezo, Gipuzkoa, 1991). Denboraldiko egutegia prestatu orduko hartu zuen helburu. Prestakuntza guztia lasterketa honetara begira egin du. «Begiz jo nuen lasterketa hau. Bidean egin ditudan lasterketa guztiak G2Hra begira prestatu ditut. Skyrunning World Seriesen bi lasterketa jokatu nituen lehenik, eta, ondoren, Kanpezu Ioar, Zegama-Aizkorri eta Euskal Herriko Mendi Erronka probak». Kanpezun eta Euskal Herria Mendi Erronkan irabazita, lineako eta ultramaratoiko Euskal Herriko txapeldun izan da. Urte berean bi txapelak lortu dituen lehena da.

Ez da arraroa distantzia luzea Iñarrarentzat. «Leitzakoaz gain [Euskal Herria Mendi Erronka], 2019an Munduko Kopako Pirin Ultra jokatu nuen, eta horrek ere 68 kilometro zituen. Zortzi orduko lasterketa izan zen, eta nahiko ondo ikusi nuen neure burua». Gozatzen ari da azkenaldian. «Fisikoki eta mentalki oso indartsu sentitzen naiz. Ez dut lesiorik edo gainkargarik izan, eta sasoiko nabil».

Halere, argi dauka «erronka» dela Goierriko Bi Handiak lasterketan aritzea. «Orain arte jokatu dudan lasterketarik luzeena da, eta, gainera, gauez ariko naiz. Horrek lasterketa berezia egiten du».

Mayi Mujika: «Lasterketa polita izango da; gogotsu nago»

Ultramaratoiko Euskal Herriko Kopako laugarrena eta azkena jokatuko du Mujikak (Elgoibar, Gipuzkoa, 1988). Lasterketatik lasterketara asko deskonektatzen duen korrikalaria da Mujika, baina konturatzerako gainera etorri zaio G2Hko erronka. «Lasterketa polita izango da. Bertan erabakiko da Kopako garailea, eta gogotsu nago bukatzeko. G2Hak oso oroitzapen bereziak ekartzen dizkit. Lasterketa honetan hasi zen nire mendi lasterketetako ibilbidea 2016an».

Ordu arte mendian asko ibilia zen arren, erronka jarri nahi izan zion bere buruari. «Kostata amaitu nuen, hemeretzi ordu eta erdian». Geroztik, gauzak asko aldatu dira haren kirol ibilbidean, eta hainbat urtetan euskal selekzioko partaide izan da.

Ultramaratoiko Kopan aritu da buru-belarri aurten. «Denera, zazpi lasterketa eta raid bat jokatu ditut. Oso gogotsu nago, eta belaunak eusten badio, gustura ariko naiz. Makilekin ere arazo batzuk izan nituen azken bi lasterketetan, baina berriak erosi ditut; beraz, ez dut aitzakiarik izango».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.