SARRERA
Erronkaribarra, Belaguako mendiak, Larra-Belaguako iraupen eskiko eski estazioa jendez gainezka egon dira asteburuan. Mendiko eskiko Bandres-Karolo Oroimenezkoan —Euskal Herriko txapelketa ere bazen— 200 bat eskiatzaile elkartu dira, eta haien familiak eta lagunak. Iraupen eskiko Euskal Herriko Txapelketan, berriz, 65 eskiatzaile eta haien inguru zabala. Lehiatzera joan direnez gain, ehunka zale ere hurbildu dira Euskal Herriko Pirinioetara, elurraz eta eskiaz gozatzera. Kirol txikiak dira, berez, iraupen eskia eta mendiko eskia, beste kirol batzuen aldean ez baita jende asko ibiltzen haietan, baina kirol horietan izaten diren bizipenen indarragatik-edo, lagunarte trinkoak sortzen dira. Fermin Illarregi mendiko eskiatzaileak, Izaskun Zubizarreta bikotekideak emandako enkargua bete zuen Izaban: «Esan zidan zuei guztioi eskerrak emateko, konpartitutako guztiagatik, eta esateko jarrai dezazuela disfrutatzen, berak esaten zuen bezala, munduko kirolik politenaz». Kirol baten edertasuna ez baita hura egiten duen jende kopuruaren araberakoa. Munduko San Mames guztietakoa baino ederragoa izan liteke Belaguako mendien edo Izabako zinemaren neurrikoa.
ALBISTEAK
Marta Riba eta Daniel Izquierdo garaile Bandres-Karolo Oroimenezkoan
Mendiko eskiko Bandres-Karolo Oroimenezkoa eta iraupen eskiko Euskal Herriko Txapelketak jokatu dira asteburuan Larra-Belaguako mendietan eta eski estazioan. Izaba elurraren hiriburu izan da, eta giroa paregabea izan da asteburu osoan. Larunbatean egin zen Bandres-Karolo Oroimenezkoa, eta Marta Riba kataluniarra eta Daniel Izquierdo soriarra gailendu ziren Belaguako aterpean jarritako helmugan. Mendiko eskiko Euskal Herriko Txapelketan, berriz, Nahia Quincoces mendexarra (Bizkaia) eta Asier Labairu iruindarra izan ziren txapeldun. Mendi-mendiko baldintzetan jokatu zen larunbateko proba, goizean goiz oso gogor baitzegoen elurra. Ondorioz, lehen jaitsieran, Igone Campos zumarragarrak, faborito nagusietako batek, erorikoa izan zuen, eta sorbalda atera eta besahezurra apurtu zuen. Nafarroako suhiltzaileen erreskate taldeko helikopteroak Iruñeko Unibertsitate Ospitalera eraman zuen eskiatzailea. Arratsaldean, Izabako zineman jarraitu zuen festak. Fermin Illarregi eskiatzaileak, probaren arimetako batek, Izaskun Zubizarreta bikotekideak utzitako enkargua bete zuen, eta sakon hunkitu zituen zineman bildutako mendiko eskiatzaileak: «[Izaskunek] enkargua eman zidan zuei guztioi eskerrak emateko, konpartitutako guztiagatik, eta esateko jarrai dezazuela disfrutatzen, berak esaten zuen bezala, munduko kirolik politenaz». Eta horixe egin zuten Izaban bildutakoek, goizean mendian eta arratsaldean zineman. Hori gozatua hartu zutena, adibidez, Belen Eguskizaren eta Poto Gorrotxategiren Alpeetako zeharkaldiari buruzko emanaldiarekin. Bandres-Karolo Sariaren aitortza Donostiako Club Vasco de Camping elkarteak jaso zuen.
Irati Cuadrado eta Ibai Letona iraupen eskiko Euskal Herriko txapeldun
Larra-Belaguan bertan, iraupen eskiko Euskal Herriko Txapelketak jokatu ziren larunbatean eta igandean: larunbatean esprint distantziako probak, eta igandean, distantzia luzekoak. Guztira 65 eskiatzaile elkartu ziren Larra-Belagua eski estazioko Contienda eremuan, haien artean kataluniar eta aragoiar batzuk ere bai. Euskal Herriko taldeen artean, Irrintzi, Erronkari, Uharte eta Alpino Uzturre taldeetako eskiatzaileak aritu ziren lehian. Emakumezkoetan, maila nagusian, esprint modalitatean eta distantzia luzean podium bera izan zen: Irati Cuadrado (Irrintzi) irabazle, Cynthia Martinez (Irrintzi) bigarren eta Magali Lekue (Uzturre) hirugarren. Gizonezkoetan, berriz, esprint distantzia Peio Añarbe gasteiztarra gailendu zen Hodei Juaristi Uzturreko eskiatzailearen eta Luka Garcia-Fresca Uharteko kidearen aurretik. Distantzia luzean, berriz, Ibai Letona (Irrintzi) izan zen Euskal Herriko txapeldun, Irular Eskisabel (Elur Giro) bigarren eta Hodei Juaristi (Uzturre) hirugarren.
Eneko Carretero eta Geila Macia txapeldun Klimb Zarautz Masters proban
Goi mailakoa izan zen Klimb Zarautz rokodromoan otsailaren 15ean jokatutako Mastersa, Jacky Godofeek ekipatutako bloke ikusgarrietan. Euskal Herriko, Espainiako eta Frantziako eskalatzailerik onenetako batzuk bildu ziren lehian, eta antolakuntza ere ez zen nolanahikoa izan: Klimb Zarautz rokodromoko ekipatzaileekin batera, egun routesetter lanetan munduko erreferentzia den Jacky Godofee frantziarra eta Madrilgo Sputnik rokodromoko Juan Antonio Jimenez Portillo (@boulderlab) izan ziren. Guztira 73 eskalatzailek hartu zuten parte, hiru txandatan banaturik, eta sei emakumezko eta sei gizonezko igaro ziren finalera, tartean zenbait euskal herritar. Gizonezkoetan, Eneko Carretero zumaiarra izan zen txapeldun, Guillermo Peinado faborito nagusiari aurre hartuta. Emakumezkoetan, Geila Macia kataluniarra izan zen txapeldun, eta nabarmentzekoa izan zen Udane Mujika elduaindar gazteak lortutako hirugarren postua.
Ultratxikien ultraerronka
UTT Tolosaldeko Ultratrail erronka aurkeztu zuten otsailaren 15ean. Aurtengo irailaren 13an egingo dute lehen aldiz mendiko lasterketa hori, Iruran (Gipuzkoa) hasi eta bukatu. Ultratxikien ultraerronka izango da; izan ere, zortzi herri txikiren artean antolatuko dute, eta BERRIA da babesleetako bat. Mendiz mendi eta herriz herri, Tolosaldeko tontor eta herri hauetatik igaroko da ibilbidea: Irura, Loatzo, Uzturre, Belabieta, San Lorentzo, Ipuliño, Berastegi, Elduain, Erroizpe, Lizartza, Muñobil, Altzo, Alegia, Iruntxur, Santutxu, Albiztur, Ubeltz, Herniozabal eta Irura. Hain zuzen, ibilbideko zortzi herri txiki horien artean banatu dituzte antolakuntzaren ardurak eta lanak. Lasterketaren «filosofia» nabarmendu zuten denek aurkezpenean, eta herri txikien alde egindako apustua. «Modu kolaboratiboan antolatzen den lasterketa bat da, eta BERRIA babeslea da, bat egiten duelako gure filosofiarekin eta guk ere mendia erdigunean daukagulako gure mendiko kanalaren bidez», azaldu du Ainara Lasak, BERRIAko marketin arduradunak.
Aitor Ugarte: «Mimo handiz prestatu nahi dut datorren urteko mendi eskiko denboraldia»
Lesio batzuk eta ikasketak zirela medio, lehia albo batera uztea erabaki zuen duela hiru urte Aitor Ugartek (Aramaio, Araba, 2002). Itzuli egin da orain, «indarberrituta eta oso motibatuta». Bere garaian izan zuen maila berreskuratzea du amets. Berriro ere probetan parte hartzen hasi berri den honetan, lehiatzeko sentitu behar den motibazio hori sentitu du. Asteburuan Bandres-Karolo proban ibili da; otsailaren 22an eta 23an bertikaleko eta banakako Espainiako txapelketak jokatzeko smoa du, eta ondoren, Causiat Extreme [Candanchu, Aragoi, Espainia] izango dugu martxoaren hasieran. «Denboraldia ilusioz amaitzea da xedea, eta gero ikusiko dut zer egin. Aurten [mendiko lasterketetan] zerbait txukuna egin nahi dut, jakinik zer bilakaera izan dudan azken hilabeteetan. Motibatuta amaitu nahi dut mendi eskiko denboraldia. Datorren urtera begira bai, mendi eskiko denboraldia mimoz prestatu nahi dut».
Rosa Eguren: «Ea euskaraz gehiago idazteko joera horri eusten diogun»
Donostiako Vasco de Camping elkarteak Errimaia aldizkariaren 100. zenbakia argitaratu du berriki. Pantailen eta sare sozialen garaiotan, «memoria idatziz jasotzearen garrantzia» azpimarratu du Rosa Eguren zuzendariak (Donostia, 1973). Hainbat hamarkadatan egindako bidearen zutabeak zein diren azaldu du zuzendariak: «zuzendaritzaren ikuspegia, aldizkari bat argitaratzeko eta bazkideei jardueren berri emateko; bazkideen interesa egiten dutena kontatzeko; eta, azkenik, gutxi batzuk horri forma emateko prest daudenak». Elkarteak 4.000 bazkide eta hainbat sekzio ditu, eta horiei guztiei ematen die ahotsa aldizkariak, puzzle bat osatzen duenak bezala. Suso Aiestaran, Miren Muñoz, Juancar Sanz eta Eguren bera dira erredakzio taldeko kideak. Euskarazko artikuluei buruz galdetuta, adierazi du gero eta gehiago jasotzen dituztela; «ea joera horri eusten diogun».
Urruneko maitasun bati emanak
Donostiako Vasco de Camping elkartearen egoitzan, taldearen 75. urteurrena dela eta, erakusketa berezia dago ikusgai martxoaren 14ra arte: Javier eta Jenny Eguskizaren Himalaia. Izenburuak besterik iradoki badezake ere, Javier eta Jenny ez dira Himalaiako mendietan sarri-sarri ibilitako mendizale zailduak; berez, behin baino ez ziren izan munduko mendikaterik garaienean, 1974. urtean hain zuzen. Tximist espedizioko kideei bisita egitera joan ziren Javier eta Jenny Himalaiara, Txomin Uriarte taldekidea lagun-laguna baitzuten, Jennyk hala baitu oraindik. Eta Luklako aireportu txikira eginiko hegaldian, airetik begiztatu zituzten Everest eta gainerako erraldoiak, eta menditzar haiek sortutako lilurak bizitza osorako maitemindu zituen hala bata nola bestea. Javier —Kartajanari ezizenez ezagunagoa, mapak irensteko zuen zaletasunagatik— zortzimilako guztietako igoerei buruzko datuak biltzen hasi zen, eta, Elisabeth Hawley lagunarekin batera, Himalaiako kronikari entzutetsuena bihurtu zen. Jenny, sortzetikoa duen zaletasunari bide emanez, mendiak (ere) margotzen hasi zen. Urruneko maitasuna izan zen biena, eta hari emanak bizi izan ziren. Kartajanari EMMOA fundaziori dohaintzan emandako liburuak —munduko liburutegirik onenetakoa zen berea— eta Jenny Eguskizak olioan eta akuarelan margotutako hamalau zortzimilakoak daude ikusgai erakusketan.
Eneritz Aramendi eta Iraitz Legorburu izan dira irabazle Kobaz Koba Trail lasterketan
Guztira 614 korrikalarik parte hartu zuten otsailaren 9an Zestoako Kobaz Koba Trail mendi lasterketaren bederatzigarren ekitaldian, Antola Arazi IKT eta Agiro mendi klubek Zestoako Udalaren laguntzarekin antolatutako proban. Eguna haizetsu eta euritsu esnatu zen, eta korrikalariek lokatz ugari topatu zuten mendian, baina probaren parterik handienean ateri eutsi zion, ikusleen eta boluntarioen zorionerako. Zaldei ibilbide luzean, Eneritz Aramendi azpeitiarra (2.58.12) eta Iraitz Legorburu getariarra (2.14.39) nagusitu ziren. Aramendik hiru minuturen aldea atera zion bigarrenari, Naroa Uria herrikideari, eta Tanit Perez de Lezeta donostiarra izan zen hirugarren. Gizonezkoetan, berriz, Paul Ormaetxea muruetarrak eta Beñat Ibañez zumarragarrak osatu zuten podiuma. Artzei bidean edo ibilbide laburrean, berriz, Ainara Urrutia aretxabaletarra (1.33.05) eta Mikel Arriola eibartarra (1.17.14) izan ziren aurrenekoak. Emakumezkoetan, Ane Elzaurdia beratarra izen zen bigarren, eta Irati Larrañaga usurbildarra hirugarren. Gizonezkoetan, berriz, Joxe Errasti oriotarra izan zen bigarren, Arriolarekin lehia estua izan ondoren, eta Ibai Angulo azpeitiarra igo ziren podiumaren hirugarren mailara.
EMFko alpinismo talde osatu berriak lehen irteera egin du Bielsako izotz jauzietara
Euskal Mendizale Federazioaren (EMF) alpinismoko teknifikazio taldeak ekin dio bere prestakuntza zikloari. Otsailaren 8an eta 9an Pirinioetako Pineta haraneko eta Bielsako izotz jauzietan eskalatu zuten taldea osatu berri duten hiru neska eta hiru mutil gazteek eta Iban Silvar Gil federazioko teknikariak. Larunbatean, teoria eta praktika saioen ondoren, taldekideek hainbat izotz lerro eskalatu zituzten, eta torlojuak sartzeko eta bestelako teknikak hobetzeko aukera izan zuten. Igandean, progresioari eta torlojuak ezartzeko teknikari jarri zioten arreta. Taldearen arduradunek oso positibotzat jo dute irteera hau, taldearen kohesioari begira batez ere. «Esperientzia honek prestakuntza programaren oinarri sendoa ezarri du, eta hurrengo hilabeteetan hainbat alpinismo diziplina landuko ditugu, hala nola mendiko eskia, harkaitz eskalada eta neguko alpinismoa», jakinarazi dute
Seb Montaz-Rosset zinemagileak jasoko du aurten Nazioarteko Mendiko Filmen Aliantza - IAMF Sari Nagusia
Sebastien Montaz-Rosset zinemagile frantziarrak jasoko du aurten Nazioarteko Mendiko Filmen Aliantza osatzen duten jaialdien sari nagusia. Besteak beste, Flying Frenchies taldearen eta Kilian Jornet, Charles Dubouloz, Hillary Gerardi eta beste hainbat alpinista entzutetsuren filmak eta jarduerak zuzendu ditu Montaz-Rossetek.
Hiru Handiak probarako izena emateko epea zabalik
Otsailaren 10az geroztik, zabalik da 2025eko Hiru Handiak probarako izena emateko epea. Urriaren 11n izango da aurten Manuel Iradier taldeak antolatutako proba. Otsailaren 23an itxiko da epea, eta zozketa martxoaren 1ean egingo da. Informazio gehiago taldearen webgunean.
Ekainaren 15ea izango da aurten Kosta Trail proba
Ekainaren 15ean izango da aurten Bizkaiko Uribe Kostako proba entzutetsua. Hiru distantzia izan ohi dira: mendiko maratoi erdia (21 km), mendi martxa (20 km) eta familia osoarentzako martxa (7 km). Euskal Herrian itsas mailan egiten den mendiko lasterketa bakarra da Kosta Trail. Izena emateekin bildutako dirua GaituzSport fundazioari emango dio antolakuntzak, desgaitasunen bat dutenen artean kirola eta jarduera fisikoa sustatzeko. Probaren orain arteko ekitaldietan 200.000 euro bildu ditu antolakuntzak. Informazio guztia probaren webgunean.
Hamar ibilaldi izango dira aurten BBK Mendi Martxaren laugarren ekitaldian
BBK Mendi Martxak ekinaldiaren laugarren aldiak Bizkaiko ingurune naturala hobeto ezagutzera gonbidatzen ditu bizkaitar guztiak, ingurune hori hobeto zaindu eta babesteko. Ekitaldi honetan, familientzat bereziki diseinatutako hiru ibilbide, laburrago eta eginerrazago izango dira, ume eta heldu nagusiei mendi-ibiliak egiteko aukera eskainiz. Halaber, aurtengoak badu ingurumen erronka bat ere: ibilaldiak karbono aldetik neutroak izatea, Busturialdean 300 zuhaitz landatu izanari esker. Aurtengoa otsailaren 2an hasi zen, Berrizen, eta mendizaleak Amaraunera igo ziren. Maiatzaren 25eko irteera Urduñako Txarlazora izango da, Lurgaiak dinamizatutako sentsibilizazio jarduerarekin. Ekainaren 8an Galdakaoko Ganguren herrian zehar izango da txangoa, eta han familientzako mendi teknikak irakatsiko dira, Bizkaiko Goi Mendi Eskolaren eskutik. Familientzat antolaturiko hirugarren irteera ekainaren 15ean izango da, Lemoan Lemoatxara igotzeko, eta han ere Lurgaiak dinamizatutako sentsibilizazio jarduera bat izango da. Beste zazpi ibilaldiak hauek izango dira: martxoaren 16an, Portugaleten; maiatzaren 4an, Ortuellan; maiatzaren 18an, Zeberion; irailaren 28an, Barakaldon; urriaren 19an, Mungian; eta azaroaren 9an, Basaurin. Ibilbideei, izen emateei eta beste xehetasun batzuei buruzko informazio guztia hemen.
IBILBIDEAK
Hiruerreketa, Deba ibaiaren sorburua
Mende askoan, gatza izan da Leintz Gatzagako bizigarria. Urre zuria esan izan dioten horrek, herria sortzeaz gain, izena ere eman zion. Deba ibaiaren sorburuko hiru errekak eta gatzaren museo monografikoa bisitatuko ditugu ibilbide honetan. Txangoaren osagarri, gatzaren museoa ere bisita dezakegu. Gatzaren ustiapenaren bilakaera erakusten du museoak, eta mineral horrek izan duen garrantzia ulertzen laguntzen digu. Burdin Aroan hasi eta 1972ra arte aritu ziren gatzagan; hain zuzen, itsasoko gatzaren konpetentziaren ondorioz itxi zuten arte.
Urkabustaiz eta Gibilloko altxorrak
Mendiko bizikleta hartuta, Arabako ur jauzirik famatuenetara eramango gaituen ibilbidea dugu hauxe. Tartean, otso zuloak eta 1936ko gerraren aztarnak ere topatuko ditugu. Arabako mendebaldean, Urkabustaiz udalerria dago Gorbeialdeko eskualdearen barnean; orokorrean, inguru hori ez da oso gorabeheratsua, baina mendebaldetik eta iparraldetik 500 metro inguruko labar ikusgarriek banatzen dute Nerbioi eta Altube ibaiek sortutako haranetatik. Amurrioko Lezamatik abiatuta, Goiuriko eta Nerbioiko ur jauziak lotuko ditugu.