«Kirola muturrera eramatea ez da batere osasuntsua»

ramon olasagasti
2025eko martxoaren 19a
09:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ainara Urrutia (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1981) «berandu» hasi zen korrika, 2019an, 37 urte zituela. Ordurako bi alabaren ama zen, eta «gorputzak eta batez ere buruak eskatuta» hasi zen berriro ere kirola egiten, oso kirolaria izan baita betidanik. «Behin probatuta, gustatu egin zitzaidan, eta gaur arte!». Hasi bazen hasi, ezin konta ahala garaipen lortu ditu mendiko lasterketetan, baina garaipen horien guztien gainetik, bestelako mezuak nabarmendu nahi izan ditu: «Nola neurtzen da denboraldi bat bestea baino hobea dela? Garaipenei begiratuta? Niretzat, bizipenak, emozioak, gustura sentitzea eta ikastea dira gauzarik garrantzitsuena. Gogotsu nago, gustuko dut korrika egitea, on egiten dit, eta asko gozatzen dut». Iaz, uko egin zion Skyrunning zirkuituan eta goi mailan lehiatzeari, eta babesleen hainbat dei eta askotariko eskaintzak jaso arren, «kirola lasaiago» bizitzeko erabakia hartu zuen. «Sentitu nuen pisu handiko motxila bat kendu nuela gainetik. Nire ustez, neurri handi batean horri esker disfrutatu eta gozatu nuen asko iazko denboraldian». Korrikalari gazteei begira ere, Urrutiak uste du garrantzitsua dela mendia, korrika egitea eta kirola bera «jolas modura» ulertzea. «Neska gazteek kirola egin behar dute. Baina aurretik egon behar dute lagunekin eta familiarekin egoteak, parrandak, ikasketek. Kirola muturrera eramatea ez da batere osasuntsua».

Ainara Urrutia: «Ezinbestekoa da mendi lasterketak jolas modura ulertzea»

Mendian korrika berandu hasi zen Ainara Urrutia (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1981), baina hasi bazen hasi, geratu gabe dabil geroztik, eta Euskal Herrian gutxi izango dira azken bost urteotan berak adina garaipen lortutakoak. Korrikalari izateaz gain, iaztik euskal selekzioko hautatzailea ere bada. Denboraldia hasi orduko lasterketa bat irabazi zuen, Zestoako Kobaz Koba, baina oraindik ere kilometro eta entrenamendu gehiagoren faltan sumatzen du bere burua. «Oraindik ordu asko egin behar ditut mendian, denboraldia osorik antolatzeko. Oraingoz, sentsazioei eta gogoari kasu egin, eta gorputzari entzuten nabil. Oraintxe bertan, lasterketak ez dira nire lehentasuna; familia eta ni neu gara lehentasuna». Pozik dago, gero eta emakume korrikalari gazte gehiago ikusten dituelako, baina horrek berak «sentimendu kontrajarriak» eta kezkak ere sortzen dizkio: «Kirol hau serio hartu daiteke, baina ezinbestekoa da jolas modura ulertzea».

Dardara beteko egunak Patagonian

Ibon Mendia (Iruñea, 2002) eta Tasio Martin (Urduña, Bizkaia, 2000) eskalatzaileek berealdiko denboraldia osatu dute Patagonian. Oso gazteak izanagatik, maila teknikoa eta ahala ez ezik, abenturarako gogoa eta bide berriak sortzeko grina ere erakutsi dute Mendiak eta Martinek. Denboraldia amaitzear zela, hiru txiletarren erreskate zailean parte hartu zuten, baina horren aurreko bi hilabeteak dardara betekoak eta bizi-biziak izan ziren. Aste horietan, bi bide berri zabaldu zituzten, bata Paineko Ipar Dorrean eta bestea Mermoz Orratzean. Painen, lau dorreetatik hiru igo zituzten abenduan, eta, horrez gain, Ipar Dorrean Erresistentziara kondenatuak bidea zabaldu zuten (420 m, 7a). «Kalitate handiko bidea dela esango nuke, eta lekua bera eta hango giroa, ikaragarriak. Bide guztia garbi utzi genuen, gainera, ezer zulatu gabe», nabarmendu du Mendiak. Argentinako Patagonian, berriz, Mermoz Orratzean Dardara bidea ireki zuten (500 m, 7b+?), are zailagoa eta esposizio handiagokoa. Bideak zabaldu ez ezik, beste hainbat eskalada eta saiakera on egin zituzten, Egger Dorrean eta Fitz Royko El Corazón bidean, adibidez. Lekuari buruz, hauxe esan du Tasio Martinek: «Bizitza benetan bizitzeak, gustuko ditugun gauzak egiteak, eskalatzeak eta horrelako uneak lagunekin batera bizitzeak barnean zerbait mugiarazten dizu, dardara moduko bat. Eta Patagoniako mendiek ere horixe sorrarazten dute».

Ane Hernani eta Lur Basterretxea, eta Wilfried Jumere eta Davide Rivero garaile Regil zeharkaldian

Mendiko eskiko 56. Andres Regil zeharkaldia egin da asteburu honetan Europako Mendietan. Taldekako Euskal Herriko Txapelketa izan da Regil zeharkaldia, baita mendiko eskiko Euskal Herriko Kopako hirugarren eta azken proba ere. Proba bera Wilfried Jumere frantziarrak eta Davide Rivero italiarrak osatutako bikoteak irabazi zuen gizonezkoetan, eta Ane Hernani eta Lur Basterretxea bikoak, emakumezkoetan. Gizonezkoetan, Aitor Ugarte eta Jon Razkin izan ziren bigarren, eta, beraz, haientzat izan zen Euskal Herriko bikotetako txapela. Hirugarren, sailkapen nagusian, Joseba Tobar eta Joseba Ormazabal izan ziren. Gaztetxoen mailan, Ibai Hernani eta Unax Sologaistoa bikotea gailendu zen.

Eskiatzaile frantsesak nagusi Pierra Mentan

Pierra Menta mendiko eskiko munduko probarik handienetakoa egin da martxoaren 13tik 16ra, Frantziako Alpeetako Beaufortain bailaran, eta frantsesen nagusitasuna izugarria izan da. Emakumezkoetan, Axelle Gachet-Mollaret eta Lorna Bonnel nabarmen gailendu dira, lau egunen buruan ordubetetik gorako aldea atera baitiete hurrengoei. Gizonezkoetan, bailarako bi eskiatzaile izarrak izan dira irabazle, Xavier Gachet eta William Bon Mardion, 10 egun lehenago bikoteka munduko txapeldun izan zirenak. Lehen etapan Matheo Jacquemoud eta Samuel Equy nagusitu ziren, frantsesak horiek ere, baina Bon Mardion eta Gachet sendoago aritu dira proba osoan, eta azkenean zazpi minutuko aldearekin nagusitu dira. Hainbat euskal eskiatzaile ere aritu dira 2025eko Pierra Mentan. Nabarmentzekoa da Asier Labairu nafarra 29. sailkatu dela Daniel Izquierdo soriarrarekin batera, eta Asier Alonso gipuzkoarra eta Ander de Miguel nafarra, berriz, 32. sailkatu direla. Alpeetako herriek kirol horretan duten maila eta tradizioa aintzat hartuta, meritu handiko postuak dira. Aitor Otxoa oñatiarrak eta Joan Maria Vendrell kataluniarrak, bikotea osatuta aurten, beste behin osatu dute Pierra Menta proba, eta 123. postuan sailkatu. Munduan beste inork baino gehiagotan egin dute Pierra Menta biek: Otxoak hogeigarrena izan du aurtengoa, eta Vendrellek, 23. Ibai Primicia eta Julen Errandonea nafarrek 92. postuan bukatu dute Pierra Menta, eta Gorka Galdos eta Aitor Otamendi oñatiarrek, 148. postuan.

Mendiko eskiko Munduko Txapelketak jokatu dira Morginsen

Mendiko eskiko Munduko Txapelketak jokatu ziren martxoaren 3tik 8ra Morgins herrian (Suitzako Alpeak), hainbat modalitatetan. Hilaren 4an, bertikala jokatu zen. Proba horretan ondo egiteko itxaropen handia zuen Malen Osa oñatiarrak, baina gauzak ez ziren nahi bezain ondo joan, eta 15. izan zen azkenean. Hala adierazi zuen Osak bere sare sozialetan: «Ordu asko eta dedikazio handia jartzen duzunean zerbaitetan, min handia hartzen duzu gauzak ez doazenean uste bezain ondo. Lasterketaren lehen hiru laurdenetan, podiumaren borrokan egon nintzen, baina bat-batean gorputzak lan egiteari utzi zion. Beharbada nire estrategia ez zen behar bezain argia izan, eta, zintzotasunez diot, agian horregatik ez zegokidan postu batean bukatu nuen. Ikasgai handia izan da». Esprinteko proba hori Axelle Gachet-Mollaret frantziarrak eta Remi Bonnet suitzarrak irabazi zuten. Martxoaren 6an, esprinteko distantzian, Iñigo Martinez de Albornoz seigarren izan zen, eta Oriol Cardona kataluniar gazteak irabazi zuen proba. Malen Osa ere atera zen esprinteko proba horretan, eta 48. izan zen. Hilaren 7an, banakako proba jokatu zen. Gizonezkoetan, berriro ere Remi Bonnet suitzarra nagusitu zen, eta emakumezkoetan Tove Alexandersson suediarrak ezustekoa eman zuen Axelle Gachet-Mollaret frantziarrari aurre hartuta. Malen Osa 19. izan zen banakakoan. Azkenik, hilaren 8an, taldekako probetan, Xavier Gachet eta William Bon Mardion eta Axelle Gachet-Mollaret eta Celia Perillat bikote frantsesak gailendu ziren.

Hasi da lineako mendiko lasterketen Euskal Herriko Kopa

Martxan da 2025eko mendiko lasterketen Euskal Herriko Kopa. Lineako proben egutegiko lehen lasterketa egin da joan den asteburuan: Kolazino Mendi Eguna, Bedia herrian (Bizkaia). Emakumezkoetan, Oihana Kortazar izan zen garaile, Onditz Iturbe bigarren, eta Oihana Zubillaga hirugarren. Euskal Herriko Kopako sailkapen orokorrari dagokionez, araudiak dio Koparako izena emanda egon beharra dagoela, eta, lehen biak ez daudenez, Oihana Zubillaga da behin-behineko liderra, Irune Velez de Mendizabal bigarrena, eta Leire Uribe hirugarrena. Gizonezkoetan, Oier Zubeldia gailendu zen, Paul Ormaetxea izan zen bigarren, eta Iñigo Alzola hirugarren. Euskal Herriko Kopan ere hiru horiexek daude sailkapen nagusiaren buruan. Hurrengo proba apirilaren 5ean izango da, Mendaroko Kilimon Trail.

Irati Cuadrado eta Lander Martin garaile iraupen eskiko Euskal Herriko txapelketan

Iraupen eskiko Euskal Herriko txapelketen bigarren txanda jokatu zen martxoaren 8ko eta 9ko asteburuan, Larra-Belaguako eski estazioan. Otsailaren 15ean eta 16an egin zen lehen txanda, Larra-Belaguan bertan, eta esprint distantziako eta distantzia luzeko probak jokatu ziren orduan, skating modalitatean. Martxoaren 8an eta 9an, berriz, estilo klasikoko distantzia luzeko probak jokatu ziren larunbatean, eta errelebo mistoetako probak, igandean. Estilo klasikoko distantzia luzean, maila nagusian Irrintzi taldeko eskiatzaileak izan ziren irabazle, Irati Cuadrado nesketan eta Lander Martin mutiletan. Nesketan Cynthia Martinez izan zen bigarren, Irrintzikoa hura ere, eta Magali Lekue hirugarren, Tolosako Uzturre taldekoa. Mutiletan, Uharte taldeko eskiatzaile Unai Sanz izan zen bigarren, eta Uzturre taldeko Harkaitz Labeaga, hirugarren. Igandean, berriz, errelebo mistoetako probak jokatu ziren, hiruko taldetan banatuta, bai gaztetxoen mailan eta bai nagusien mailan. Bietan zazpina talde lehiatu ziren, neskak eta mutilak nahastuta. Nagusietan, Aitor Maeztu, Irati Cuadrado eta Ibai Letona eskiatzaileek osatutako hirukotea izan zen nagusi; Harkaitz Labeaga, Magali Lekue eta Hodei Juaristi hirukoa bigarren, eta Unai Sanz, Ainhoa Montoya eta Alendro Razkin hirukotea hirugarren.

Ibiltariek jaia egin zuten Elgetan martxoaren 9an

Martxoaren 9an eman zioten itxiera 2024ko iraupen luzeko ibilaldien egutegiari, Elgetan, ibiltarien jaiarekin. Ohiko moduan, goizean goiz mendi buelta egin zuten: Elgetako mendizaleen plazatik abiatu, eta ibilian-ibilian Asentzio ermita, Intxorta, Erdella, Aixola, Egoarbitza eta Azkonabieta lotu zituzten, 23 kilometro inguruko txangoan. Ondoren, bazkaria egin zuten, eta hor banatu zizkieten diplomak iazko iraupen luzeko ibilaldien zirkuituan finalista izan ziren guztiei; hau da, egutegi horretako gutxienez zortzi martxa eta lurralde bakoitzeko bat osatu zituzten guztiei. Sariak ere banatu zituzten, eta Javier Ignacio Gonzalez Dantzaleku Sakana taldeko altsasuarrak (Nafarroa) jaso zuen Shebe Peña Saria.

Mikele Urroz: «Antzerkia, askotan, erantzunik ez duten galderak egiteko lekua da»

Mendia oholtzara eraman du Mikele Urroz zuzendari eta aktoreak (Iruñea, 1985), eta alpinista baten barne gatazken istorioa taularatu du Mendia antzezlanean. Berriozarko Mendialdia zikloan hasi zuen Nafarroako bira, eta datozen asteetan beste hainbat herritara eramango du obra. Mendiari uko egin zion alpinista baten istorioa kontatzen du bakarrizketa egitura daukan obra horretan, senide baten errautsak botatzeko mendira itzultzen den alpinista batena. Espedizio horretan, protagonistak bere nortasunaren askotariko alderdiekin topo egingo du. «Naturaren handitasunak gure txikitasunarekin konektatzen gaitu, eta naturarekin dugun konexio horrek mendia bera bihur gaitzake. Pertsonaiaren nortasunaren askotariko alderdiek talka egitean sortzen da mendia» adierazi du Urrozek elkarrizketa honetan. Pertsonaia itxita dago hasieran, baina mendira igo ahala ireki egiten da. Sokalagunen garrantzia ere nabarmendu nahi izan du: «Sokalagunik gabe ez goaz inora. [...]. Gizatasun horrek sentikor egiten gaitu, talde baten parte izateko beharra baitugu».

Ana Zamorano eta herriko emanaldien eguna, Berriozarko ‘Mendialdia’ zikloan

Martxoaren hasieraz geroztik martxan da Berriozarko BKE Mendi Eskolak antolatzen duen Mendialdia zikloa. Martxoaren 20an, Konfiantza itsua proiekzioa eta hitzaldia emango du Ana Zamorano bidaiariak Labarga elkartean, 19:30ean. Sarrera librea izango da. Martxoaren 27an, herriko emanaldien eguna izango da Zulo Alai elkartean, eta hor ere sarrera librea izango da. Amaia Arangiz, Guratz Azpirotz eta Olatz Azazeta mendizaleek Kazbek, izotzezko mendia ikus-entzunezkoa proiektatuko dute; ondoren, Jose Javier Ruiz Zubikoa Jotas-ek eta Otxola Espeleologia taldeko kideek El río subterráneo del Monte Perdido (Perdido mendiko lurpeko ibaia) emanaldia eskainiko dute. Mendialdia zikloaren baitan, II. Ilustrazio eta Argazki lehiaketa herrikoia ere antolatu du BKE Mendi Eskolak. Helburua, mendizaleok egindako argazki eta ilustrazioak bildu eta erakusketa batean jasotzea da. Martxoaren 13tik 26ra ikusgai izango da erakusketa hori Berriozarko Kiroldegian. Argazki eta ilustrazio irabazleak publikoak erabakiko ditu erakusketan egonen den kutxan sartutako botoen bidez. Hiru kategoria egonen dira: argazki lehiaketa (adin guztietarako); helduen ilustrazio lehiaketa, eta haurren ilustrazio lehiaketa.

Zaldibarko mendi jardunaldiak, datorren astetik aurrera

Hurrengo astean hasiko dira Zaldibarko IX. mendi jardunaldiak. Martxoaren 27an, Erro film laburraren emanaldia egingo dute Amaia Lejarreta zuzendariak eta Janire Etxabe dantzariak. Amaia Lejarreta artista plastiko durangarrak zuzendutako lehen ikus-entzunezko lana da. Bertan, bodypaint-a eta Janire Etxaberen dantza bertikala uztartzen ditu Jon Mendizabalen kameraren eta edizioaren begiradapean. 19:00etan izango da emanaldia, liburutegi zaharrean. Apirilaren 3an, Mendi Tour izango da, eta mendiko lau film proiektatuko dira 18:30etik aurrera liburutegi zaharrean. Apirilaren 7an, III. Zaldutrail lasterketa eta Durangaldeko Koparen aurkezpena egingo dute 18:00etan, eta, ondoren, Oihana Azkorbebeitiak mendi lasterketei eta emakumeei buruzko hitzaldia emango du. Apirilaren 10ean, azkenik, Mikel Perezek Tribuetan galduta hitzaldia eskainiko du. Zer gertatzen da pertsona batek nomada gisa bizitzea eta munduko etnia eta tribu desberdinekin bizitzea erabakitzen duenean? Zer ikaskuntza, erronka eta abentura aurkitzen dira bidean? Hitzaldi horretan, hamar urte baino gehiagoko bizitza nomadako bere esperientzia kontatuko du. Zaldibarko liburutegi zaharrean izango da, 18:30ean.

IBILBIDEAK

Aiztondoko luzerik ederrena

Uharte Arakilgo (Nafarroa) Aiztondo eskalada eskola altxor txiki bat da, ongi aseguratutako hainbat luzeko eskalada bideak gordeak dituena. Horregatik, ez da harritzekoa asteburuero sokaldiak ikustea bertan, ezta eskalada ikastaroak emateko leku gisa aukeratua izatea ere. Esto si es Chamonix da eskola horretako bideetako bat, eta 115 metroko lerro horretan dago eskola osoko luzerik ederrena: hodi itxurako tximinia ikusgarri bat, V+ zailtasunekoa. Bide hori amaitzeko bi aukera daude: 6a+ zailtasuneko luze fin bat edo 6a zailtasuneko aldaera bat.

Dallobasoko telegrafoa

Argomaiz herriko Zabalgainaren eta Mezkiako Sanjuaniturriren artean dorre optiko bat altxatu zuten 1846an, Dallo herritik hurbil. Ez zen Euskal Herrian jarritako eraikin optiko bakarra izan. Izan ere, Madril eta Irun hirien arteko komunikazioa bermatzeko asmoz, makina bat dorre altxatu zituzten hainbat talaiatan eta muin estrategikotan. Gotorleku gehienak desagertuak dira jada, baina oraindik banaka batzuk harrigarriro agertzen dira paisaiaren erdian. Ibilbidean bisitatuko dugun dorrea Arabako Lautadako ekialdean altxatu zuten, Dallo eta Ezkerekotxa herrien artean. Dallobaso izena hartu zuen hark, magalaren iparraldean hazten den basoa erreferentzia hartuta.

NON ZER

Martxoaren 22a
II. Unda-Armikelo mendi lasterketa, Legardan (Araba)
Bi ibilbide: 09:30ean 21 kilometrokoa (+1.250 metro) eta 13koa (+850 metro). Informazioa: https://www.lasterketak.eus/eu/event/unda-armikelo-mendi-lasterketa-2025/

II. La Regaliz BTT martxa, Mendabian (Nafarroa)
09:00etan. Bi ibilbide; 52 kilometrokoa (+1.000 metro), eta 33koa (+550 metro). Informazio gehiago: https://www.ccregalizdepalo.com/

Martxoaren 23a
XIII. Donostia-Hondarribi Talaia bidea mendi lasterketa
Goizeko 09:30ean. 30,8 kilometro (+1.300 metro). Informazioa: www.cdfortunake.com

IV. Lau Haizeta Trail, Mungian (Bizkaia)
Bi ibilbide: 09:30ean 26 kilometrokoa (+1.450 metro), eta 10:00etan 12koa (+552 metro). Informazioa: https://www.lauhaizetatrail.com/

Martxoaren 28tik 30era
Emakume alpinisten topaketak Pirinioetako Tena bailaran
Martxoaren 28tik 30era emakume alpinisten topaketak egingo dira Pirinioetako Tena bailaran, Sonia Casas, Lucia Guichot eta Rocio Monteoliva goi mendiko gidarien eskutik. Hainbat ikastaro, tailer eta teknifikazio jarduera izango dira, baita igoera gidatuak ere. Informazioa eta izen emateak, posta elektronikoaren bidez: guias@rocalia.com

Martxoaren 29a
XII. Amurrio Trail, Amurrion (Araba)
Bi ibilbide: 09:30ean 28,4 kilometrokoa (+1.265 metro), eta 10:00etan 13,5ekoa (+630 metro). Informazioa: https://www.buscametas.com/

Etxauribarko Itzulia, Etxaurin (Nafarroa)
Goizeko 08:00etan. 30 kilometro (+1.500 metro). Informazioa: https://www.mendizmendi.com/Evento/Detalle/248

Laudioko II. Eskalada Txapelketa
Goizeko 09:00etatik aurrera. Informazioa: https://inscripcion.kirolprobak.com/inscripcion/laudio-ii-eskalada-txapelketa/

Martxoaren 30a
LVI. Aizkardiko Ibilaldia, Villabona-Amasan (Gipuzkoa).
Bi ibilbide: 07:00etan, 45 kilometrokoa (+2.500 metro), eta 08:00etan 22koa (+1.000 metro). Informazioa: https://www.aizkardi.com/56Martxa.htm

Apirilaren 6a
LI. Andoaingo ibilaldi neurtua
Hiru ibilbide; 07:00etan 43,5 kilometrokoa (+1.960 metro), 08:00etan 21ekoa (+990 metro), eta 09:00etan 10ekoa (+480 metro). Informazioa: http://www.euskaldunamt.com

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.