Eskalada, harkaitza, rokodromoak eta balioak

ramon olasagasti
2025eko martxoaren 5a
08:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Betidanik mendiari lotutako hainbat kiroletan gertatzen ari da, lehiak berekin dakartzan baldintzengatik edo telebistako emanaldien eskakizunengatik, edo jardueraren beraren bilakaeragatik, barruti eta esparru mugatuagoetara eta artifizialagoetara lerratzen ari dela kirola bera, edo bestelako aldaerak sortzen ari direla. Mendiko eskian eta mendiko bizikletan ari da gertatzen, eta eskaladan ere bai, aspaldiko urteotan. Mikel Zabalzak argi adierazi du: «Lehen, rokodromoak harkaitzerako entrenatzeko lekuak ziren, baina hori aldatzen ari da; gaur egun, rokodromoan bakarrik eskalatzen duen jendea ere bada. Rokodromoan eskalatzea haitzean jardutea bezain zilegi da, eta bide hori hartzen ari da eskalada: orain jende asko dago arrokara atera ere ez dena egiten kirol eskalada egitera, rokodromora bakarrik joaten dena, gimnasiora giharrak indartzera joaten dena bezala». Ander Gorostitzu Klimb Zarautz rokodromoaren arduradunak, berriz, «gazteei betiko eskalatzaile eta mendizaleen balioak erakutsi» behar zaizkiela adierazi du. Belaunaldi gazteetan ere asko dira rokodromoa eta harkaitza uztartzen dituztenak. Mikel Linazasoro da haietako bat. Bergararra «inoizko sasoi onenean» dago, gainera, eta, horren lekuko dira berriki Kataluniako Santa Linyako kobazuloan eskalatu dituen bideak. Belaunaldi gazteetako beste bi ordezkarik ere, Tasio Martin urduñarrak eta Ibon Mendia iruindarrak, jarduera ikusgarria osatu dute Patagonian –aurki emango dugu horren berri–, eta hori baino garrantzitsuagoa, aipatutako mendiko balio horiek oso barneratuak dituztela erakutsi dute berriki Patagoniako Fitz Roy mendian egindako erreskatean.

Kirol eskalada bidegurutzean?

Eskalada praktikatzeko eta ulertzeko modua asko aldatu da azken urteetan. Kirolaren eboluzioa bereziki azpiegituretan ari da nabarmentzen: gaur egun, belaunaldi gazteetako eskalatzaile asko rokodromoan hasten eta trebatzen dira. Haietako askoren sokalagunak, berriz, rokodromorik ez zegoen garaian harkaitzean eskalatzen ikasi zuen belaunaldiko eskalatzaileak dira. Urteen joanean asko aldatu dira rokodromoen egiturak eta baliabide ekonomikoak, ikuspegi soziala, filosofia, baldintzak… Horrek guztiak eragina izan du eskalada praktikatzen duten kirolzaleen kopuruan eta jarduteko moduan. Historikoki, mendian ziharduten eskalatzaileek trebatzeko erabiltzen zituzten azpiegiturak izan dira rokodromoak. Egun, berriz, eskalatzaile asko soilik rokodromoetan aritzen dira: bertan aritzea lehenesten dute, eta rokodromoetan aritzea jarduera propiotzat hartu. Hainbat belaunalditako eskalatzaileak izan ditugu solaskide erreportaje honetan: Mikel Zabalza, Ainhize Belar, Maddi Agirre, Eneko Carretero, Itxaso Garcia-Villaraco eta Ander Gorostitzu. Bidegurutzean al dago kirol-eskalada? Bi jarduera al dira harkaitzekoa eta rokodromoetakoa, ala bata bestearen osagarri? Menditik aldentzen ari al dira kirol eskalada bera eta belaunaldi gazteko kide asko? Galdera horiei eta beste batzuei erantzuten saiatu dira, nor bere ikuspegitik.

Amaiera zoriontsuko erreskatea Patagonian

Fitz Roy menditik hiru txiletar jaisteko salbamenduan parte hartu dute Tasio Martin (Urduña, Bizkaia, 2000) eta Ibon Mendia (Iruñea, 2002) alpinistek otsailaren 15ean, 16an eta 17an. Fitz Royn bertan El Corazón bide gogorrean saialdi on bat egin ondoren, atseden hartzen ari zirela joan zitzaizkien El Chalteneko Sorospen Batzordeko kideak bila, erreskatean parte hartzeko. Facu Jios eta Tomas Algañaraz Jaba —El Chalteneko bi gazte—, Ibon eta laurak otsailaren 15 arratsaldean abiatu ziren gorantz. «Gauez heldu ginen glaziarrera. Lo kuluxka bat egin, goizeko ordu txikietan esnatu, eta hormaren oinarriraino joan ginen hilaren 16an, errimaiatik hurbil. Sekulako hotza egin zuen gau horretan, sekulakoa», azaldu du Tasio Martinek. Txiletarrak ez ziren mugitu ere egin aurreko arratsaldetik. Akabo, pentsatu zuten denek: bi egun zeramatzaten horman, hotz handia egiten zuen, eta zuten desagertuen berririk batere. Sorospen Batzordeko kideek hiltzat eman zituzten. Handik ordu batzuetara, ordea, droneen bidez ikusi zuten bizirik zeudela. Eta Tasio Martin bera eta Facu Jios haien bila igo ziren Italiarren artekara eta ondoren La Silla esaten zaion lekura. Han bat egin zuten hiru txiletarrekin. Batek izozteak zituen eskuetan, eta besteak deshidratazio larria, baina azkenean onik atera ahal izan zituzten. Amaiera zoriontsuko erreskatea izan zen txiletarrena. Hilaren 17an, goizaldean heldu ziren glaziarrera, 04:00 eta 04:30 artean, eta handik Txileko armadako helikoptero batek ebakuatu zituen egun argiz. Sorospen Batzordeko kideek «azken 30 urteotako erreskaterik teknikoena» izan dela nabarmendu dute. Tasio Martinek, berriz, «alpinisten arteko elkartasuna» azpimarratu du.

Miriam Marco: «Arriskua kudeatzea da gidari baten lanik zailenetakoa»

Mendi gidaria da Miriam Marco (Bartzelona, 1980), eta Espainiako emakumeen alpinismo taldeko zuzendaria ere bai, gaur egun. Talde horretan hainbat euskaldun egon dira eta daude, Amaia Agirre zena, Maialen Rojo, Uxue Loizu, Amaia Segurola..., eta bestela ere, euskal mendizaleekin harreman handia du Marcok. Mendi gidarien alderik gogorrenari buruz galdetuta, hauxe haren erantzuna: «Arriskua kudeatzea da gogorrena. Horrez gain, elur jausirik izanez gero eta harrik eroriz gero zer egin ere kudeatu behar da. Horiek arduratzen naute gehien. Sasoian egotea ere ezinbestekoa da, eta badakigu hori asko zaindu behar dugula». Duela hamar urte istripu larria izan zuen, harri batek buruan jo zuela eta. Oinez, hizketan, gidatzen... ikasi behar izan zuen berriro. Hala ere, ez zion beldurrik hartu mendiari, nahiz eta harri solteak ikusten dituenean «oraindik ere izu pixka bat eduki».

Pedro Aizarna: «Gorbeian aurkitu ditut nire buruhausteen soluzio gehienak»

Bizkaiko Mendizale Federazioko presidente izendatu dute berriki Pedro Aizarna (Zeanuri, 1952). Iaz utzi zuen Aizarnak Galdakaoko Ganguren mendi taldeko presidente kargua, bizitza «lasai» hartzeko asmoz, baina asmoak gutxi iraun dio. Federazioaren eta mendi taldeen arteko harremanak sendotzea izango da haren lehentasuna, eta euskara eta emakumeak erdigunean jartzea. «Gaur egun gazte asko dabiltza mendian, baina ez dute mendi taldeetan izenik ematen, eta euskara gutxi erabiltzen dute. Horretan eragin gura dut, nagusiki», adierazi du. Aizarnak Gorbeia du mendi maitea: «Guztiz maiteminduta nago, oso gustura egoten naiz han. Ia astero joaten naiz. Lanean zerbaitengatik arduratuta egoten nintzenean, hara joaten nintzen lasaitzera. Gorbeian aurkitu ditut nire buruhausteen soluzio gehienak, eta leku berezia da niretzat: eraberrituta itzultzen naiz etxera», nabarmendu du elkarrizketa honetan.

Mikel Linazisororen «eskaladako 24 ordu onenak»

Mikel Linazisoro (Bergara, Gipuzkoa, 2000) sasoi betean dago, bere «boladarik onenean». Medikuntzako karrera bukatu ondoren, pare bat urte gutxienez oso-osorik eskaladari eskaintzea erabaki zuen iaz, eta lau hilabete daramatza Bartzelonan, Sant Cugat del Valleseko CAR edo goi errendimenduko zentroan entrenatzen, Gines urre olinpikoarekin eta David Macia entrenatzailearekin, besteak beste. «Aldaketa handia» izan dela dio, baina gozatzen ari da, baita emaitza harrigarriak lortzen ere. Otsailaren 22an eta 23an, bere bizitzako «eskaladako 24 ordu onenak» bizi izan zituen Santa Linyako kobazuloan (Lleida, Katalunia). Selecció natural (9a) bidea kateatu zuen eskalatzaile bergararrak, bere ibilbideko bosgarren 9a bidea, eta, horrez gain, Rock Fucks (8b+) eskalatu zuen bistaz, zailtasun horretako bere bigarrena, eta Fabelita (8c) flash eran, zailtasun horretako lehena era horretan.

Amildegi bat oinetan

Sarri hitz egiten da mendiko arriskuei buruz, prestaketari buruz, eskarmentuari buruz... Erreportaje honetan, mendiaren alderdi hori hartu da aztergai. Amaia Ramirez kirol psikologoaren iritziz, aurreikusitako arriskuak eta aurreikusi gabekoak daude. Haren iritziz «mendiren erakargarritasunak eta arriskuak, ez dute, berez, batak bertzearen beharrik, baina elkar elikatu dezakete». Edurne Pasaban mendizaleak adierazi du inor ez dagoela prest arrisku egoera bat bizitzeko. «Etortzen zenean ahal zen bezala egiten genuen aurrera, momentuan ez geneukalako beste aukerarik: handik atera behar genuen nahitaez». Juan Iriartek egunero ibiltzen zen bide batean izan zuen istripua: Aiako Harrian. Bederatzi saihets eta bizkarrezurra puskatu zituen. Sei hilabete pasatu zituen ospitalean, eta orain bi urte hasi zen berriz mendira joaten. «Ospitaletik atera nintzenean, mendira itzultzea zen nire ametsa». Orain urrutixeagotik ikusten du Iriartek mendia, baina aurkitu du hura gozatzeko bide berririk: eskuko bizikleta.

Mendiko eskiko Regil zeharkaldia, martxoaren 15ean

Martxoaren 15ean izango da aurten Regil zeharkaldia Europako mendietan, mendiko eskiko proba zaharrenetako bat, 56. ekitaldia izango baita aurten. Bikoteka da proba, eta aurten Euskadiko txapelketa ere izango da. Urtero Fuente Deko (Kantabria, Espainia) teleferikoaren gaineko mendietan izan ohi da lasterketa. Izena emateko aukera bada oraindik, esteka honetan.

Laudioko II. Eskalada Txapelketa, martxoaren 29an

Laudioko II. Eskalada Txapelketa egingo da martxoaren 29an, Haitzetan Gora mendi taldeak eta Euskal Mendizale Federazioak antolatuta. Goizean haurrak ariko dira, 9:00etan, eta arratsaldean, berriz, nagusiak, 15:30ean. Izen emateak, esteka honetan.

EMFko mendi lasterketen teknifikazio programaren deialdi irekia

Euskal Mendizale Federazioko mendi lasterketen teknifikazio programak deialdi irekia egingo du martxoaren 9an, 15 eta 20 urte bitarteko gazteentzat; hau da, kadete, gazte eta junior mailetako korrikalarientzat. Deialdia irekia da, mendian federatuentzat eta federatu gabeentzat. Topaketa Bedian (Bizkaia) izango da, martxoaren 9an, 9:30ean. Nahitaezkoa da izena ematea. Aurten, ohiko teknifikazio taldeaz gain, teknifikazio talde aurreratua sortuko da. Informazioa eta izen emateak: www.emf.eus

Emakume mendizaleei buruzko solasaldia Begoña Santos Olmeda idazlearekin, ostiralean, Donostian

Joan den urtean Mujeres que mueven montañas (Mendiak mugitzen dituzten emakumeak) liburua argitaratu zuen Begoña Santos Olmeda idazle donostiarrak. Hainbat emakumeren mendiko istorioak eta bizipenak jaso ditu Santos Olmedak liburu horretan: talibanen jazarpena jasan zuen Aqila Haximi alpinista afganiarrarena, Anne Lister esploratzailearena, Stephanie Besson, Flor Cuenca, Bethan Davies, Ekeney Njau, Rosario Clemente eta Maria Jose Blanco mendizaleenak... Ostiralean, martxoak 7, arratsaldeko 19:00etan, liburuari buruzko solasaldia izango da Donostiako San Jeronimo Liburutegi Nagusian. Doan, edukiera bete arte.

IBILBIDEAK

Agoten lurretan

Ibilbide zirkular honek Baztango lurretara eramango gaitu. Txangoak, Arizkun, Urrasun, Amaiur eta Bozate herri eta auzoak lotzeaz gain, haien historiaren lekuko garrantzitsuak izan diren tokiak ezagutzeko parada eskainiko digu: Donejakue bidea, Amaiurko gaztelua eta errota, Bozateko agotak eta Urtsuako dorretxe-jauregia, besteak beste. Agoten lurretan ibiliko gara, beraz. Erronkari eta Baztango eremu baztertuetako biztanle jakin batzuk ziren agotak. Harria eta zura, eta geroago burdina ere lantzen zuten artisau haiek, mendeetan bazterkeria sozioekonomikoa pairatu behar izan zuten.

Zalhagaña, Lakarritik

Lakarritik abiatu eta Zalhagañara doan ibilaldia zoragarria da, eta jende gutxi ibiltzen da inguru horretan. Izan ere, paisaia ikusgarria izan arren, Bosmendieta mendilerro txikiak eta hango gailurrek ez dute jende askorik erakartzen. Bosmendietako gailurretako bat da Zalhagaña, eta Zuberoako Pirinioetako goi ibarrean dago, haran txiki batzuen elkargune baten goialdean. Tontorreko gaindegi lauetatik begiratuz gero, ikaragarrizko panorama ikusten da, lasaitasun giro paregabe batean murgilduta.

NON, ZER?

Martxoak 5
Mendi Tour Bilboko Club Deportivo elkartean
Eliza Kuvarskaren The last expedition filma ikusteko aukera izango da, elkartearen aretoan, 19:30ean. Informazioa eta karteldegia: https://www.mendifilmfestival.com/eu/egutegia-eta-kartelak/mendi-tour-club-deportivo

Martxoak 6-9
Ternua Experiences, Aran bailaran (Katalunia)
Mendi eskiko ikastaroak, alpinismo ikastaroak, erraketa ikastaroak, ikus-entzunezkoak eta hitzaldiak izango dira. Informazioa: https://ternuaexperience.com/

Martxoak 7
Emakume mendizaleei buruzko solasaldia Donostian
Begoña Santos Olmeda idazle donostiarra Mujeres que mueven montañas (Mendiak mugitzen dituzten emakumeak) liburuari buruz ariko da ostiralean, 19:00etan, Donostiako San Jeronimo liburutegi nagusian. Doan, edukiera bete arte. Hainbat emakumeren mendiko istorioak biltzen ditu Santos Olmedak liburuan.

Martxoak 9
Lesakako VI. mendi lasterketa
10:00etan. 14 kilometro (+900 metro). Informazioa: http://www.betigazte.net

Martxoak 9
Ibiltarien jaia, Elgetan (Gipuzkoa)
08:00etan. Informazioa: www.zirkuitua.com

Martxoak 15
I. Bealak Trail mendi lasterketa, Beasainen (Gipuzkoa)
15:15ean. Bi ibilbide: 23 kilometrokoa (+1.400 metro) eta 13koa (+850 metro). Informazioa: https://www.bealak.com/

Martxoaren 15era arte
‘Harri, Orri, Arkatz’ erakusketa Donostiako Okendon
Eskaladako krokis artistikoei buruzko Harri, Orri, Arkatz erakusketa ikusgai dago aurreko ostiraletik Okendo kultur etxean. Martxoaren 25era arte egongo da erakusketa Okendon. Ordutegia, astelehenetik ostiralera: 10:00 -14:00 / 16:00 - 20:30, eta larunbat eta zubietan: 10:00 - 14:00 / 16:30 – 20:00

Martxoak 16
Lasturko VIII. mendi martxa, Deban (Gipuzkoa)
07:30ean. Bi ibilbide; 28 kilometrokoa (+1.800 metro), eta 21ekoa (+1.100 metro). Informazio gehiago: https://inscripcion.kirolprobak.com/inscripcion/viii-lasturko-mendi-martxa/

Martxoak 22
II. Unda-Armikelo mendi lasterketa, Legardan (Araba)
Bi ibilbide: 09:30ean 21 kilometrokoa (+1.250 metro) eta 13koa (+850 metro). Informazioa: https://www.lasterketak.eus/eu/event/unda-armikelo-mendi-lasterketa-2025/

II. La Regaliz BTT martxa, Mendabian (Nafarroa)
09:00etan. Bi ibilbide; 52 kilometrokoa (+1.000 metro), eta 33koa (+550 metro). Informazio gehiago: https://www.ccregalizdepalo.com/

Martxoak 28-30
Emakume alpinisten topaketak Pirinioetako Tena bailaran
Martxoaren 28tik 30era emakume alpinisten topaketak egingo dira Pirinioetako Tena bailaran, Sonia Casas, Lucia Guichot eta Rocio Monteoliva goi mendiko gidarien eskutik. Hainbat ikastaro, tailer eta teknifikazio jarduera izango dira, baita igoera gidatuak ere. Informazioa eta izen-emateak, posa elektronikoaren bidez: guias@rocalia.com

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.