Bosmendietako gailurretako bat da Zalhagaña, eta Zuberoako Pirinioetako goi ibarrean dago, haran txiki batzuen elkargune baten goialdean. Bosmendieta bigarren mailako mendilerroa da inguruko mendiekin alderatuta —Orhi, Auñamendi eta tarteko beste hainbat—, haiek baino nabarmen txikiagoa baita.
Nolanahi ere, Zalhagaña inguru paregabean dago, Larraine eta Lakarri ibarren artean. Leku horretan, Zuberoako berdetasun bereizgarria da nagusi, hala larreak nola zuhaiztiak. Gainera, tontorreko gaindegi lauetatik begiratuz gero, ikaragarrizko panorama ikusten da, lasaitasun giro paregabe batean murgilduta; ganaduaren zintzarri hotsek soilik eteten dute baretasuna.
Behetibordako bidezidorretan barrena
Lakarritik abiatuko gara, ondoko herrira, Altzaira, errepidez. Sarrikotagainera joateko bide bat dago ezkerrean, eta mendi bide bat eskuinean; guk zuzen jarraituko dugu. Aurrerago, Sarrikotagainerako beste bide bat dago ezkerrean, baina oraingoan ez dugu aurrera jarraituko: eskuinera joko dugu, Bosmendietara joateko markatutako bidera. Ukuilu handi batera iritsitakoan, baliza hori bat aurkituko dugu ezkerrean, eta zuhaitzez estalitako bidexka ezkutu batean sartuko gara. Hortik aurrera, goranzko bideari ekingo diogu, basoan zehar, harlauza zabaleko bide batean gora.
Aurreraxeago, bidea zabaldu egiten da, eta bidexka belartsu batekin lotzen. Zelaian aurrera joango gara, itxitura batera iritsi arte, eta langa zeharkatuko dugu. Bidean aurrera, Lakarri eta haren ondoko larreak ikusiko ditugu, eta, haien gainean, Bosmendietako gailur biribilduen lerroa. Ataka bat igarota, bidezidor belartsu batean sartuko gara, landarez estalitako horma batzuez inguraturik. Apurka-apurka, aldapa igotzen hasiko gara, ukuilu zahar baten ondotik pasatu, eta itxitura bat gurutzatuko dugu egurrezko eskaileren bidez.
Baso misto atsegin batean barneratuko gara eta, ibilian-ibilian, belardi batera iritsiko gara: hortxe daude Behetibordako hondakinak. Bordaren hondakinak eskuinean utzi eta zelaia gurutzatuko dugu, atakatik edo zutoin elektrikoaren alboko eskaileratik. Hala, mendi bide batera helduko gara, eta eskuinera joko dugu. Harrizko bide horretan gora joango gara, larre eta zuhaiztietan barrena, beste borda batera iritsi arte; orduan, harrizko bidean aurrera jarraituko dugu, basorantz. Basoan paseotxo bat egin ondoren, kanpoaldera aterako gara, eta basoaren ertzean ibiliko gara, ezkerrean ikusten diren basoz estalitako muinoak miresteko.
Arretatik Bosmendietako larreetara
Basoan sartuko gara berriz, mendi hegalean zehar ibili, eta erortzeko zorian dagoen borda batera iritsiko gara, Arreta mendixkaren erdi-erdian. Bordaren parean, bidea bitan banatzen da; eskuineko bidea hartuko dugu, berriro ere Bosmendieta aldera zuzentzeko. Hurritzen eta pagoen artean igoko gara; hegala malkartsua da, baina tarte lau batzuk ere baditu. Harrizko bi tontor txikiren artetik igaro, basoaren magalaren zati bat zeharkatu eta, hainbat bira eginda, basotik irtengo gara. Mendi hegal belartsua gurutzatu ondoren, Olhaberriako larrera iritsiko gara, eta, aska batzuk ikusitakoan, ezkerrera joko dugu.
Hala, bidezidorrik gabe, ibar txikiaren ezkerretik behera doan errekari jarraituz, zuzen joango gara, ibarraren beste aldeko gain batera iritsi arte. Gainalde horretan, panoramika ikusgarria izango dugu aurrean, Orhitik hasi eta Binbaletaraino. Muino belartsuaren beste aldeko pistara joko dugu, eta ezkerrera egin. Paseo labur bat da, baina ikusmira zoragarria du. Aurreraxeago, pista utzi, eskuineko bidera jo, eta malda apal batean gora joango gara, zuhaitzik gabeko zelai batean barrena.
Mendi bizkarraren ezkerreko belardira heldutakoan amaitzen da bidezidor horren goranzko malda; bide hori utzi, eta eskuineko aldetik igoko dugu falta den magalaren zatia. Belardia gurutzatu, eta Zalhagañakogailur zabalera iritsiko gara. Ezkerraldean, harri multzo txiki bat dago. Gailurreko ikuspegia ikaragarria da: atzean, ezkerrean, Auñamendiren eta Hiru Erregeen Mahaiaren arteko gailur lerroa ikusten da; eskuinerago, Barazea, Kartxela eta Otsogorrigaña; eta, azkenik, mendebaldean, Orhiren silueta izugarria eta haren iparraldeko horma. Ikusmira hori betiko gogoan hartu, eta etorritako bide beretik jaitsiko gara Lakarrira.