Zezenketen aurkako aldarria aspaldikoa da Iruñean, eta gero eta indar handiagoa hartzen ari da: gizakiz bertzeko animalien alde ari diren kolektiboek ez ezik, bertzelako hainbat eragilek ere bat egin dute zezenketarik gabeko besten aldeko mezuarekin. Iruñerriko Zaunk kolektibo antiespezistak auzi horri heldu zion maiatzean Iruñeko Laban egindako mahai inguru batean. Zaunk taldeko Idoia Azkonarekin batera, Herri Sanferminak plataformako Aika Martinikorenak, Iruñe Antitaurinoa taldeko Iban Agerrik eta Bartzelonako UPF-Centre For Animal Ethics zentroko Olatz Aranzeta-Reboredok parte hartu zuten.
Ikusi gehiago
Hamaika eragilek osatzen dute Herri Sanferminak plataforma. Zaunk kolektiboa da kideetako bat; izan ere, eragile antiespezista horren helburua da herri mugimenduko bertze taldeekin saretzea. Herri Sanferminak plataformak besta parte hartzaileak, euskaldunak, feministak, ekologistak... lortzea du helburu, eta, bere oinarrien artean propio jaso ez badu ere, zezenketarik gabeko jaien alde egiten du, Aika Martinikorenak azaldu duenez. «Erraz sortu dira, ondorioz, gure eta zezenketen aurkako beste eragile batzuen arteko loturak. Inor zapalduko ez duen besta eredu baten alde ari gara».
Herri ekinaldi legegilea
Zaunk eta Iruñe Antitaurinoa kolektiboen arteko elkarlana ere «erraz» gertatu da zezenketen kontra egiteko. Zezenketarik Ez sarean egin dute bat, bertzeak bertze. Zaunk taldeko Idoia Azkonak eskertu du Iruñe Antitaurinoak zabaldutako mezua: «Nabarmendu dute iruindarrak bestazaleak direla, ez zezenketazaleak; Iruñean sortutako kolektibo bat da, eta horrek zezenketen aurka egitera Iruñera etortzen diren beste talde batzuek ez duten ñabardura ematen die euren lanari». Azkonak erantsi du Zaunk kolektiboak animalien erabilera orori egin nahi diola aurre, eta antiespezismoa zabaltzeko egiten duela lan. «Zezenketen aurka, zehazki, beste zapalkuntza batzuen aurka ari direnek gurekin bat egin dezatela lortu nahi dugu».
«Zezenketen aurka, zehazki, beste zapalkuntza batzuen aurka ari direnek gurekin bat egin dezatela lortu nahi dugu».
IDOIA AZKONA Zaunk kolektibo antiespezistako kidea
Iruñe Antitaurinoa kolektiboko Iban Agerrik ere elkarlanaren alde egin du; azaldu du Espainiako Estatuan tauromakiaren aurkako herri ekinaldi legile bat lantzen ari direla, eta sinatzera deitu ditu herritarrak. «Beste hainbat herritan lortu dute zezenketak bertan behera uztea; Euskal Herrian ere lor dezakegu».
UPF-Centre For Animal Ethics zentroko Olatz Aranzeta-Reboredo parte hartzen ari da tauromakiaren aurkako herri ekinaldi legegilea lantzeko prozesuan. Oroitu du 2013an bertze herri ekinaldi legegile batek lortu zuela tauromakia legez babestea, eta, lege horren babespean, tauromakiaren ingurukoek zezenketen aurka urratsak egin dituzten udalen aurka egin izan dutela: «Presio taldeak sortu dira animalien alde ari direnen aurka egiteko; dirua eta abokatuak dituzte, eta zezenketak bazter utzi nahi izan dituzten udal batzuk salatu dituzte. Inportantea da tauromakiari babesa ematen dion lege hori bazter uztea».
Hori lortu bitartean, bertzelako neurriak har daitezkeela azaldu du Aranzeta-Reboredok: «Balearretan [Herrialde Katalanak], adibidez, alkohola debekatu dute zezen plazan; plazan sartzeko adina ere igo zuten, adingabeak sar ez zitezen. Haurrak eta nerabeak babesteko legeak balia ditzakegu zezenketen aurka egiteko», nabarmendu du.