Urtarrilean, etxegabetuen ezgabonei erreparatu genien; egon edo sentitu ez genekiela, bakardadeari buruz hitz egiteko beharra aldarrikatu genuen; halaber, beste borroketan ahotsa goratzen zebilelarik, beste Marikaro bat sortu zen, eta, bidenabar, Samuel Luizen erailketa homofoboa salatu genuen.
Otsailean, Jule Fernandez Zabaleta-ren irudia Pedro Urtsuaren irudiari gailendu izana ederretsi genuen; orobat, izadia eta izateak ezbaian jarri, nekazari-eremuan hartutako erabakiek norberari soilik eragiten ez diotela argi utzi, eta osasuna larri dagoela salatu genuen.
Ondoren, sendabelarra den hizkuntzari eta agurrak dakarren zaintzari erreparatu genien; halaber, egoeratik onik irteteko iraungitzeak eta lotsak ezbaian jarri genituen, eta, hizkuntzaz elkar kutsatzea lehenetsiz, Korrikan eta Iruñerriko Mintzodromoan parte hartu genuen.
Apirilean, ehungintzako langileei guk geuk jostorratza zintzurrean jartzen diegula sentitu genuen; zaharrak berri ziren eta minbizia isiltasunetik urrun egoteko beharraz mintzatu ginen; hilzorian zegoen Neter oreina topatu genuen, eta barkamena eskatzeko beharra sentitu genuen; aitzitik, Bollotopaketetan bidaide bollo-bolloak ezagutu genituen.
Maiatzean, geure museoei eta Kati Leatxeren eta Estitxu Larrearen Bidaia Iratira album ilustratuari so egin genien; halaber, haur literaturan trans-misio handiagoa behar dugula ondorioztatu genuen; Iratiren baitan, itsasoek ibaiek bezala mugak markatzen dituztela ikusi genuen; bestalde, lekualdatzeak oroitzeko derrigorrezko urtemuga identifikatu genuen; gainera, zahartzaroan, eri mamiak hitz direnean, jasaten den indarkeria salatu genuen.
Ekainean, udako eszenatokiak ikusi genituen; turismo-eredua eta bikoteek maiz dakarten giltzarrapoa gaitzetsi, euskarari esker ona adierazi eta, geure bizitza irakurtzeko, liburu denden beharra azpimarratu genuen.
Haatik, sanferminak, beti bezala, gazi-gozoak izan ziren eta zezenketetako sufrimenduari, izenik ez duenari, izena jarri genion; Nagore Laffage gogora ekarri genuen; bestalde, etxe trabestia eraikitzen genbiltzala, tradizioa eta ohiturak eraldatzeko beharra adierazi genuen.
Irailean, txilinbueltaka ez ibiltzeko, kirol klubek duten garrantzia eta euskal pilota baretzeko erabil dezakegula ikusi genuen; bestalde, «eta hemengoak, zer?» entzuten genuela, arruntena berezi izan daitekeela ikasi genuen.
Udazkenean, Nafarroan D ereduko institutuen behar argia dugula oihuztatu genuen. Bestalde, Iruñean eraso homofoboak jazo ziren, Kondestablearenean Marisolasak Bazterrean jardunaldia zegoela. Navarre shall be the wonder of the world zioen Shakespearek, baina ez, eta hori jakinik, geure buruari txapela buruan eta ibili munduan esaten jarraitzen dugu.
Ez dakit 2025ean zer gertatuko den; ez dakit zeri buruz idatziko dugun, baina zeharkatuko gaituztenak izanen ditugu hizpide, hori ziur
Azaroan, haiek eta gu urrunago gaudela ikusirik ostera immigrazioaz hitz egin eta arrazismoa salatu genuen, orobat, Muxarraken antzerkia dela eta, immigrazioaren gaineko isiltasuna salatu genuen; bestalde, euskaldunok nor nori nork aditza ezberdin komunztatzen dugula eta janaren folklorea sortu dugula azaldu genuen.
Abenduan, etxebizitza eskubidea gutxiren esku dagoela salatu dugu; euskara ikastean lekuen garrantzia nabarmendu dugu, Arrosadia adibide; kolonialismo linguistikoa salatu dugu; eta lotsa eta harrotasuna landu dugu.
Honakoak izan dira, letra etzanez dituzuenak, Laurak, Anak, Nagorek eta laurok aurten idatzitakoak. Ez dakit 2025ean zer gertatuko den; ez dakit zeri buruz idatziko dugun, baina zeharkatuko gaituztenak izanen ditugu hizpide, hori ziur.