laura peganos rodriguez
IRITZIA

Urtemuga

2024ko maiatzaren 24a
04:55
Entzun

Orain dela hamasei urte ailegatu nintzen Nafarroara bizitzera. 2008ko maiatzaren 10a zen. Nafarroako hegoaldeko mugara iristean euri-jasa ari zuen errukirik gabe. Iruñera iritsi nintzen; batzuk Pamplonara ailegatuko dira. Hau esaten dut ematen duelako antzekoak direla, baina ez, ez dira gauza bera. Hiri honetara iritsi nintzenetik sentitu dut bi errealitate horiek duten garrantzia, bi polaritate. Hori niretzat ezaguna zen, gerrak banatutako herrialde batetik nator. Ate bat zeharkatu eta arrotz sentitu nintzen. Mendillorrin gereziondoak loratzen ari ziren. Beste mundu batean sentitzen nintzen, eta hala zen, noski, beste mundu batera ailegatu nintzen bizitzera. Ze urrun dagoen zerua, pentsatzen nuen, hemengo jendea bezain urrun.

Gogoan dut Bogotan hegazkina hartu nuenean bularrean ikaragarrizko presioa sentitu nuela; bihotzak bularretik atera nahi zuen, takikardia bizia, arnasarik gabe gelditu nintzen, gorputz osoa dardarka. Hegazkinetik jaitsi nahi nuen, madarikatu eta negar egin nahi nuen. Bizitza film batean bezain azkar pasatu zitzaidan. Amaren besoetara itzuli nahi nuen, ni agurtzera bera bakarrik joan zen eta. Gure lurra zapaldu eta jan nahi nuen. Bai, lurra jan nahi nuen; oraindik sentsazio horrek irauten dit.

Aitak ez zuen inoiz onartu nire erabakia, inoiz ez zitzaion zentzuduna iruditu Kolonbian nuen bizitza bikaina uztea. Antzezlea nintzen Bogotako Teatro Libren. Unibertsitatean eskolak ematen nituen. «Zertarako joan nahi duzu hara? Zer etorkizun duzu han zain?», esaten zidan. «Hau da zure herria! Hemen gaude gu, zure familia! Han beti izango zara kanpotar! Kolonbia aukeraz betetako herria da!». Ez genuen sekula berriz hitz egin horretaz. Ahizpak ere ez ziren joan ni agurtzera, ez dakit zergatik. Suposa dezaket, baina ez nago seguru. Beraz, hegazkineko aulkian itsatsita nengoen, beldur ia amaigabea ailegatzen ari zitzaidan, Atlantikoa zeharkatzen ari nintzen, begiak plater. Nire bizitza arrisku larrian zegoela sentitzen ari nintzen. Putzua gurutzatzea deitzen diote hemen! Ez dut imajinatu egin nahi patera horietan paperik gabe bidaiatzen duten pertsonen ikara jasanezina, edo ezkutuan bidaiatzen dutenena, edo klandestinitate gordinenean egiten dutenena. Eta erbesteratuak? Nolakoa izango da bidaia hori? Beharbada, ausardia arnastuko dute. Inoiz ez dut jakingo nola adierazi hitzez bizi dudan bidaia. Dena utzi nuen; ez naiz damutzen, baina gaur ez dakit berriz egingo dudan ala ez. Baina bizi dudana nirea da, nire erabakia izan zen.

Amaren besoetara itzuli nahi nuen, ni agurtzera bera bakarrik joan zen eta. Gure lurra zapaldu eta jan nahi nuen. Bai, lurra jan nahi nuen; oraindik sentsazio horrek irauten dit

Konturatu naiz maiz hitz egiten dudala nire migrazio-bidaiaz, nola ez! Ez zen izan marka makala. Batzuetan ahaztu nahi dut, edo, behintzat, normalizatu nahi dut, eta lortzen dut, baina egunaren arabera, ezin dut, eta etortzen zait indarkeriaz beteta. Batzuetan argitsua da, beste batzuetan iluna. Gazi-goxo. Horrek zeharkatuko nau betiko. Gogoan izango dut, nirekin eramaten dut tatuaje bat bezala, badakit inoiz ez dela desagertuko, desagertzea hiltzea da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.