Ultzamako Parke Mikologikoak kanpaina bat abiatu du onddoak urte osoan biltzeko

Uxama kooperatiba arduratzen da parkea kudeatzeaz; «eragin handia» du ibarreko ekonomian. Elur ezkoa biltzeko irteera informatiboak antolatu dituzte.

Elur ezko batzuk, Ultzamako Parke Mikologikoan, artxiboko irudi batean. JAVIER GOMEZ
Elur ezko batzuk, Ultzamako Parke Mikologikoan, artxiboko irudi batean. JAVIER GOMEZ
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2025eko otsailaren 9a
05:00
Entzun

Onddo eta ziza gehienak biltzeko garaia udazkena bada ere, urte osoan egin daitezke mikologiari lotutako jarduerak. Gainera, ziza batzuk neguan zein udaberrian aurkitu daitezke. Horixe nabarmendu dute Ultzamako Parke Mikologikoko arduradunek, mikologiarako zaletasuna urte osora zabaltzeko asmoa baitute. Uxama kooperatiba arduratzen da parkea kudeatzeaz. Javier Gomez Urrutia biologoa, mikologoa eta landazaina da kooperatibako mikologiako arduraduna, eta azpimarratu du «geroz eta jende gehiagok» erosten duela Ultzamako parkera joateko urte osorako txartela. Kanpaina hasi dute, eta lehenengo bizpahiru egunetan hirurogei abonu inguru saldu dituzte.

Ultzamako Parke Mikologikoak 6.000 hektarea inguru ditu, eta horien erdietara autoarekin iristea «oso erraza» da, pistatik «oso gertu» baitaude. Abonuen bidez, onddoak biltzen dituen jende kopurua mugatu eta jende horren jarduera arautu nahi dute: «Helburua da bilketa jasangarria izatea, masifikaziorik ez izatea eta mendia gehiegi ez esplotatzea», azaldu du Gomezek. Hori dela eta, eguneko baimenen bidez, zenbat jende dagoen eta zenbat kilo hartzen dituzten kontrolatzen dute. Biltzaile bakoitzak zortzi kilo ziza har ditzake, gehienez. «Araututa dauden lekuetara joaten den jendeak normalean errespetu eta kontzientziazio handiagoa dauka», azaldu du Gomezek.

Uxamako kideek jarduera asko egiten dituzte Ultzamako Parke Mikologikoan; hala nola kontsulta mikologikoak, sentsibilizazio kanpainak eta irteera mikologikoak.  Gomezen ustez, horiek guztiek mikologiaren kultura sustatu, Ultzama mapan kokatu eta ibarreko garapen ekonomikoa indartzen dute. Pablo Rosario biologoak 2018an egindako ikerketa baten arabera, hain zuzen, parke mikologikora doazen bisitariek urtean 100.000 euro inguru gastatzen dituzte ibarrean. Kopuru horren %66 ostalaritzarako erabiltzen da, eta gainerakoa, Ultzamako Udalaren kudeaketarako eta baimenen dinamizaziorako. Euskal Herriko bisitariei dagokienez, gehienak Nafarroako, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabakoak dira, hurrenez hurren. Bisitarien artean ez da Nafarroa Behereko, Lapurdiko edo Zuberoako jenderik egoten ohi. Gainontzekoak, Euskal Herritik kanpokoak dira.

Zizak saski batean, Ultzamako Parke Mikologikoan, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Zizak saski batean, Ultzamako Parke Mikologikoan, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU

Gomez kontent da parkeak Ultzaman duen «eragin handiagatik», baina uste du oreka bilatu behar dela. Biologoak dio «arriskutsua» izan daitekeela kanpoko jende asko joatea. «Zenbat jende datorren neurtzen ibili behar dugu, mendiarentzat jasangarria izan dadin», berretsi du.

Elur ezkoaren bila

Oraindik ezin da aurreikusi udazkenak zer-nolako uzta ekarriko duen, baina dagoeneko hasi dira Ultzamako parkean ziza batzuk ateratzen: elur ezkoa edo Hiygrophorus marzuolus, hain zuzen. Normalean martxoan ateratzen da ziza hori, baina, Gomezek esan duenez, azken neguak «gozoagoak» izan direnez Ultzaman, otsailean ateratzen ari da. Gaineratu duenez, iaz urte txarra izan arren, aurten baldintza klimatikoak «onak» dira: «Ziza horiek euria eta elurra dute gustuko. Elurra egiten duenean hotz handia egiten duela dirudien arren, lurra bero dago, iglu efektua sortzen baita. Mizelioa lurrazpian hazten da, eta elurra urtzen denean loratzen dira zizak».

«Helburua da bilketa jasangarria izatea, masifikaziorik ez izatea eta mendia gehiegi ez esplotatzea»

JAVIER GOMEZ URRUTIAUltzamako Uxama kooperatibako arduraduna

Elur ezkoa gris-beltzaxka da, eta erraz identifika daiteke, otsailean ez baitago bestelako zizarik. Hala ere, kolorea dela-eta, «zaila» da basoan aurkitzen: «Hostoen azpian lurperatuta geratzen dira, baina batzuetan orkatzek edo urtxintxek hozkatzen dituztenez, sortzen diren kontraste zuriengatik identifika daitezke». 150 eta 200 gramo inguru ere izan ditzakete, eta kalitate eta zapore «oso ona» daukate.

Elur ezkoari buruz gehiago jakiteko asmoz, bisita informatiboak antolatu dituzte Ultzaman, otsailaren 16an, 22an eta martxoaren 2an, 9:30etik 13:30era. Gehienez, hamabi laguneko taldeak izango dira, eta, Uxama kooperatibak iragarri duenez, irteerak taldeko kideen beharretara, adinera eta ezagutzara egokituko ditu. Parte hartu nahi izanez gero, parke mikologikoaren webgunean eman behar da izena. «Ale gutxi ateratzen dira; ondorioz, antolatzen ditugun irteeretan bakoitzak lau edo bost ale hartzea lorpen handia izanen da», esan du Gomezek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.