Batzuetan ahaztu egiten zait ze zaila den komunitatetik kanpo ibiltzea. Beste disidente sexu-generiko askoren antzera, sare indartsuak sortzen joan naiz nire bizi-ibilbidean, zeinetan naizen bezalakoa izan naitekeen eta ulertuta sentitzen naizen. LGBTIQ+ kolektiboan, ulertu hitza oso erabilia zen garai batean, desio homosexuala izendatzeko. Adierazpen ederra iruditzen zait; izan ere, hizkuntza-komunitate bat iradokitzen du.
Baina ez naiz kolektiboaz bakarrik ari. Komunitatea izan daiteke kolektibokoa ez den lagun min bat, ondo ezagutzen eta zaintzen zaituena, edo 94 urteko izeko bat, zeinek «¿tienes alguna amiguita?» (ba al daukazu laguntxorik?) galdetzen dizun, edo 5 urteko haur bat, ipuinik disidenteenak plazerez entzuten dituena.
Eta orduan, gau batean, lagunekin geratzen zara. Bolleroak dira denak, baina gero beste batzuk datoz, eta horietako bat zurekin oso gustura dago. Oso dibertigarriak zarete (adi bigarren pertsonari), dio. Eta gerritik heltzen dizu. Zu ere oso gustura zaude, baina heteroa omen da. Zu ez zara heteroa, diozu. Bera barrez lehertzen da.
Iruñeko Alde Zaharreko taberna gayfriendly batean zaudete. Honetan denek ez dute ulertzen, garbi dago, baina ulertzen da ulertzen duen jendea egon, egon daitekeela. Eta inork ez dizu erasoko neska horrek, adibidez, estuago heltzen badizu edo muxua ematen badizu. Eta tabernari ere ez dio inork erasoko, ekainean ortzadarra margotuta zeukan hari eraso zioten bezala. Taberna horretan beharbada ez zen neska hau sartuko. Dantza egitera etorri da. Jakina da: LGBTIQ+ jendea dabilen tabernetan jartzen da dantza egiteko musikarik hoberena. Baina ez da kolektiboko sarrera den aterik zeharkatu behar. Gogoan duzu Donibane auzoko taberna bat: txirrina zuen, eta behatxulotik begiratzen zizuten atea ireki baino lehen. Aspaldi itxi zuten. Faltan botatzen duzu. Izan ere, bere atea zeharkatzea izan zen zarena onartzeko eman zenituen lehen pausoetako bat. Eta tabernaria komunitate berri baten lehen kidea izan zen. Luze hitz egin zenuen berarekin. Luze hitz egiteko beharra baitzenuen.
Hiztegi bat oparitu nahiko zenioke bere elebakardadetik ateratzen laguntzeko; edo hitz batzuk eman: bisexuala, lesbisitaria, heteroaraua... Baina ez duzu irakaslearen rola hartu nahi
Eta orain, neska horrekin muxukatu ondoren, bera hasi da hitz egiten, azalpenak ematen, bere nahasmendua azaleratzen. Eta apur bat tristatu egin zara, baina onartu dituzu bai bere nahasmendua, bai zure tristura. Ba al dauka berak zurea bezalako komunitaterik? Honetaz norbaitekin hitz egiteko aukerarik izango al du? Eta zein hizkuntza erabiliko dute elkar ulertzeko? Zein komunitatetako hizkuntza?
Nahiko zenuke zurea erakustea, baina zaila da, elebakarrean ari da. Berak ez du taberna honetara sartzean inongo mugarik zeharkatu. Barruan zeharkatu du muga, eta ez du ulertzen. Aniztasuna babesten duen eremu batean, komunitateak nahasten diren honetan, arrotza zaio dastatu duen mintzaira berria. Hiztegi bat oparitu nahiko zenioke bere elebakardadetik ateratzen laguntzeko; edo hitz batzuk eman: bisexuala, lesbisitaria, heteroaraua... Baina ez duzu irakaslearen rola hartu nahi.
Ulertzen dizut. Ez buelta gehiagorik eman. Hitzik gabe ere, nahikoa esan duzu. Baita berak ere. Azalak, azalpen.