«Baliabideak mugatuak dira; beraz, merkatuan eragin behar dugu». Nafarroako Gobernuko Etxebizitza zuzendari nagusi Elga Molinak erran zituen hitz horiek, irailaren 27ko etxebizitzari buruzko Nafarroako Hitza-ren zenbaki berezian. Elkarrizketa hartan, Molinak nabarmendu zuen Nafarroako Gobernuak berari emandako zeregin nagusietako bat dela tentsio handiko eremuak izendatzea, eta hori egiteko datuak jasotzen ari zirela. Lan horretan bertze urrats bat egin du Etxebizitza Departamentuak orain, eta 21 udalerri tentsio handiko eremu izendatzeko prozesua hasi du.
Departamentuko arduradunek eta tentsio handiko eremuetako alkateek azaroaren 27an egin zuten lehendabiziko bilera. Nafarroako Gobernuak plan orokor bat osatuko du etxebizitzaren esparruan eragiteko, eta tentsio handiko eremuetako udalekin lan eginen du, udal bakoitzak bere plana garatu dezan.
Tentsio handiko eremu izendatzeko udalerrien zerrenda osatu eta gero, hurrengo urratsak zeintzuk izanen diren zehaztu du Etxebizitza zuzendari nagusi Elga Molinak. Lehenik, bilerak eginen dituzte Nafarroako Gobernuko gainerako departamentuekin, udalekin eta etxebizitzaren arloko bertze hainbat eragilerekin. «Aldi berean, prozesuak eskatzen duen memoria eginen dugu, eta plan orokor bat osatuko dugu, Nafarroako Gobernuak ezarri nahi dituen neurriak barne hartuta». Gobernuaren asmoa da urtarrilean jendaurrean aurkeztea tentsio handiko eremuen inguruko memoria, eta bi hilabeteko epea zabaltzea alegazioak jasotzeko. Epe hori amaituta, herrialdeko gobernuak tentsio handiko eremuak izendatzeko foru agindua eginen du.
«Denek erakutsi dute hagitz jarrera ona tentsio handiko eremuak izendatzeko prozesuaren harira. Udalak dira dagokien esparrua hobekien ezagutzen dutenak»
BEGOÑA ALFARONafarroako Gobernuko Etxebizitza kontseilaria
Tramite horiek amaituta, gobernuak bertze sei hilabeteko epea ezarriko du tentsio handiko eremu izendatutako udalerriekin plan zehatzak osatzeko. «Guretzat, urrats hori da inportanteena», erran du Elga Molinak. Nafarroako Gobernuko Etxebizitza kontseilari Begoña Alfarok eskertu egin du udalerri horiek orain hasitako prozesuari egindako harrera: «Denek erakutsi dute hagitz jarrera ona tentsio handiko eremuak izendatzeko prozesuaren harira. Udalak dira dagokien esparrua hobekien ezagutzen dutenak».
Asiron, «pozik»
Nafarroako Gobernuak herrialdeko 5.000 biztanle baino gehiagoko udalerrien egoera aztertu du tentsio handiko eremuak ezarri ahal izateko. Legearen arabera, hain zuzen, udalerriek irizpide hauetatik bat bete behar dute tentsio handiko eremu izendatzeko: etxebizitzaren zein alokairuen prezioa %17 baino gehiago igo izana (KPI + hiru puntu); edo etxebizitzaren zein alokairuaren eta etxeko oinarrizko horniduren gastua (ura, argindarra, etxepeko gastuak...) etxeko diru sarreren %30 baino handiagoa izatea. Gobernuak ez du baztertu bigarren fasean 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrien artean ere tentsio handiko eremuak izendatzea.
Oraingoz, Nafarroako 21 udalerrirekin osatutako zerrendan, Iruñea da udalerri nagusia. Azaroaren 27ko bilera amaitu eta gero, Iruñeko alkate Joseba Asiron «pozik» mintzatu zen, eta hedabideei adierazi zien tentsio handiko eremuak ezartzeko neurriaren «zain» zegoela. Iruñeak aukera izanen du bere plana osatzeko, eta tentsio handiko eremuetako gainerako hogei udalerriek ere bai.
Fernando Anbustegi, Baztango alkatea: «Autokritika egin behar dugu, eta hausnartu»
«Autokritika egin behar dugu, eta hausnartu. Baztanen espekulaziorako erabiltzen ari dira etxebizitzak. Datuak mahai gainean daude. Alokatzeko etxe gutxi dago, eta daudenak, hagitz garesti». Baztango alkate Fernando Anbustegirenak dira hitzak (EH Bildu). Ez du harritu ibarra tentsio handiko eremuen artean sartu izanak, eta nabarmendu du Nafarroako Gobernuarekin «elkarlanean» aritzeko «prest eta gogoz» dela.
Datuak aipatu ditu Anbustegik, eta hona horietako batzuk: azken bost urteotan, alokairuaren prezioak %137 egin du gora Baztanen; salerosketenak, berriz, %27. «Badakigu Baztan tentsio handiko eremu izendatzeak ez dituela arazo guztiak konponduko, baina urrats bat izan daiteke arazo handi horri heltzeko», erran du.
Udalekin ekintza planak egiteko asmoa izatea eskertu du, eta ezagutarazi du Baztango Udala ere hasia dela pausoak ematen etxebizitzaren arazoari aurre egiteko. Abenduaren 26ko osoko bilkuran, hain justu, Baztango udal gobernuak etxebizitza turistikoak mugatzeko prestatu duen ordenantza bozkatuko dute. «Azken bost urteotan, 30 baino gehiago zabaldu dituzte», aipatu du Anbustegik. Erantsi du Baztango etxebizitza turistiko gehienak Elizondon daudela.
Alkateak helburu du paperean jasotako etxebizitza eskubidea «bermatu» ahal izatea. Garbi du konponbidea ez dela «batere erraza», eta «pazientzia» eskatu die herritarrei. «Gogoeta ere egin dezatela», berretsi du: «Nork bere etxetik hasi beharreko lana dugu hau».
Xabier Alkuaz, Tafallako alkatea: «Elkarlanean aritu nahi dugu, eta bide hori hasteko gogoz gara»
«Badakigu tentsio handiko eremuak izendatzeko prozesuak ez dituela etxebizitzari lotutako arazo guztiak konponduko, baina abiapuntu bat da, eta pozik gaude», erran du Tafallako alkate Xabier Alkuazek (EH Bildu). Tentsio handiko eremuen zerrenda osatzeko zain zegoen, bai baitzekien Tafalla zerrenda horretan izanen zela. «Ezagutzen dugu gure herria: alokairuen prezioa oso handia da; azken urteotan asko garestitu da. Zerrenda horretan egoteak berretsi egin du guk aurretik bagenekiena», nabarmendu du.
Azken bost urteotan, hain zuzen, alokairuen prezioa %40 garestitu da Tafallan, eta salerosketena, berriz, %8 baino gehiago. Prezio horiek mugatzea izanen dute helburu Tafalla tentsio handiko eremu izendatuta, baina Alkuazek garbi erran du «ezinbestekoa» izanen dela «beste hainbat neurri» hartzea: «Tentsio handiko eremu bilakatzea tresna bat izanen da, baina ezin da tresna bakarra izan. Inportantea da, gainera, tokian tokiko errealitatea kontuan hartzea», zehaztu du Tafallako alkateak.
Nafarroako Gobernuak udalerriekin adostu nahi ditu tokian tokiko planak, eta Alkuazek uste du hori «ona» izanen dela. Elkarlanerako prest da: «Etxebizitza Departamentuko arduradunei argi esan nien Tafallako Udala prest dela lan egiteko; elkarlanean aritu nahi dugu, eta bide hori hasteko gogoz gara». Gaineratu du bidea ez dela motza izanen, baina adierazi administrazioak elkarlanean aritzea dela «arazo handiei» aurre egiteko bidea.
Juan Carlos Castillo, Azkoiengo alkatea: «Arazo handi bat da; udal txikiok ezin diogu bakarrik aurre egin»
Egoera zaurgarrian daudenek dute zailtasun gehien etxe bat lortzeko». Horixe nabarmendu du Azkoiengo alkate Juan Carlos Castillok (Upei). Azkoien da Nafarroako Gobernuko Etxebizitza Departamentuak tentsio handiko eremu gisa izendatu nahi dituen udalerrietako bat. «Ez genuen espero zerrenda horretan egotea, baina, aldi berean, ez gara harritu. Badakigu etxebizitzarena dela arazo nagusietako bat», zehaztu du Castillok. Azken bost urteotan, alokairuen prezioa %76 garestitu da Azkoienen, eta salerosketena, berriz, %11.
Castillok azaldu du Azkoienen ia etxebizitzarik ez dutela eraiki 2008. urtetik. Hori ez da, gainera, arazo bakarra; izan ere, zaharberritzeko aukerarik gabe, herri horretako Alde Zaharreko etxebizitza anitz bota egin behar izan dituzte azken urteotan. Eskertu du Nasuvinsarekin alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzeko akordioa egin izana, baina zehaztu du oraindik ez direla hasi etxe horiek eraikitzen.
«Etxebizitzarena arazo handi bat da, eta udal txikiok ezin diogu bakarrik aurre egin», erran du Azkoiengo alkateak. Gaineratu du «pozgarria» dela Nafarroako Gobernuak tentsio handiko eremuak izendatzeko prozesua hasi izana, babes hori «behar» zutela. Etxebizitza Departamentuko arduradunekin elkarlanean aritzeko «gogoz» da. «Inportantea da landa eremuko herrion errealitatera egokituko diren neurriak hartzea. Despopulatzea arazo handi bat da herri askotan, eta etxebizitza tresna bat izan daiteke lurralde oreka lortzeko».
Tentsio handiko eremuak
- Iruñea.
- Tutera.
- Eguesibar.
- Burlata.
- Barañain.
- Zizur Nagusia.
- Lizarra.
- Aranguren.
- Berriozar.
- Tafalla.
- Antsoain.
- Atarrabia.
- Corella.
- Elortzibar.
- Cintruenigo.
- Baztan.
- Altsasu.
- Uharte.
- Berriobeiti.
- San Adrian.
- Azkoien.