Udalek salatu dute Forestaliak «nabarmen» aldatu duela goi tentsioko lineen proiektua

Forestaliak administrazioren aurretiazko baimena jaso du Kyoko eta Ume izeneko goi tentsioko lineen egitasmoentzat. Legez kanpokotzat jo dituzte lineek kalte egindako udalek, eta helegiteak aurkeztu dituzte.

(ID_13673821) Autopista Elektrikorik Ez
Autopista Elektrikorik Ez plataformako kideen agerraldia, martxoaren 6an, Iruñean, Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federazioaren egoitzan. IÑIGO URIZ / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2024ko martxoaren 16a
05:00
Entzun

«Orain baimena jaso dutenak ez dira ingurumen eraginaren aldeko adierazpena jaso zuten berak; proiektuak nabarmen aldatu ditu enpresak, eta, ondorioz, ingurumen eraginaren adierazpenak legez kanpokoak dira». Horixe salatu du Alberto Friasek, Forestaliak egin nahi dituen goi tentsioko lineek ukitzen dituzten herrien Autopista Elektrikorik Ez plataformako ordezkariak. Jendaurrean agertu dira plataformako kideak, martxoaren 6an, Iruñean, eta ezagutarazi dute Forestaliaren Kyoko eta Ume —orain Tebe— proiektuek administrazioaren aurretiazko baimena jaso dutela. Espainiako Gobernuak eman du baimena, zehazki. Haren aurka helegiteak aurkeztu ditu plataformak, eta kanpaina bat hasi du, gainera, herritarrak goi tentsioko lineek eragin ditzaketen «kalteen» inguruan ohartarazteko.

Forestaliak egin nahi dituen goi tentsioko lineek Nafarroa zeharkatuko lukete. Enpresaren asmoa da Zaragozako Ejea de los Caballeros herritik (Espainia) 400 kilowatteko goi tentsioko lineak egitea Gasteizko eta Gatikako (Bizkaia) azpiestazioetara. Bada bertze proiektu bat baimena jasotzeko zain: Espainiako Sare Elektrikoak sustatutako Itsaso-Castejon artekoa.

Mobilizazioak

Espainiako Gobernuaren aurretiazko baimena «kezkatzeko moduko» urrats bat da plataforman bat egin duten udalentzat, bidea eman dezakeelako herrietan lurrak hartzeko. Friasek salatu du Espainiako Sare Elektrikoko kideak Bakaikun egon direla, erakunde horren goi tentsioko lineak hartuko lituzkeen lurren jabeei lur horiek saltzeko aukera proposatzeko. «Oraindik ez dute baimena jaso, eta jabeak presionatzen ari dira», kritikatu du Friasek. Forestaliak lortutako baimenen aurka aurkeztu dituzten helegiteek «oinarri sendoa» dutela erantsi du, eta hainbat arrazoi daudela baimen horiek «bazter» uzteko.

«Orain baimena jaso dutenak ez dira ingurumen eraginaren aldeko adierazpena jaso zuten berak; proiektuak nabarmen aldatu ditu enpresak, eta, ondorioz, ingurumen eraginaren adierazpenak legez kanpokoak dira». 

ALBERTO FRIAS Autopista Elektrikorik Ez plataformako ordezkaria

Batetik, Friasek nabarmendu du proiektua «hainbertze» aldatu dutenez jasotako ingurumen kaltearen adierazpenak ez duela balio, azken proiektu hori jendaurrean erakusteko prozesua ez dutelako bete. Bertzetik, azken proiektua jendaurrean erakutsi ez dutenez, informaziorako eta parte hartzeko eskubidea urratu dituztela erran dute plataformako kideek. Hirugarrenik, proiektuaren izaera bera jarri du plataformak zalantzan: «Forestaliak dio egin nahi dituen lineak ebakuazio lineak direla, baina, berez, garraio lineak dira. Espainiako Sare Elektrikoa da garraio lineak egiteko eskumena duen erakunde bakarra, ordea», ohartarazi du Alberto Friasek.

 Goi tentsioko linea bateko dorreak, artxiboko irudi batean. NAFARROAKO GOBERNUA
Goi tentsioko linea bateko dorreak, artxiboko irudi batean. NAFARROAKO GOBERNUA

Goi tentsioko lineek kalte egindako herriek garbi dute proiektu horiek eta herrion etorkizuna ez direla «bateragarriak»: «Gure herrien etorkizuna dago jokoan», erran dute. Goi tentsioko lineek ingurumenean eraginen luketen kaltea nabarmendu dute, bertzeak bertze: «Urbasako hegaztiak eta basoak daude arriskuan», azaldu du Friasek. Paisaia ere «erabat» aldatuko lukete goi tentsioko lineek.

Arrisku horiek guztiak salatu dituzte plataformako kideek, eta martxoaren 23an eginen duten mobilizazioan parte hartzera deitu dituzte herritarrak: «Alarmak piztuko ditugu, eta proiektuek ukitutako herrietako plazetan elkarretaratzeak eginen ditugu». Herriz herri, gainera, batzarrak eginen dituztela azaldu dute plataformako kideek, informazioa zabaltzeko.

Apirilaren 27an, berriz, plataformako herriek Iruñera eramanen dute goi tentsioko lineen kontrako aldarria: Ohitura, natura, kultura izenburupean, protesta eta kultura uztartuko dituen ekitaldi bat eginen dute. Oraingoz, ez dute bertze xehetasunik azaldu. Hiriburuko Gazteluko plazan eginen dute.

Nafarroako gobernua ere, kontra

Forestaliak esku artean dituen proiektuek ukitzen dituzten herriek kezka agertu dute; ez dira bakarrak, ordea, Nafarroako Gobernuak ere eskatu baitu bazter uzteko Zaragoza (Espainia), Gasteiz eta Gatika (Bizkaia) lotuko lituzketen goi tentsioko lineak. Plataformako kideek bilera egin dute, berriki, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilari Jose Mari Aierdirekin, eta kontseilariak berretsi du Forestaliaren asmoen kontra dela gobernua.

 Nafarroako Gobernuko arduradunek nabarmendu dute proiektua «ekimen pribatukoa» dela, eta herrialdeari ez liokeela «inolako mesederik» eginen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.