Iruñeko alkatea

Joseba Asiron: «Aurrekaririk ez duen ahalegin bat egiten ari da Iruñeko Udala»

Joseba Asiron Iruñeko alkate izendatu zuten 2023ko abenduaren 28an, bigarrenez. Urte bat egin du karguan, eta erran du «hiria mugitzen» ari dela.

Joseba Asiron Iruñeko alkatea, astelehenean, herriko etxeko bere bulegoan. AITOR KARASATORRE / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2025eko otsailaren 1a
05:00
Entzun

Joseba Asiron Iruñeko alkateak (Iruñea, 1962) herriko etxeko bere bulegoan hartu du Nafarroako Hitza. EH Bilduko kidea «harro» mintzatu da azken urteko aldaketez eta PSNrekin lortutako akordioez; onartu ditu, halere, udal gobernuak dituen mugak.

Sasoiko al dago Iruñeko udal gobernua?

Bai, oso sendo daude udala eta gobernu taldea. Oso harro, egoera egonkorra baita Iruñeko Udalean. Duela urtebete hiria geldirik zegoen, eta orain, ez. Hori datu objektibo bat da. Orain hiria mugitzen ari da.

Zer moduzko harremana duzue PSNrekin?

Prozesu batean gaude. Lau urteko prozesu bat izan da, oso emankorra. PSN eta EH Bildu oso ezberdinak gara, eta denbora luzez elkarri bizkarra emanez bizi izan gara. Ezberdintasun nabarmenak ditugu, oraindik ere. Arlo sozialean ez zaigu asko kostatzen ados jartzea, baina beste arlo batzuetan, gehiago; hizkuntza politikan, besteak beste.

Zeintzuk dira Iruñeko Udalaren ildo nagusiak datozen urteotarako?

Hainbat plano daude gure jardueran, eta guztien azpian dago elkarbizitza. Diagnosia eskatu dugu, garbi baitugu elkarbizitza eraiki behar den zerbait dela. Elkarbizitza, esparru guztietan. Politika sozialek pisu nabarmena dute Geroa Bairekin eta Zurekin-ekin sinatutako gobernu akordioan eta PSNrekin sinatutako akordio programatikoan. Ondorioz, onartutako aurrekontuetan ehun eurotik berrogei politika sozialetara doaz. Bestalde, auzoetan egin nahi dugu lan. Azken txokoraino ailegatu nahi dugu. Auzoz auzoko proiektuak ditugu, bai eta hiri proiektuak ere. Hiri proiektuen artean, bi dira nagusi: Sarasate pasealekua moldatzeko proiektua eta Pilotaren Interpretazio Zentroa egitekoa.

«Ez dut 'erakartzeko efektua' inoiz aipatu. Ez dut hitz hori inoiz erabili, ez baita existitzen. Esamolde iraingarria da»

Donapea auzorako proiektua aurkeztu zenuten abenduan; 4.900 etxebizitza eraikitzeko asmoa duzue. Harituk salatu du gisa horretako egitasmoek merkatuaren esku uzten dutela etxebizitzaren auziaren konponbidea. Zer deritzozu?

Etxebizitzarena da egungo arazo nagusietako bat, zalantzarik gabe. Eskuina gobernuan egon den bitartean, etxebizitza negozio bat izan da, eskubide bat bainoago. Zalantzarik gabe, gure udal gobernuak bultzatu nahi dituen ideiak ez doaz eskuinaren norabide horretan. Alderantziz, etxebizitza eskubidearen alde egin nahi dugu; besteak beste, alokairu merkeko etxebizitzekin, gazteentzako etxebizitzekin edo Alde Zaharrean etxe turistikoak mugatzeko onartu dugun araudiarekin.

Etxe turistikoen arloan, Alde Zaharrean mugak jarri izanak ekar dezake hiriko bertze auzo batzuetan etxe turistiko gehiago izatea?

Baliteke, bai. Hau lehen urrats bat da, eta eginen ditugu bertze batzuk ere. Kontuan izan behar dugu, halere, Alde Zaharrean daudela hiri osoko etxebizitza turistikoen erdiak baino gehiago: %55. Ezin dugu ahaztu, halaber, Nafarroako Gobernuak tentsio handiko eremu izendatu duela Iruñea, eta horrek ere eragina izanen duela espero dugu.

Etxebizitzaren auziaren aurpegietako bat da hori; badira bertze batzuk. Hainbat eragilek kritikatu dute, bertzeak bertze, etxerik ez dutenentzako hotelak edo pentsioak ordaintzea ez dela konponbide egokia, eta baliabideak bertze modu batera erabil daitezkeela.

Migrazio prozesu baten aurrean gaude eta larrialdi baterako ditugun baliabide guztiak erabiltzen ari gara. Aurrekaririk ez duen ahalegin bat egiten ari da udala. Hala eta guztiz ere, arazoa oraindik hor dago. Uste dut Iruñea eredugarri izaten ari dela auzi honetan, baina salbuespen bat da. Esan egin behar da. jakin badakigulako Madrilen, Bartzelonan eta beste hainbat hiritan jendea bideratzen ari direla Iruñera, hemen aukera gehiago daudelako. Oso harro gaude gu, eta jarraituko dugu, gainera, solidario izaten. Baina, dudarik gabe, Iruñetik ez dugu konponduko globala den arazo bat.

Iruñekom alkate Joseba Asiron, astelehenean, Iruñeko udaleko bere bulegoan. AITOR KARASATORRE / FOKU
Iruñeko alkate Joseba Asiron, astelehenean, bere bulegoan. AITOR KARASATORRE / FOKU
Elkartasuna aipatu duzu; hainbat eragilek, ordea, erakartzeko efektua aipatu izana egotzi zizuten abenduan. Eskuinak erabiltzen duen esamolde bat da hori, hain zuzen.

Ez da egia: nik ez dut erakartzeko efektua inoiz aipatu. Ez dut hitz hori inoiz erabili, ez baita existitzen. Dagoena da toki batzuetan jendea kanporatu egiten dutela, eta Iruñera bideratu, arazoari aurre ez egiteko. Ez dut inoiz erabili esamolde hori, iraingarria eta bidegabea delako.

Euskararena da zalaparta sortzen ohi duen bertze gai bat. Zer asmo duzue, bertzeak bertze, haur eskolen auzian?

Uste dugu, batetik, parekatu behar direla eskaria eta eskaintza. Hori diot, jakinda gero neure burua zuzenduko dudala. Familiek oraindik ezin dute aukeratu haurrak zein hizkuntzatan eskolaratu. Hori lortuta ere, ez litzateke legea beteko, legeak euskara sustatzea eskatzen baitu, eta denbora eta pazientzia behar ditugu betetzeko. Akordio zabal bati esker gaude hemen, eta PSNren babesa jaso genuenean, bagenekien euskararen auzia negoziatzea ez dela erraza izanen.

Zaila izanen da hurrengo ikasturtean euskarazko haur eskola gehiago egotea Iruñean?

Espero dut aurten baino errazagoa izatea.

Eskariaz eta eskaintzaz aritzeak ez al ditu eskubideak ezbaian jartzen?

Bai, legearen arabera sustatu egin behar baitugu euskara.

«PSNren parte hartzearekin, Erorien Monumentuaren esanahia aldatzeko aurrekontua lortu dugu. Orain parlamentuak eman beharko du hurrengo pausoa. Hori eginda, ideien lehiaketa bat egin ahal izanen dugu»

Iruñeko Euskalgintzak anbizioz jokatzeko eskatu dizue. Eginen duzue?

Handinahiak gara, baina ez da erraza. Aurrerapausoak emateko pedagogia handia egin beharko dugu sozialistekin, ulertarazteko euskara guztiona dela. Ez dakit herritarrei pazientzia eskatzeko eskubiderik ba ote dudan, baina beharko dugu.

Erorien Monumentuari buruz lortu duzue akordioa; eraikinari eustea erabaki duzue. Zergatik ez duzue botako?

Botatzeko, bi baldintza bete behar dira: batetik, aurrekontua behar da, oso garestia delako botatzea; eta, bestetik, babesa kendu behar zaio eraikinari, babestutakoa delako. Alkateak ezin du babesa kendu, eta aurrekontua lortzeko gehiengorik ere ez dut. Nafarroako Parlamentuak egin behar du babesa kentzeko urratsa. PSNren parte hartzearekin, eraikinaren esanahia aldatzeko aurrekontua lortu dugu. Orain parlamentuak eman beharko du hurrengo pausoa. Hori eginda, ideien lehiaketa bat egin ahal izanen dugu. Esanahaia aldatu edo bere horretan utzi, beste aukerarik ez zegoen, eta guk ez genuen bere horretan utzi nahi.

Fernando Mikelarena historialariak kezka hori agertu du Nafarroako Hitza-n, azkenean bere horretan geldituko ez ote den.

Eraikina moldatzeko adostasuna lortu dugu, eta prozesu hori martxan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.