Txirrindularien arreta «hobetzea» du helburu Larra-Larrau martxak

NICDO enpresak eta Larra-Belaguak lehenengo aldiz antolatu dute Larra-Larrau martxa zikloturistikoa. Bihar izango da martxa, 09:00etatik aurrera.

Larra-Larrau martxa zikloturistako irudi bat. LARRA-LARRAU
Larra-Larrau martxa zikloturistako irudi bat. LARRA-LARRAU
Olaia L. Garaialde.
Izaba
2024ko irailaren 6a
05:00
Entzun

Giroa bero-bero dago Izaba inguruan. Kirolarien eta artisauen azoka prest dago, eta txirrindulariak dortsala eskuratzera bildu dira. Larra-Larrau martxa zikloturistikorako egun bat falta da, eta txirrindulariak ateratzeko prest dira. Aurten NICDO enpresa publikoa eta Larra-Belagua zentroa lehen aldiz aritu dira Larra-Larrau martxa zikloturistikoaren antolaketan. Julen Garjon Larra-Belagua zentroko zuzendari eta martxaren antolatzaileak azaldu du denbora «gutxi» izan dutela prestatzeko: «Ez dugu aldaketa handirik egin martxan. Gure asmoa izan da txirrindularienganako arreta hobetzea; hala nola kalitatea handituz, maillot bat oparituz eta mekaniko gehiago jarriz». Bihar izanen da martxa zikloturistikoa.

30 urte bete ditu Larra-Larrau martxak, eta urteekin «asko» aldatu dela esan du Garjonek. Izan ere, lasterketa gisa sortu zen, baina gaur egun martxa zikloturistiko bat da: «Martxak lehiakortasuna alde batera uzten du. Ez dago saririk, ezta sailkapenik ere». Larra-Larrau martxan bi ibilbide daude: laburra eta luzea. Luzeak 143 kilometro eta 3.600 metroko desnibela dauka. Gainera, luzea lau mendatetatik pasatzen da: Belaguatik, Izarbetik, Larrainetik eta Lazartik. Laburrak, aldiz, ehun kilometro eta 2.600 metroko desnibela dauka. Laburra eginez gero, parte hartzaileak hiru mendatetatik pasatuko dira: Belaguatik, Larrainetik eta Lazartik. Ibilbide luzea egingo dutenak 09:00etan hasiko dira, eta motza egingo dutenak, 09:30ean.

Gaur egun martxa NICDOk eta, horren barruan, Larra-Belaguak antolatzen badute ere, Garjonek gogorarazi du hasieran herritik sortutako ekimen bat izan zela eta, hortaz, Erronkarikoentzat «berezia» dela: «Gaur egun Larra-Larrau martxaren antolakuntza gure esku egon arren, boluntariorik eta jenderik gabe ezingo litzateke lasterketarik egin». Horregatik, «ilusioz» bizi dute urtero. Gainera, Garjonek azpimarratu du martxak haranari ekarpen «handia» egiten diola. Urtero 1.000 eta 1.200 txirrindulari artean biltzen dira, eta jende andana biltzen da martxa ikusteko. Garjonek dio horrek eragina duela ibarreko ekonomian. Horrez gain, uste du Erronkari ezagutarazteko aukera ere badela.

Modu askotara parte hartu daiteke martxa zikloturistikoan; hala nola elektrikoak ez diren bizikletekin, bizikleta elektrikoekin edota tandemekin. Itxialdiaren eta COVID-19 pandemiaren ostean antolatzaileek ikusi zuten bizikleta elektrikoen erabilera handitze ari zirela, eta, horregatik, bizikleta elektrikoa ere erabiltzeko aukera eskaini zuten. «Askok dopin moduan ikusten dute, baina, nire ustez, beste bizikletarekin ezin duenari parte hartzeko aukera ematen dio bizikleta elektrikoak», argitu du Garjonek. Tandem bizikletei dagokienez, binaka joateko aukera ematen dute. Bi bizikleta mota horien erabilera sustatzearen asmoa irisgarritasuna «handitzea» da, zentroko zuzendariak azaldu duenez: «Martxak denontzat irekiak izan behar dira».

Urtarokotasunari aurre 

Larra Belagua Bike egitasmoaren barruan kokatzen da Larra-Larrau martxa. Egitasmoaren helburua da urtarokotasunari aurre egitea, eta neguko eskaintzaz gain, urte osoko eskaintza izatea. Horretarako, iaz bizikletan ibiltzeko hemezortzi ibilbide zabaldu zituzten Erronkarin, eta bizikleta elektrikoak alokatzeko aukera jarri zuten. Bide horretan jarraituz, aurten ere ekintza ugari antolatu dituzte; lasterketak, besteak beste.

Horrez gain, urtero martxan sortzen den giro «polita» eta «interesgarria» sustatzeko, haur eta familientzako ekintzak ere antolatu dituzte; esate baterako, puzgarriak. Garjonek gaineratu du Erronkariko parajeak «pribilegiatuak» direla: «Hemen paisaia oso desberdina da, eta Euskal Herriko zein Kataluniako jende asko etortzen da». Horregatik, parte hartzeko «polita» izateaz gain, ikusteko ere «oso atsegina» dela dio.

Ekitaldia urtero egiten bada ere, azken urteetan gorabehera ugari izan ditu martxak. Izan ere, COVID-19aren ondorioz urte batez ez zen egin, eta iaz tanta hotzaren ondorioz martxa bertan behera uztea erabaki zen. Garjonen ustez, horrek eragina izan dezake aurtengo parte hartzean aurtengo parte hartzean: «Gehiago kostatu zaigu jendea erakartzea; uste dut azken urteetan ez denez egin, jendeak deskonektatu duela». Hala ere, buru-belarri ibili dira zabalpenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.