Behin bakarrik egin dut abuztuko argazkiak antolatzeko ahalegina. Soilik behin. Izan ere, hasi eta segituan konturatu nintzen irailak gu geu eta abuztuko oroitzapenak aldrebesteko duen gaitasunaz. Antolaketa alde batera utzirik, edo akaso etorkizunean hartuko ez dudan beste momentu baterako utzirik, argazki bildumari izenburua emateko Bea Salaberrik Baionak ez daki (Susa, 2015)narrazio liburuan idatzitakoa —«agorrileko sapa egunetan ba ote da prezagarriagorik ilunpetako loaldi kuluxka baino?»— erabili nuen.
Izan ere, hilabete honetan ez eguzkiak, ez mendaren zein berriki moztutako belarraren usainak, ez liburuek, ez bainuek ez didate sorrarazi lo kuluxkek igorri didaten lasaitasun iraungaitza. Astiro egin dut oinez, astiro izerdia lehortu, astiro euritakoa, badaezpada, poltsan sartu, oro har, astiro arnastu dut.
Beharbada, beso-zabalik hartutako geldotasunak erraztu zien gau batean segituan ezagutu genituen umeei gu geu euren jolasen jomuga bihurtzea. Plaust!. Hitz bidezko onomatopeia batek adierazi ezin dezakeen ezustekoa sortu zidaten autoko leihatilan lehertu ziren urez beteriko puxikek. Zaratak sorturiko ezustekoaren ostean, umeak maltzurkerietan aspaldi ikusten ez nituela jabetu nintzen. «Gaur egungo jolasak, oro har, ez dira guk txikitan egiten genituenekoak», esan zidaten. Baina, nahiz eta imajinazioa entretenimendu ezberdinak sortzeko gai izan, bai, funtsean jolas berberak dira.
Ez dakit zenbat jolas asmatu genituen guk txikitan Iruñeko Alde Zaharreko San Frantzisko plazan. Auskalo. Egunero ezberdinak, egunero alde batetik bestera, noizbehinka orduan zegoen metalezko txirristagatik zein lur gogorragatik urratu edo erreduraren bat, eta hurrengo egunean ostera.
Ez naiz jolasak imajinazioa ala energia asetzeko asmatzen genituen esateko gai. Halaber, ez naiz imajinazioa eta beharra, eta, ostean, imajinazioa, beharra eta asperdura noiz nahastu ziren adierazteko gai. Izan ere, auzoko umeok, hein batean gaur egun bezala, ez genuen elkarrekin ikasturte horretan desiratzen genuen kirola egiteko aukerarik, ez behintzat auzoan, nahiz eta auzoko elkarteek horietako batzuk eskaini eta elkarteek zein auzokoek auzoan aisialdia edukitzeko lan egin.
Izan ere, baldintza ekonomikoen menpe zegoen bakoitzaren kluba zein izanen zen. Bakoitzak norekin eginen zuen topo
Horiek horrela, belaunaldikook laster hasi ginen beste auzoetan zeuden klubetan izena ematen, eta elkarrengandik urruntzen ere bai; izan ere, baldintza ekonomikoen menpe zegoen bakoitzaren kluba zein izanen zen. Bakoitzak norekin eginen zuen topo. Nor izanen zen zozketan onartua, eta nor ez. Norekin harremana izan beharko zuen. Nor ikusi, eta nor ez.
Aste honetan, auzoko gazteek eta Iruñeko Udalak hitzarmen pilotua sinatu dute, auzoari eta auzoko haurrei zein gazteei biltzeko eta aisialdiaz elkarrekin gozatzeko parada emanen dien Alde Zaharreko Kluba deiturikoa bultzatzeko. Proiektuak, batik bat, haur eta gazteen sustapena eta prebentzio komunitarioa bultzatuko du, eta, San Frantzisko IPko Familien Elkartearekin eta Aldezar Elkartearekin batera, kirol ezberdinak eskainiko ditu haurrek arnasteko gero eta espazio gutxiago duten eta gero eta turistifikatuago dagoen Alde Zaharrean.
Maltzurkeriak maltzurkeria, eskerrak oraindik, nahiz eta gu egunerokoan guztiz sartuta egon eta ikasturtean udako lo kuluxkak desiratu, haurrek txilinbueltak egiten, korrika egiten, jolasten eta asmatzen jarraitzen duten, eta, beharrezkoa ez denetan, lo kuluxkarik egiten ez duten. Eskerrak geure buruarekin egin ez genuen bezala, haiei hori guztia kendu ez diegun.