Geoalcali enpresako arduradunek Nafarroako Gobernuko agintariengana jo dute laguntza bila, Zangoza inguruko Muga meategiko proiektua martxan jarri ahal izateko. Enpresak lortu zituen meatokia ustiatzeko behar zituen baimenak, baina Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du haietako bat, eta, ondorioz, proiektua geldirik da behin-behinean. Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibitek Nafarroako Jauregiko bere bulegoan hartu zuen Geoalcaliko kontseilari ordezkari Ignacio Salazar otsailaren 10ean, auziaz hitz egiteko. Txibitek berretsi du Muga «proiektu garrantzitsua» dela herrialdearen garapenerako: «Eskualdeko garapen ekonomikoa eta soziala bultzatuko ditu. Lanean ari gara proiektua gauzatu dezaten», erran du lehendakariak.
«Geoalcaliren asmo bakarra da propaganda egitea, eta Nafarroako Gobernua ere batu zaio joko horretan»
ENRIQUE MIRANDA Muga proiektuaren aurkako plataformako kidea
Txibiterekin bildu eta gero, Salazarrek Geoalcaliko lantaldeko 30 langile ingururi eraginen dien enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea aurkeztu zuen, otsailaren 12an. Martxoaren 1etik 31ra egonen da indarrean. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko sententziak izan dezake bertze ondoriorik, Geoalcaliren Muga proiektuak Txinatik lortu behar zituen inbertsioak kolokan baitira. Iazko irailean, Geoalcalik akordio bat egin zuen Txinako hiru enpresarekin (Yankuang, Beijing Energy eta Taizhong), 150 milioi euro eskuratu ahal izateko. Nafarroako Gobernuak akordioa babestu zuen, meatokiak zortziehun lanpostu sortuko dituela nabarmenduta. Txinako enpresek baldintza bat jarri dute adostutako inbertsioa egiteko, ordea: Geoalcalik behar dituen baimen guztiak indarrean izatea martxoaren 31rako.
Hiru baimen
«Geoalcali ataka zailean da». Horixe nabarmendu du Enrique Mirandak, Muga proiektuaren aurkako plataformako kideak, eta «propagandatzat» jo du Txibitek eta Salazarrek otsailaren 10ean egindako bilera. «Geoalcaliren asmo bakarra da propaganda egitea, eta Nafarroako Gobernua ere batu zaio joko horretan. Espekulazioa da Geolcaliren oinarria», salatu du Mirandak.
Hark oroitu du epaileen ebazpen batek proiektua behin-behinean gelditu duela. Muga meatokiaren aurkako plataformak aurkeztutako helegiteari erantzun diote sententziaren bitartez, hain zuzen ere. Zehazki, Nafarroako Gobernuak Geoalcaliri meategia ustiatzeko emandako baimena da auzitegiak oraingoz bertan behera utzi duena. Aragoiko (Espainia) eta Espainiako gobernuek ere emanak dituzte gisa horretako baimenak, eta horien kontrako helegitea ere aurkeztua du Mugako proiektuaren aurkako plataformak. Egitasmoak Nafarroako eta Aragoiko lurrak ukitzen ditu.

Auzitegi Nagusiak erran du proiektuaren adjudikazioa ez dela legezkoa izan, hiru administrazioren esku egon beharrean bateratua izan beharko lukeelako. «Kontua da Geoalcalik hiru ikerketa baimen eskatu zituela hasieran, potasarik ote zegoen jakiteko, eta, hiru ikerketa baimen horien arabera, ustiatzeko hiru baimen jaso dituela», azaldu du Mirandak. Izan ere, legez hala behar du; hau da, ikerketa baimen bakoitzari ustiatzeko baimen bat dagokio. Auzitegiaren ebazpenak agerian utzi du enpresak proiektu bakarra aurkeztu beharko zukeela, zatika egin ordez.
Ingurumen adierazpena
Sententzia ez da enpresaren arazo bakarra, Mirandak nabarmendu duenez: «Arazoak dituzte proiektuaren ingurumen eraginari buruzko adierazpenarekin ere». Kontua da Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioak proiektuaren aldeko adierazpena onartu zuela, baina adierazpen horretan jaso zuen Muga meatokiak eragin ditzakeen «hainbat arazo» ustiatzeko baimenetan konpondu beharko zirela, eta zeregin hori baimenak eman behar zituzten administrazioei zegokiela: alegia, Nafarroako, Aragoiko eta Espainiako gobernuei. «Adierazpenean jasotzen da balitekeela meatokiak lurrikarak eragitea, bertzeak bertze», zehaztu du Mirandak. «Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ez du deus ere erabaki ingurumen eraginaren adierazpenari buruz, epaileek ebazpenean jaso baitute ez dutela hori egiteko eskumenik; Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiari dagokio adierazpenari buruz ebaztea», erantsi du. Beraz, gerta daiteke epaileek ingurumen eraginaren adierazpena ere ezbaian jartzea. Plataformako kideak, gainera, Aragoiko eta Madrilgo gobernuek meatokia ustiatzeko emandako baimenen inguruko helegiteak noiz argitu zain dira.
Bertzalde, Mirandak gogoratu du Zangozako Udalak emandako obra lizentzia ere «kolokan» dela: «Proiektuaren zati bat Zangozako Udalaren erabilera publikoko mendi baten gainean dago; Zangozako Udalak baimena eman du, baina erabilera publikoko eremu horri erreparatuta, zehazki, Nafarroako Gobernuak ebatzi behar du baimen hori zuzena ote den», gehitu du Mirandak. «Enpresaren egoera hagitz zaila da», berretsi du Muga proiektuaren kontrako plataformako kideak.