Tuterako Udalak obra baimena kendu dio Nilsari

Hiriko araztegia handitzeko lanak eten behar izan ditu enpresa publikoak. Nafarroako Gobernuak helegitea aurkeztu dio udalaren debekuari.

Tuterako araztegia.
Langile bat Tuterako araztegian, artxiboko irudi batean. NILSA
edurne elizondo
Iruñea
2024ko uztailaren 14a
05:00
Entzun

Nilsa enpresa publikoak bertan behera utzi behar izan ditu Tuterako araztegia handitzeko lanak, Tuterako Udalak aurretik emandako obra baimena kendu eta gero. Nilsak joan den ekainaren 28an hasi zituen araztegiko lanak, eta uztailaren 1ean gelditu zituen, udalak hala aginduta. Udalak salatu du enpresak ez duela Ebroko Ur Konfederazioaren baimenik araztegia handitzeko.

Nilsak 2018an eskatu zion Tuterako araztegiko proiekturako baimena Ebroko Ur Konfederazioari; orain arte, baina, ez du obrak hasteko urratsik egin. Ondorioz, Tuterako Udalak azaldu du baimena jada ez dela indarrean. Nafarroako Gobernuak gezurtatu egin du hori, ordea: ekainaren 25ean Tuterara egindako bisita batean, Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibitek erran zuen Lurralde Kohesiorako Departamentuak baimena luzatzeko eskatu ziola Ebroko Ur Konfederazioari, eta erakunde horren erantzunaren zain direla. Txibitek errandakoaren arabera, gobernuak Ebroko Ur Konfederazioak zehaztutako epean aurkeztu zuen baimena luzatzeko eskaera, eta konfederazioak sei hilabete ditu erantzun bat emateko.

 
135
 
 

Planaren aurrekontua. Nilsa enpresak 135 milioi euroko aurrekontua zehaztu du, 2030era bitarte, Nafarroako hiriko uren ziklo osoaren plana betetzeko. Tuterako proiektuak 40 milioi euro hartuko lituzke.

Nilsak helegitea jarri dio Tuterako Udalaren debekuari, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuko iturriek baieztatu dutenez. Iturri horiek berretsi dute enpresak Ebroko Ur Konfederazioaren baimena luzatzeko eskatu zuela. Araztegia handitzeko proiektuak eztabaida sutsua piztu du Nilsaren eta Tuterako Udalaren artean, azken hilabeteotan. Otsailean, Alejandro Toquero alkateak (UPN) egitasmoa bertan behera uzteko eskatu zuen. Harekin bat egin zuen Arguedasko alkateak gero, eta ekologistek ere txarretsi zuten Nilsaren proiektua. Araztegia handitzearekin batera, lohia tratatzeko planta bat eraiki nahi du enpresa publiko horrek araztegiaren ondoan. Planta horrek udalen eta ekologisten kezkak eragin ditu, hain zuzen ere.

Hiru faseko proiektua

Nilsak hiru faseko proiektua garatu nahi du Tuterako araztegian: lehenengoan, egungo araztegia moldatu eta handitu nahi dute; bigarrengoan, lohien tratamendu aurreratua egiteko planta bat eraikitzea da asmoa; eta hirugarrengoan, berriz, tratamendu horren bidez lortutako lohia lehortzeko azpiegitura egin nahi dute, nekazariek erabiltzeko. Nilsako kudeatzaile Fernando Mendozak nabarmendu du Tuterako araztegiak hogei urte baino gehiago dituela eta berritzeko beharra baduela; erantsi du proiektuak bat egiten duela Europako zuzentarauek markatutako bidearekin.

Lehen fasekoak ziren Nilsak hasi eta eten behar izan dituen lanak; araztegia handitzekoak, alegia. Bigarren faserako, Tuterako Udalaren ezezko biribila jaso du. Nilsaren asmoa da, tratamendu aurreratua egiteko plantaren bidez, Nafarroan sortzen diren lohien %40 Tuteran hartzea eta tratatzea. «Ez dugu zabortegi bilakatu nahi», erran du Toquero alkateak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.