Olatz Azpirotz Larzabal.
IRITZIA

Tradizioa eta ohiturak

2024ko uztailaren 26a
04:55
Entzun

Ohitura eta tradizioa ez dira sinonimoak, ezta elkarri nahitaez loturiko kontzeptuak ere. Azken urteotan, bi termino horien arteko korrelazioa zalantzan jartzen hasi gara, baina, bultzatutako hausnarketak, oro har, ez ditugu gauzatu. Euskaltzaindiaren Hiztegian bi termino horiek bilatuz gero, adiera hauek topatu ditzakegu: batetik, ohitura-ri dagokionez, zerbait eginaren eginez hartzen den aritzeko era eta iraganalditik ondare gisa jasotzen den pentsatzeko, egiteko edo aritzeko era dela aurkitu dezakegu; bestetik, tradizioa-ri dagokionez, mendez mende hitzez erakutsi den erlijiozko doktrina edo praktika, eta bide honetatik helarazi diren doktrina eta praktiken multzoa eta iraganalditik ondare gisa jasotzen den pentsatzeko, egiteko edo aritzeko era dela irakur dezakegu.

Bi hitzen arteko harremana argia eta agerikoa da, batik bat, batak zein besteak existitzeko bestearen gauzatzea behar baitu. Gauzak horrela, tradiziorik izanen ez bagenu, ohiturarik izanen genuke? Eta, ditugun ohiturak aldatuz gero, tradizioa, bere osotasunean, ezerezteko arriskua edo ahalmena izanen genuke?

Ez dago euskal tradizioren bat ere atsegin edo jarraitzen ez duen euskaldunik, edo, behintzat, hori uste dut nik; izan ere, etxetik bidezidorrera eta intimotasunetik plazara bitarteko noranzkoa zeharkatzen duten ekintza guztiak aintzat hartu, eta historikoki tradizio ez ziren horiek tradizio bihurtu ditugu, eta, ondorioz, tradizioari berebiziko ahalmena zein betierekotasuna eman diogu. Tradizioak behar ditugula sinetsarazi digute, bai euskaldun sentitzeko zein euskalduntasuna indartzeko, bai komunitate baten parte izateko, bai eta tradizioan oinarrituriko kultura sendotzen eta babesten dugula sentitzeko ere. Halere, akaso, geure komunitatea aitortuta egonen balitz eta behin eta berriz izaera berresteko beharrik izanen ez bagenu, tradizioaren boterea askoz txikiagoa izanen litzateke.

Dena den, beharrezkoak diren bozetoak eta zirriborroak lantzen hasi dira, eta horietako bat da aurtengo Baztandarren Biltzarreko afixa. Aurtengo afixa Saioa Ligos (Bilbo, 2003) elizondotarrak sortu du, eta, bertan, euskara eta genero adierazpenaren askatasuna izan ditu helduleku. 61. Baztandarren Biltzarraren afixan lau pertsona ageri dira euskal jantzi tradizionala jantzita: horietako bi gizon eta emakumeei tradizionalki esleitutako jantziekin agertzen dira, ordea, beste biek tradizionalki esleituriko bi jantziak dituzte soinean. Egileak lan horrekin norbanako guztiak identifikaturik sentitzea eta bakoitzak bere identitatea adierazteko duen askatasuna aldarrikatu nahi izan du, epaiketei eta diskriminazioari paradarik eman gabe.

Kulturak oinordekotza behar du, eta oinordekotza ahalik eta askeena izatea eta kultura sostengatu nahi izatea geure ardura da

Guztiok ezagutzen ditugu zonaren arabera dagokigun jantzia erabiltzeko bete behar ditugun arauak, baita zenbaitetan plazan dantzatu ahal izateko bete behar diren irizpideak ere. Horregatik, ez da harritzekoa plazetan gorputz ez-normatiboak ez ikustea; izan ere, ez daude ongi ikusita, ez daude onartuta, ez dira errespetatzen eta ez zaie euren izana plazaratzeko betarik ematen.

Arropa beti izan da egoera zein aldarrikapen ezberdinen isla, hots, arropa gure izanaren edo izan nahi dugun horren erreprodukzioa izan daiteke. Beraz, guztiz aberasgarria eta onuragarria izanen litzateke, tradizioak osatzen dituzten elementuak birpentsatzea eta horiekin ohitura berriak sortzea, hau da, gure tradizioa den hori berriz gure egitea; izan ere, gurea bezalako herri txiki baten kultura bere horretan mantendu eta zaindu nahi badugu, ohitura berriak eta eraldatzaileak sustatzea zein diseinatzea ezinbestekoa dugu. Kulturak oinordekotza behar du, eta oinordekotza ahalik eta askeena izatea eta kultura sostengatu nahi izatea geure ardura da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.