Toki bat Ziudadelan musikarentzat

Abangoardiako musiken ElektrAV jaialdiak Iruñeko Ziudadelako Armen Aretoa hartuko du gaur eta bihar. Musex Industries etxeak antolatu du, udalaren eta Nafarroako Gobernuaren babesarekin.

ElektrAV jaialdiaren aurkezpena: Navarra Music Commission bulegoko Fernando Garaioa, Musex Industries etxeko Javier Sueskun, Maider Beloki Iruñeko zinegotzia eta Nafarroako Gazteriaren Institutuko Txema Burgaleta. IÑIGO URIZ / FOKU
Navarra Music Commission bulegoko Fernando Garaioa, Musex Industries etxeko Javier Sueskun, Maider Beloki Iruñeko zinegotzia eta Nafarroako Gazteriaren Institutuko buru Txema Burgaleta, otsailaren 20an, Iruñeko Ziudadelan. IÑIGO URIZ / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2024ko martxoaren 1a
05:00
Entzun

Aurreiritziak bazter utzi nahi dituzte, eta, hori lortzeko, Iruñeko kulturaren plaza nagusietako bat hartuko dute: musika elektronikoak toki bat izanen du, gaur eta bihar, Iruñeko Ziudadelako Armen Aretoan, ElektrAV arte bisualen eta abangoardiako musiken jaialdiari esker. Musex Industries etxeak antolatu du, Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren babesarekin.

Juan eta Javier Sueskun anaiak dira Musex Industries etxeko arduradun. Javier Sueskunek «biziki» eskertu du ElektrAV ospatzeko aukera, Ziudadelan bertan —otsailaren 22an— egindako aurkezpenean; izan ere, «aspaldi» hasi ziren proiektu hori mamitzen, eta anitz izan dira, orain arteko bidean, aurrean aurkitutako oztopoak. «Gure helburua da musika elektronikoa bertze tokitara eramatea», erran du Javier Sueskunek. Zehazki, kulturaren tokietara. «Ez dugu deus asmatu», aitortu du Musex Industries etxeko kideak, eta azaldu du Gasteizko Artiumen egiten zen Mugako jaialdia «eredu» izan dutela, bertzeak bertze.

ElektrAV musika elektronikoko jaialdian parte hartuko duen Dalila artista. ELEKTRAV
ElektrAV musika elektronikoko jaialdian parte hartuko duen Dalila artista. ELEKTRAV

Antolatzaileek «ezinbertzekoa» izan dute erakunde publikoen inplikazioa musika elektronikoa Armen Aretoaren gisako oholtza batera eramateko; batez ere, Iruñeko Udalarena, harena baita gune hori. «Ziudadelako Armen Aretoa kultura garaikidearen epizentro bilakatu nahi dugu, eta hori eginen du ElektrAV jaialdiak, hain justu», nabarmendu du Iruñeko Udaleko Kultura zinegotzi Maider Belokik.

Nazioarteko jaialdia

ElektrAV jaialdiko saio nagusiak gaur eta bihar eginen dituzte; asteon, halere, jaialdiaren babespean, izan da bertze ekinaldirik Iruñeko Armen Aretoan: musika elektronikoari eta musika ekoizpenari buruzko bi tailer egin dituzte, Ibai Matxinek eta Javier Sueskunek gidatuta, eta Nafarroako Gazteriaren Institutuak lagunduta. 

ElektrAV musika elektronikoko jaialdian parte hartuko duen Izar5 artista nafarra. ELEKTRAV
ElektrAV musika elektronikoko jaialdian parte hartuko duen Izar5 artista nafarra. ELEKTRAV

Ibai Matxin nafarra ElektrAV jaialdiko oholtzara igoko da gaur, hain zuzen, Dstant bere arte proiektuarekin. Harekin batera, Anthony Rother ekoizleak, Binary Source tekno bikote nafarrak, Hector Sandoval DJak (Komatssu aka Tensal), Martinovna bideo artistak, Nathan Fake musikari elektronikoak eta Nitro artista nafarrak parte hartuko dute, gaur, jaialdian.

Bihar, berriz, Boris Divider, Izar5, Julia Bondar, Koldo Intermusic, Monica Elektra, Setaoc Mass, Sunesis eta Spectral ariko dira. «Artista nafarren parte hartzea nabarmendu nahi izan dugu, baina nazioarteko jaialdi bat prestatu dugu», erran du Javier Sueskunek. Alemaniatik dator Anthony Rother, adibidez, eta ukrainarra da Julia Bondar; Nathan Fake, berriz, Ingalaterrako musikari elektroniko «sendoenetako bat» da, ElektrAV jaialdiko antolatzaileen hitzetan.

Jaialdiaren bidez, musika elektronikoaren «ekosistema» elikatu nahi dute Musex Industries etxeko Sueskun anaiek. Horixe nabarmendu du Javier Sueskunek: «Musika elektronikoaren artisten ekosistema hori sortzeko lehen urratsa da jaialdi hau, ekosistema hori ekarriko duen lehen zuhaitza». Helburu horrekin garatu dituzte bertze hainbat proiektu azken urteotan; Iruñeko Civicanen Soinu Paisaia izenburuko programa egin dute, adibidez, eta, iaz, Ziudadelan ere, Dantz Point jaialdia ospatu zuten.

ElektrAV musika elektronikoko jaialdian parte hartuko duen Dstant artista nafarra. ELEKTRAV
ElektrAV musika elektronikoko jaialdian parte hartuko duen Dstant artista nafarra. ELEKTRAV

«Musika elektronikoak berrogei urte ditu, eta Nafarroara duela 30 ailegatu zen», kontatu du Javier Sueskunek. Oroitu du, Iruñeko Donibane auzoko zenbait tabernatan hasi zirela teknoa jartzen, 1980ko hamarkadaren bukaeran, eta areto txikietatik, han eta hemen zabaldu zituzten areto handietara egin zuela salto musika elektronikoak. «1990eko hamarkadaren hasieran, milaka pertsona hartzen zituzten aretoak betetzen ziren asteburuetan; hura izan zen ere gehiegikerien garaia, eta, haren ondorioz, musika elektronikoak ospe txarra hartu zuen».

Ospe txar horren aurka egin nahi izan du Navarra Music Commission bulegoak, hain zuzen, ElektrAV jaialdia babestuz: «Estigma bazter uzten lagundu nahi dugu, jaialdiaren bidez musika elektronikoan ari diren artistak ahaldundu daitezen. Gero eta indar handiagoa dute Nafarroan. Guretzat erraza izan da jaialdiarekin bat egitea», erran du Navarra Music Commission bulegoko arduradun Fernando Garaioak.

«Hiriko kulturaren gune nagusietako bat hartuko dugu; hori behar dugu, aurreiritziak atzean utzi eta musika elektronikoaren esparruan murgiltzeko». 

JAVIER SUESKUNElektrAV jaialdiko antolatzailea

Javier Sueskunek eskertu du bultzada, garbi baitu erakundeen babesa «funtsezkoa» dela musika elektronikoak garai batean herrialdean izan zuen tokia berreskuratzeko. Armen Aretoan gaur bostehun pertsona inguru biltzea espero dute ElektrAV jaialdiko antolatzaileek, eta bihar, bertze bostehun, hain zuzen ere. Tokiak garrantzia izanen duela berretsi du Sueskunek: «Hiriko kulturaren gune nagusietako bat hartuko dugu; hori behar dugu, aurreiritziak atean utzi eta musika elektronikoaren esparruan murgiltzeko».

Lehendabizikoz antolatu dute ElektrAV jaialdia, baina Sueskunek garbi erran du «jarraitzeko gogoz» sortu dutela. «Ez dago gure esku, baina urtero egiteko asmoz prestatu dugu», kontatu du, Nafarroako Gobernuko eta Iruñeko Udaleko ordezkarien aurrean. «Nafarroan eta nafarrentzat antolatu dugu», berretsi du Musex Industries etxeko kideak. Hasteko, gaur eta bihar, ElektrAV jaialdiaren lehen edizioak Iruñeko Ziudadelako Armen Aretoa hartuko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.