TCCko langileek salatu dute billabesen %80k «hutsen bat» badutela

Langile batzordeak autobus guztiak aztertu ditu; enpresak egiten dituen mantentze lanak «eskasak» direla salatu du. Aire girotuak, aulki gurpildunak igotzeko arrapalek, ateek eta bertzek egiten dute huts, langileen txostenaren arabera.

Billabesa guztiz elektriko berrien aurkezpena.
Iruñerriko Mankomunitateak erosi berri dituen billabesa guztiz elektrikoak. Ekainaren 27an egin zuten autobus berriak aurkezteko ekitaldia, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2024ko uztailaren 7a
05:00
Entzun

Duela urtebete salatu zutena berretsi dute Moventis TCCko langileek orain: billabesa anitzen egoera «txarra» dela, eta badela garaia enpresak eta Iruñerriko Mankomunitateak esku hartzeko. Langile batzordeak txosten bat osatu du egun jakin batean martxan diren autobusak aztertu eta gero, eta emaitza «argigarria» dela azaldu dute gidariek: «Autobusen %80k badute hutsen bat». Gaizki itxi eta irekitzen diren ateak, funtzionatzen ez duten aulki gurpildunentzako arrapalak, martxan jartzen ez den aire girotua, aldatzeko beharra duten gurpilak eta bertzelako akatsak atzeman dituzte.

Langile batzordeko kideek ekainaren 18an lanean ziren autobusak aztertuz osatu dute zabaldu duten txostena. Egoerak okerrera eginen duela uste dute, halere, Iruñeko sanferminetan autobus zerbitzua egunean 24 ordukoa delako. «Enpresa da autobusen egoeraren erantzule», nabarmendu dute Gustavo Gonzalez eta Iñaki Diez gidariek. LABeko kideak dira biak, eta salatu dute enpresak egiten dituen mantentze lanak «eskasak» direla.

«Iaz enpresak ez zekien jarraituko ote zuen. Segitzen du, baina mantentze lanen egoerak ez du hobera egin». 

GUSTAVO GONZALEZ Billabesa gidaria eta LABeko kidea

Iazko udan ere autobusen egoera salatzeko elkarretaratze bat egin zuen LABek, Iruñean. Iazko udan, hain zuzen, zerbitzua esleitzeko prozesua noiz abiatu zain zegoen enpresa. «Uste genuen hori zela mantentze lanak bazter uzteko arrazoia, enpresak ez baitzekien ziur zerbitzua ematen jarraitzeko aukera izanen zuenik. Enpresak segitzen du, baina mantentze lanen egoerak ez du hobera egin», nabarmendu du Gonzalezek. Diezek erantsi du TCCk %14 merkatu duela lizitazioaren hasierako prezioa: «Mantentze lanetan eta soldatetan egin dituzte murrizketak, ez dago prezioa merkatzeko bertze biderik. Autobus berriek ez dute behar bezainbertze iraunen mantentz lanak eskasak direlako», salatu du Diezek.

«Kalitatearen alde»

TCC enpresako arduradunek ohar baten bidez erantzun diete langile batzordeko kideek billabesen egoerari buruz egin dituzten adierazpenei, deitoratuz: «Erabat gezurtatu nahi ditugu gure autobusen egoerari buruz egin dituzten salaketak. Zerbitzuaren kalitatearen aldeko gure konpromisoa berretsi baino ezin dugu egin».

Enpresak erantsi du «mantentze lan zorrotzak» egiten dituela, sor daitezkeen arazoei «aurrea hartzeko asmoz». TCCko kideek uste dute langile batzordeak hitzarmena negoziatzeko prozesuaren barruan egin duela autobusen inguruan zabaldu berri duen txostena: «Ez dugu gezurrak oinarri dituen inolako presiorik onartuko, are gutxiago sanferminen atarian», erran dute.

«Mantentze lanetan eta soldatetan egin dituzte murrizketak; ez dago prezioa merkatzeko bertze biderik». 

IÑAKI DIEZ Billabesa gidaria eta LABeko kidea

Enpresaren erantzunak ez ditu langile batzordeko kideak «batere» harritu. Eta errandakoa berretsi egin dute. Hitzarmena negoziatzen ari direla onartu dute, baina garbi utzi nahi izan dute billabesen egoerari buruz zabaldutako txostenak ez duela arlo horrekin zerikusirik. Izan ere, salatu dituzten auziak ez dira berriak, eta iazko sanferminetan ere protestak egin zituzten autobusen egoeraren berri zabaltzeko. «Iaz, hain zuzen, zerbitzuak enpresa beraren esku jarraituko ote zuen ere ez genekien», zehaztu du Iñaki Diezek. Gaineratu du sanferminetan lanuzteak egiteko aukera aztertu zutela, baina bazter uztea erabaki zutela. «Uda pasatuta helduko diogu hitzarmena negoziatzeko lanari».

Autobusak Iruñerriko Mankomunitatearenak direla oroitu dute billabesetako gidariek, eta erakunde horri dagokiola autobusak ongi zaintzen ote dituzten kontrolatzea. «Mankomunitateak, baina, ez du horrelakorik egiten». Erantsi dute egunean hainbat ordu ematen dituztela autobus barruan, eta langileek eta erabiltzaileek «sufritzen» dituztela autobusen egoeraren ondorioak.

bertze Hamar autobus elektriko erosi dituzte

Iruñerriko Mankomunitateak guztiz elektrikoak diren bertze hamar autobus erosi ditu, Europako funtsetatik jasotako bost milioi euroren diru laguntzarekin. Denera, beraz, guztiz elektrikoak diren 26 billabesa daude egun Iruñerrian. Autobus elektrikoak hamabi metro luze dira; erositako azkenak martxan dira jada. 

Iruñerriko Mankomunitateko presidente David Campionek nabarmendu du eskualdeko hiri garraioak «ongi» funtzionatzen duela. Iragarri du sanferminak pasatuta autobusik zaharrenak zerbitzutik kenduko dituztela. Billabesek 6,7 urte dituzte batez beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.