Tasio, Kerejeta eta bide bat zineman

Montxo Armendariz liburuez eta zinemaz aritu da Iruñeko Civican aretoko liburutegiko arduradun Olga Balbonarekin, gune horretan egindako jendaurreko saio batean.

(ID_13582122) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2024-02-08, Iruñea. Montxo Armendarizen hitzaldia
Montxo Armendariz, otsailaren 8an, Iruñeko Civican aretoko liburutegiko saioan. IÑIGO URIZ / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2024ko otsailaren 18a
05:00
Entzun

Interes handia piztu du saioak. Tokiak laster bete dira, eta dozena bat pertsona baino gehiago gelditu dira atearen bertzaldean, ezin sartu. Iruñeko Civican aretoko liburutegiak antolatu du solasaldia, eta han egin dute —otsailaren 8an—: liburuez eta zinemaz galdetu dio liburutegiko arduradun Olga Balbonak Montxo Armendariz zinemagileari, eta Armendarizek, bere erantzunen bidez, Olletatik mundura eraman duen bidearen berri eman du. Bide hori haize kontra egin duela nabarmendu du, eta Roberto Rosselliniren lanek erakutsitakoa izan duela beti ardatz: «Rosselliniren Roma, città aperta filmarekin ikasi nuen zinemak baduela gure egunerokoaren historia kontatzeko ahalmena».

Montxo Armendarizek (Olleta, 1949) 6 urte zituenean utzi zuen sorterria, eta Iruñeko Txantrea auzora jo. Libururik gabeko haurtzaroa izan zuen herrian; Olletako eskolako On Hilarion maisuak eta gurasoek kontatzen zizkioten ipuinak oroitzen ditu, bereziki, bai eta saltzaile ibiltari batek herrira eramandako lehendabiziko irratiak ere. «Egunerokoa gogorra zen herrian; miseria zen nagusi. Aita arotza zen, eta soroetan ere aritu zen. Lanik ez zen, ordea, eta Iruñera mugitzea erabaki zuten gurasoek».

Ikazkinen dokumentala

Iruñean, salestarren ikastetxean hasi zen Armendariz. Hiriburuan deskubritu zituen liburuak, eta Lux zineklubaren bidez, bertzeak bertze, zinema. «Liburuak eta zinema mundura irekitako leiho bat izan ziren niretzat», kontatu du zuzendariak. 14 urte zituenean, gurasoei erran zien zinema ikasi nahi zuela, baina haiek ez zuten serio hartu. Elektronika ikasi, eta irakasle aritu zen gero. Segitu zuen, halere, zinemaren munduan murgiltzen, bere kabuz, liburuak irakurtzen eta ofizioaren sekretuak deskubritzen. 1979. urtean egin zuen bere lehen film laburra: Barregarriaren dantza.

Montxo Armendariz, eskuinean, Iruñeko Civican aretoko liburutegian, hango arduradun Olga Balbonarekin izandako solasaldian, joan den astean. IÑIGO URIZ / FOKU
Montxo Armendariz, eskuinean, Iruñeko Civican aretoko liburutegian, hango arduradun Olga Balbonarekin izandako solasaldian, otsailaren 8an. IÑIGO URIZ / FOKU

 

Armendariz ez zen bakarrik egon proiektu hartan. «Kooperatiba bat sortu genuen; berrogei pertsonak bat egin genuen, eta bakoitzak 10.000 pezeta jarri. Filmarekin lortutako sariei esker egin genuen hurrengoa», azaldu du. 1980an, Ikusmena zuzendu zuen, eta 1981ean, Ikuska bildumako atal bat egin zuen, Erriberari buruzkoa. 1981ekoa da Armendarizen Nafarroako ikazkinak ere, Tasio filmak oinarri hartu zuen dokumentala.

Anastasio Otxoa ikazkinaren berri eman zuen Armendarizek 1981eko dokumentalean, eta haren historia, haren egunerokoa, hartu zuen abiapuntu Tasio bere lehen film luzearen gidoia idazteko. Irakasle ari zen oraindik ere, baina urtebeteko eszedentzia hartu zuen Madrilera joateko. «Han eta hemen aurkeztu nuen gidoia, baina ezezkoak bertzerik ez nuen jaso. Garai hartan, aktore ezagunekin filmatutako komediak egiten ziren nagusiki».

Zinema soziala

Elias Kerejeta ekoizleak eman zion, azkenean, Tasio egiteko aukera. Armendarizek oroitu du, dena den, ez zela erraza izan. «Gidoia erakustera joan nintzen, baina ez zuen hartu nahi izan; erran zidan nik egindako zerbait ikusi nahi zuela gidoia irakurri aurretik». Ikazkinen dokumentala erakutsi zion, hain zuzen. «Gustatu zitzaionez, gidoia irakurri zuen».

Kerejetaren babesak jarri zuen Armendariz zinemaren bidean. Zuzendariak gerora jakin zuen Kerejetak bulegoa eta etxea hipotekatu behar izan zituela Tasio ekoizteko gastuari aurre egiteko. «Kerejetaren aurreko filmak porrot egin zuen, eta anitzek uste zuten Tasio izanen zela Kerejeta betiko hondoratuko zuen filma. Ez zen hori gertatu, ordea», erran du Armendarizek.

Tasio egin eta gero, bertze hamaika proiektutan murgildu zen Olletako zinemagilea: 27 ordu, Las cartas de Alou, Historias del Kronen, Secreros del corazón, Silencio roto... Film horietako guztietako zuzendari eta gidoilari izan zen; Silencio roto ekoitzi egin zuen, gainera. 1999an, hain zuzen, Oria films etxea sortu zuen zinemagileak Puy Oriarekin batera.

«Rosselliniren lanekin ikasi nuen zinemak baduela gure eguneroko historia kontatzeko ahalmena». 

MONTXO ARMENDARIZZinemagilea

«Zinema soziala interesatzen zait niri». Garbi erran du hori Armendarizek, Iruñeko solasaldian. Pozik erran du, gainera, lortu duela nahi zuena kontatzea. Berretsi du nahi zituen filmak egiteko bide horretan haize kontra egin duela aurrera, baina ez duela inoiz etsia hartu: «Ez dut kexatzeko arrazoirik; haize kontra egin arren, nire lanek lortu dute nolabaiteko oihartzuna izatea. Baditut lankideak film zoragarriak egin baina batere oihartzunik lortu ez dutenak».

2002an, La guerrilla de la memoria ekoitzi zuten Armendarizek eta Oriak; zuzendari eta gidoilari lanetara itzuli zen bere hurrengo hiru lanekin: Escenario móvil, Obaba eta No tengas miedo. 2011. urtekoa da No tengas miedo, Olletako zinemagilearen azkena, oraingoz. Lanean segitzeko gogoz da, baina industrian dauden zailtasunak nabarmendu ditu. «Nireen gisako kostu ertaineko filmak desagertu dira». Armendarizek herritarren txaloak eta beroa jaso ditu Iruñeko solasaldia amaitu denean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.